Osasun arloko «murrizketak eta pribatizazioa» salatu dituzte kalean

Manifestazioak egin dituzte Bilbon, Donostian eta Gasteizen. «Osasungintza duina» aldarrikatu dute. Herri plataformek ohartarazi dute Osakidetzaren egoera salatzea ez dela «katastrofismoa»

Bilboko manifestazioa, Jesusen Bihotza plazatik abiatu denean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2023ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Osasungintza publikoaren aldeko herri plataformek deituta, lagun ugarik kalera jo dute Bilbon, Donostian eta Gasteizen, «osasungintza publiko, unibertsal, duin eta kalitatezkoaren alde» egiteko eta «murrizketak eta pribatizazioa» salatzeko. Alderdi, sindikatu, elkarte eta erakunde ugarik babestu dituzte deialdiak; plataformek aurkezturiko atxikimendu zerrendan ehun eragile inguru ageri dira.

Bilboko manifestazioa hasi aurretik, plataformen koordinakundeko bozeramaile Jose Ignacio Martinezek eta Mireia Saizek salatu egin dute «osasungintza publikoak eta lehen arretak pairatzen duten hondatzea», eta egoeraren erantzule egin dituzte «Eusko Jaurlaritzaren murrizketa, eraiste eta pribatizazio politikak».

«Arazo horiek salatzea ez da katastrofismoa egitea», esan zuen Martinezek, Iñigo Urkullu lehendakariak egindako adierazpenak gogoan. «Herritarrok geure larruan pairatzen dugun errealitatea da, eta premiazko irtenbidea eman behar zaio horri».

Martinezen ustez, itxaron zerrendak laburtzeko bidea ez da pazienteak osasungintza pribatura bideratzea: «Osasuna ez da salerosketarako gaia, eskubide unibertsala baizik. Irtenbidea ez da pribatizazioan aurrera egitea, ezpada osasungintza publikoa indartzea eta baliabide publikoak hobeto baliatzea».

Saizek bat egin du mugimendu feministaren aldarrikapenarekin; haren ustez, «zaintza sistema publiko, integral eta unibertsala» sustatu behar da, osasungintzaren arloa ere aintzat hartuta: «Osakidetzak publikoa izan behar du %100ean, justizia soziala bermatzeko ardatza baita».

Manifestazioa Jesusen Bihotza plazatik abiatu zen. Buruan, plataformen koordinakundeak sinatutako pankarta bat zihoan, Indartu dezagun Osakidetza. Diru publikoa osasunpribatura desbideratzeari ez! leloekin, eta, atzetik, Bizkaiko herrietako plataformak, zein bere pankartarekin.

Adibidez, Barakaldoko plataformako kideek Osasungintza publikoa arriskuan ohartarazten zuen pankarta bat zeramaten. Defenda dezagun osasungintza publikoa, murrizketarik ez aldarrikatzen zuen Larrabetzuko plataformakoen pankartak. Durangoko eta Sestaoko plataformek, berriz, «osasungintza publikoa» defendatzeko deia egin zuten.

Feministak eta langileak

Mugimendu feministako kideek ere pankarta eraman zuten, Zaintza eskubide kolektiboaren alde leloarekin, eta azaroaren 30eko greba feminista orokorrerako deia egin zuten. Manifestazioaren bukaeran osasun arloko langileak zihoazen: alde batetik, Osakidetzako Langileen Sareko kideak, Osakidetzaren «iruzur hitzak» salatzen zituen pankarta batekin, eta, beste aldetik, Lehen Arreta Arnasberritzen mugimenduko profesionalak.

Manifestazioa Kale Nagusiaren eta Areiltza Doktorearen zumarkalearen arteko bidegurutzera iritsi zenean, Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduko kideak batu ziren, haien mugimenduko zapi gorria lepoan eta Osakidetza «larrialdian» dagoela salatzen zuen pankarta bat eskuan.

Manifestazioak Plaza Eliptikora egin zuen, eta handik, Arriagara, Kale Nagusia zeharkatuz. Ibilbide osoan ez ziren eten oihuak: «Pribatizaziorik ez», «osasungintza publikoa», «publikoa defenda dezagun», «pribatura bideratzea lapurreta da» eta abar.

Arriagan irakurritako agirian, «murrizketa eta pribatizazio politiken harira» Osakidetzan sortutako egoera salatu zuten plataformek: «Aurten, Osakidetzak hautsi egin ditu herritarren kexa eta erreklamazioen marka guztiak».

Osakidetzan atzeman dituzten arazo eta gabezien zerrenda luzea egin zuten: itxaron zerrenda «amaiezinak» espezialista baten arta lortzeko edo ebakuntzetarako, zailtasunak aurrez aurreko arreta lortzeko, medikuek pazientea artatzeko denbora nahikorik ez izatea, erietxeetako larrialdietako «kolapsoa», medikurik gabeko osasun zentroak ugaritzea, herritarren hizkuntza eskubideak urratzea, eta abar.

Itxaron zerrenden arazoa konpontzeko pazienteak zentro pribatuetara desbideratzea «gaurko ogia eta biharko gosea» da, plataformen esanetan. Haien ustez, politika horiek osasungintza publikoa ahultzen dute, osasungintza pribatuaren hedapena erraztu, diru publikoa klinika eta ospitale pribatuetara desbideratu, eta osasuna «merkantzia huts» bilakatu.

«Herritarren partaidetzatik sortuko den osasun berria» aldarrikatu dute, Lehen Arretari behar bezalako garrantzia emango diona, «osasun komunitarioan oinarritua, gizarte eta genero ikuspegia izango duena, eta gaixotasunaren prebentzioa eta osasunaren sustapena indartuko dituena». Jaurlaritzari eta hura osatzen duten alderdiei dei egin diete «murrizketa, desegite eta pribatizazio politikak» bertan behera utz ditzaten.

Gasteizen, manifestazioa Bilboko plazatik abiatu zen, eta Andre Maria Zuriaren plazan bukatu. Albiste agentzien arabera, 2.000 lagun inguruk hartu zuten parte mobilizazioan. Donostian, berriz, Bulebarretik atera zen manifestazioa. Han ere, Bidasoa SOS, Zumarragako 24/7, Tolosaldeko Plataforma eta beste zenbait herri eta eskualdetako plataformek bat egin zuten mobilizazioarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.