Joan zen ostiralean amaitu zuen Eusko Jaurlaritzak osasun itunaren hirugarren fasea. Hamar hilabete iraun duen prozesuak eragindako oihartzunak, baina, ez dira itzali. OPA Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformak gaur jakinarazi du osasun itunari buruzko iritzia, eta, prozesu osoan egin duen bezala, oso kritiko azaldu da: haien ustez, osasun ituna «porrota izan da», eta hamar hilabete alferrik galdu dira.
Plataformak bere iritziari buruzko xehetasunak eman ditu: «Osasun publikoaren egiturazko arazoak oraindik konpondu gabe daude, pribatizazio-ikuspegia eta lankidetza publiko-pribatuaren politikei eusten zaie eta uko egin zaio pribatizatutako zerbitzuak berreskuratzeari». Hori ez ezik, haien ustez, osasun publikoan egiten den inbertsioa ere eskasa da, eta lehen mailako arreta gero eta ahulagoa. Esaldi batean laburbildu dute prozesua: «Propaganda asko eta benetako arazoei irtenbide gutxi».
Iazko irailean osatu zuen Eusko Jaurlaritzak osasun itunerako mahaia. Osasun sistema publikoa hobetzea helburu, osasungintzarekin lotura duten zenbait eragileri gonbita egin zien mahaian parte hartzera. OPA plataformak, ostera, ez zuen gonbidapenik jaso, eta, beraz, ezin izan du ekarpenik egin.
Haiekin batera, plataformaren aburuz, zeresan handia duten herritarren plataformak eta erakunde batzuk ere baztertu dituzte prozesutik hasiera-hasieratik. Besteak beste, salatu dute ez dutela parte hartzeko aukerarik izan pentsiodunen mugimenduak, talde feministek eta ekologistek, egoitzetako senideen elkarteek eta osasunaren arloan eskumenak dituzten erakundeek —foru aldundiek eta udalek—. Mahaian egoteko aukera izan dute, ostera, «interes pribatuak dituzten ordezkariek —Confebask-ek eta unibertsitate pribatuek—, osasuna negozio gisa ulertzen dutenek».
Herri plataforma horren iritziz, ez du zentzurik Alberto Martinez Osasun sailburuak esatea akordio historikoa eta adostasun zabala izan direla, kontuan hartuta eragile asko kanpoan utzi dituztela eta «Eusko Jaurlaritzatik kanpoko alderdi politiko gehienek eta osasun arloko sindikatu gehienek ituna baztertu» dutela.
«Ez-akordio bat da», EH Bilduren esanetan
EH Bildu da ituna babestu ez duten eragile horietako bat. Prozesu osoan eta 24 lantaldeetan parte hartu du Eusko Legebiltzarreko oposizioko talde nagusiak, baina oso kritiko azaldu da bai prozesuarekin, bai Eusko Jaurlaritzak erabilitako metodologiarekin. Horregatik, ildo estrategiko batzuk onartu arren, ez du osasun itunarekin bat egin.
Jaurlaritzak ez du begi onez ikusi EH Bilduren jarrera, eta horregatik gogor kritikatu du koalizioa. Maria Ubarretxena gobernuaren bozeramaileak gaur adierazi duenez, «beti bezala, EH Bilduk bere irizpidea inposatu ezin duenean, ez du akordioekin bat egiten». Haren iritziz, EH Bilduren jarrera «gutxiengo baten jarrera» da. Ubarretxenak berretsi egin ditu Alberto Martinezek ostiralean egindako adierazpenak. Osasun sailburuak esan zuen adostasun historikoa lortu dutela, itunak jaso duela «osasungintzan zeresana duten kolektibo gehienen babesa» eta, horregatik, Eusko Jaurlaritza oso gustura dagoela emaitzarekin.
EH Bilduren ustetan, Eusko Jaurlaritza bere buruari tranpa egiten ari da. «Ezin da akordio hitza erabili Osakidetzako langileen gehiengoa ordezkatzen duten sindikatuek ez badute ituna babestu», ohartarazi du. «Ez-akordio bat da».
EH Bilduk ituna ez babestea erabaki zuen, baina aldeko botoa eman zion ildo estrategiko batzuei —zortziri, zehazki—. Laugarren fasean parte hartzeko konpromisoa hartu zuen; itunean adostutako konpromisoak betetzen dituzten gainbegiratuko dute. Osasun mahaia erabat uztea erabaki zuten, ordea, Sumar koalizioak, eta LAB, CCOO, UGT, SATSE eta SME sindikatuek. ELA eta ESK sindikatuek ez dute prozesuan parte hartu.
Ondorioz, EH Bildurekin batera, laugarren fasean geratu dira EAJ, PSE-EE eta PP alderdiak. Halaber, Confebask-ek, elkargo profesionalek eta unibertsitateek ere parte hartuko dute.
Udako murrizketei adi
Itunak itun, OPA plataformak uste du lehen arretak lehengo lepotik duela burua. Hori dela eta, «udan sortzen diren arazoei adi» egongo direla eta presio sozialari eta mobilizazioei eutsiko dietela agindu dute. Ohartarazi dute lehen mailako arretan, esate baterako, udan izan ohi diren murrizketak aurten ere egongo direla . Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformak datu batzuk eman ditu egoeraren larria erakusteko: «Osasun zentroen %37k murriztuko dute arreta ordutegia, eta 37 zentrok aldi baterako itxiko dituzte». Horrek ekarriko du, plataformaren iritziz, mediku gabe geratzea, pazienteak beste herrietara bidaltzea eta larrialdi zerbitzuek gainezka egitea. Gainera, 700 ospitale ohe ere itxiko dituztela jakinarazi dute. Horrekin batera, plataformak kritikatu duenez, Osasun Sailak itxaron zerrendei buruz ematen dituen datuen hobekuntzek badute alde iluna. «Pazienteak sektore pribatura bideratzen dituzte, eta horrek itxarote denbora murrizten dutela diote harro. Horrek, baina, aurrekontua urtero handitzea ekartzen du (%11,5 gehiago 2025ean), eta aparteko orduak ere gora doaz».