Osasun itunaren zortzi ildo estrategiko aurkeztu dizkiote osasun mahaiari

Datorren astean bilduko da atzera mahaia, eta lan ildoak onetsiko dituela ziurtzat jo du Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak. Besteak beste, zerbitzuburuen esklusibotasuna meritu gisa baloratzea proposatu dute.

Osasun itunaren inguruko bilera, gaur, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Osasun itunaren inguruko bilera, gaur, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
edurne begiristain
Gasteiz
2025eko maiatzaren 7a
17:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Osasun ituna erdiesteko lanak azken txanpan dira, eta gero eta gertuago dago prozesuaren amaiera. Irailaren 5ean egin zuten lehen bilera Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta askotariko eragileek, eta batzar ugari egin dituzte geroztik, eta beste hainbeste dokumentu trukatu. Otsailaren 26an bildu ziren azkenekoz osasun mahaia osatzen duten eragileak; hala, azken faseari ekin zioten, hau da, etorkizuneko estrategiak adosteari, eta orduan hitzartutako 24 ildo estrategikoetan lanean aritu dira azken bi hilabeteetan, bakoitzarentzat lantalde bat sortuta. 

Osasun mahaiak gaur egin du zazpigarren batzarra, Gasteizko Europa jauregian, eta 24 lantalde horietako zortziren ondorioen berri eman dituzte: gaixotasun neurodegeneratiboak, pertsonak oinarri dituzten politikak, prestakuntza eta irakaskuntza, parte hartzea eta komunikazioa, osasun arloko balioak eta emaitzak, gaixotasun arraroak, gaixo kronikoak eta asistentzia eredu berritzaileak.

Zortzi lantaldeen ondorioak berrehun bat osasun adituk eta osasun mahaiko kideek izendatutako pazienteek adostu dituzte, eta orain osasun mahaiak aztertu eta berretsi beharko ditu. Datorren astean bilduko da atzera osasun mahaia, eta han onartu beharko dituzte. Egun berean aurkeztuko dituzte beste zortzi lan ildoren ondorioak.

Gaurko bilera hasi aurretik, komunikabideen aurrean mintzatu da Alberto Martinez Osasun sailburua, eta, ondorioak eragileek adostutakoak direnez, ziurtzat jo du gaurko bileran aurkeztuko diren dokumentuak «aho batez» onetsiko direla. Pozik agertu da osasun itunaren inguruko lanak «abiadura handian» doazelako, eta ziurtzat jo du itunaren xedea beteko dela: «Osasun sistema aldatzea lortuko dugu».

Martinezek espero du ituna prest egotea ekainaren hondarrerako. Nolanahi ere, zehaztu du akordio hori ez dela erabat itxia izango, baizik eta modua izango dela eztabaidatzeko eta ekarpenak egiteko, helburutzat hartuta osasun sistema «gizartearen aldaketetara» egokitzea.

Gaurko bileran parte hartu duten lantaldeetako dinamizatzaileek komunikabideen aurrean azaldu dituzte adostutako dokumentuen xehetasunak, baina gaixotasun neurodegeneratiboen lantaldeko arduradunak telematikoki hartu du parte, eta komunikabideek ez dute horren berri jaso.

1

Pertsonak oinarri dituzten politikak

Josune Retegi Osakidetzako Giza Baliabideetako arduraduna izan da lantaldearen dinamizatzailea, eta, hark azaldu duenez, parte hartze eta adostasun «handiarekin» hitzartu dute dokumentua. Sei helbururen inguruan erdietsi dute akordioa: lidergoa, talentua erakartzea, parte hartzeko ereduak, egitura eta lantaldearen planifikazioa eta kudeaketa, eta Osakidetzako eraldaketa digitala.

Osakidetzara talentua erakartzeari dagokionez, proposatu dute plan bat ontzea belaunaldi berrien erreleboa bermatzeko, espezialitate berrien beharrei erantzuna emateko. Halaber, adostu dute neurriak abian jartzea profesionalen lan baldintzak hobetzeko eta ongizatea eta kontziliazioa bermatzeko, besteak beste. Osakidetzako langile kopurua erronka demografikora eta behar berrietara egokitzeko pausoak ematea ere proposatu dute.

Esklusibotasunaren gaia ere aztertu dute lantaldean, eta proposatu dute meritu gisa baloratuko dela zerbitzuburuen esklusibotasuna. Retegiren esanetan, gaur egun Osakidetzan mediku gutxik egiten dute lan klinika pribatuetan, eta, beraz, esklusibotasuna ez da arazo handia; hala ere, gaiari heldu diote lantaldean, eta, komunikabideei adierazi dietenez, proposatu dute meritu gisa baloratzea zerbitzuburuek Osakidetzan soilik behar egitea. Nolanahi ere, Osasun sailburuari gaiaz galdetu diotenean, argitu du dokumentuak ez duela esklusibotasuna aipatzen, «dedikazio berezia» baizik.

Bestalde, osasun mahaiari proposatu diote «lidergo eraldatzailea» martxan jartzea, Osakidetzako langile guztiek lotura estuagoa izan dezaten erakundearekin.

2

Formakuntza eta irakaskuntza

Formakuntzaren eta irakaskuntzaren gaia landu duen lantaldeak zera adostu eta eraman du osasun mahaira: plan integral bat sortzea Osakidetzako profesional guztientzako formakuntza eta irakaskuntza bermatzeko. Saioa Ortiz Osakidetzako Prestakuntza eta Irakaskuntzako zuzendariordeak kudeatu du lantaldea, eta, hark azaldu duenez, asmoa da profesionalei pizgarriak ematea trebatu daitezen eta euren ezagutzaren transmisioa bermatu dadin.

3

Parte hartzea eta komunikazioa

Pazienteak eta herritarrak «ekosistemaren erdigunean» jartzeko asmoz, neurri sorta bat proposatu du parte hartzea landu duen lantaldeak. Ines Gallego Enkarterriko ESIko Kalitate eta Berrikuntza arloko zuzendariorde eta lantaldeko dinamizatzaileak jakinarazi duenez, hurrengo helburuak ezarri dituzte: parte hartzeko plan zuzentzaile bat sortzea, pazienteen elkarteen bidez parte hartzea indartzea eta artikulatzea, gardentasuna eta komunikazioa indartzea, Osasunaren Euskal Behatokia indartzea, eta herritarren eskura dauden osasunarekin lotutako baliabideei eta tresnei buruzko marketin eta komunikazio plan bat egitea.

Azaldu duenez, «giltzarritzat» jo dute «kultura aldaketa» baterantz aurrera egitea, osasun arloko profesionalen prestakuntza bermatzeko «garapen profesional osoan». Horrekin batera, pazienteari eman beharreko arretan «ekitatea» eta «aniztasuna» bermatzeko lan egitea adostu dute, kolektibo zaurgarriekin egon ohi den «arrakala» hausteko. Helburu horri lotuta, pazientearen arreta zerbitzua indartzea eta informazioa eta parte hartzea telematikoki eta aurrez aurre eskuragarri izatea proposatu diote mahaiari.

4

Osasun arloko balioak eta emaitzak

Osakidetzan «paradigma aldaketa bat» ezartzea proposatu dute Osasun arloko balioak eta emaitzak izeneko lantaldean. Gontzal Tamayo Osasun Saileko Eraldaketa, Plangintza eta Digitalizazio zuzendariak gidatu du taldea, eta, adierazi duenez, beharrezkotzat jo dute Osakidetzan «paradigma aldaketa bat» ezartzea. Horretarako, antolaketa ereduetan, asistentzia ibilbideak antolatzeko irizpideetan eta Osakidetzaren finantzaketan aldaketak egitea planteatu dute, eta baliabideen lehentasunak aldatzea. Helburua zera da, haren hitzetan: «eraginkortasuna hobetzea eta pazienteen emaitza hobeak lortzea».

5

Gaixotasun arraroak

Gaixotasun arraroei «begirada zabal» batetik behatzeko neurri sorta proposatu dio osasun mahaiari gai hori landu duen taldeak. Pazienteen artan, diagnostiko berantiarrean, terapia berrietan, ikerkuntzan eta berrikuntzan arreta jartzea nahi dute, eta, besteak beste, gaixotasun arraroen plan espezifiko bat martxan jartzea eta proba genetikoen katalogoa «etengabe eguneratzea» proposatu dute.

Itziar Astigarraga pediatrak azaldu du helburu horiek lortzeko garrantzitsua dela Osakidetzak sarean lan egitea, eta gaixotasun arraroak dituzten pazienteentzako baliabide mapa osatzea.

6

Gaixo kronikoak

Gaixotasun kronikoren bat dutenen arreta hobetzeko proposamenak landu dituen lantaldeak planteatu du paziente horientzako «ibilbide asistentzialak» ezartzea, eguneko 24 orduetan eta asteko zazpi egunetan, batez ere «premiazko egoeretan». Helburua litzateke pazientea ospitalera ez bidaltzea betiere haren egoera klinikoak uzten duen neurrian, Silvia Alfambra Bilbo-Basurtuko ESIko Praktika Aurreratuko erizainak azaldu duenez.

«Gaixoarengan zentratu nahi dugu. Orain arte begirada biologikoa izan dena soziala eta psikologikoa ere izatea da asmoa», zehaztu du Xabier Zubeldia Donostialdeko ESIko mediku zuzendariordeak. «Gaixoak berak ezagutu behar du bere gaixotasuna, jakin behar du nora deitu, nora jo eta nori eskatu laguntza ospitaleratu beharrik ez izateko». Horretarako, profesionalen prestakuntza eta komunikazioa hobetu nahi dituzte, eta teknologia berrietan indarrak jarri.

7

Asistentzia eredu berritzaileak

Pazientea erdigunean jarri eta bere ahotsa aintzat hartuko duen asistentzia eredu baten aldeko neurriak proposatu ditu gai hori aztertu duen lantaldeak. Pazientearen ongizatea helburu izanik, arretaren «epeak eta fluxuak» azkartzeko proposamenak bildu dituen dokumentua ondu dutela azaldu du Alejandra Gil Basurtuko ESIko medikuen buruak. «Eredu ospitalarioen alternatibak bultzatu behar dira, ahal den neurrian pazientearen arta etxean izan dadin», laburtu du.

ela: «osakidetzaren egiturazko arazoak konpondu gabe daude»

ELA eta ESK sindikatuak kritiko azaldu dira osasun mahaiarekin. ELAk ohar bidez salatu du «Osakidetzaren egiturazko arazoak oraindik konpondu gabe» daudela, eta, esan duenez, mahaia osatu zenetik zortzi hilabete igaro diren honetan, ez da neurri bakar bat ere hartu osasun sistema publikoak dituen arazo larriak konpontzeko. Besteak beste, salatu du langileen behin-behinekotasuna %50etik gorakoa dela oraindik ere, eta osasun pribatuari egindako ordainketak %11,5 igo zirela iaz.

ESK-k ere ohar batean zalantzak agertu ditu osasun mahaiaren funtzioen inguruan. Sindikatuaren ustez, foro hori ez da «esparru demokratikoa», euskal osasungintza publikoaren etorkizuna diseinatu nahi duen «lobbyen gunea» baizik, eta hortik ez da aterako Osakidetza indartzeko eta pribatizazioari aurre egiteko neurririk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.