Itxaropentsu ekingo dio EH Bilduk osasun itunaren azken txanpari. Bihartik aurrera, atzera talde handian bilduko da foroa, azken hilabeteetan hainbat eremutan espezializatutako azpitaldeetan jardun ostean. Osasun sistema hobetzeko neurriak diseinatzen aritu dira, eta elkarri azalduko dizkiete egindako aurrerapausoak.
Rebeka Ubera koalizioko bozeramaileak gaur Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian aitortu duenez, emankorra izan da orain arte egindako lana. «Azken fase hau oso aberatsa gertatzen ari da. Osasun sistema publikoko eragile asko ari dira ekarpenak egiten». Ez du xehetasun handirik eman nahi izan, eztabaida erabat bukatu gabe dagoela argudiatuta, baina pare bat adibide jarri ditu: lehen arretako zentroei emango zaie lehentasuna, eta heriotza duinaren behatokia sortzeko helburua ezarriko da. EH Bilduk lehendik ere egina zuen eskaera hori, baina Eusko Legebiltzarrak atzera bota zuen proposamena. «Duela gutxi pentsaezinak ziren elementu asko jaso dira, Eusko Legebiltzarrean bertan ezezkoa jaso dutenak. Eta horrek tarte bat irekitzen du aldaketarako».
Zuhurtzia ere eskatu du: «Osasun ituna, zerbait izango bada, abiapuntu bat izango da. Hori gauzatzea izango da gakoa». Gobernuari hitz egin dio: «Dokumentuetan jaso daitekeen literatura gorabehera, Osakidetzaren konponbidea Eusko Jaurlaritzak garatu beharreko neurriak ezarrita etorriko da; baina gobernuak bere lana egiten ez badu, bere ardurak hartzen ez baditu, alferrikakoa izango da». Uberak zehaztu du ardura ez dagokiela mahaian dauden alderdiei, sindikatuei edo eragileen ordezkariei. «Osasun Sailarena baino ez da erantzukizuna, baina kanporatzen saiatu dira prozesu honen hasiera-hasieratik», gaineratu du.
Halaber, uste du ez dela nahikoa Osakidetzaren «gaitz guztiak» sendatzeko : «Foro honetan hasitako lanak ez du bere horretan ekarriko Osakidetzaren egoera konpontzea. Herritarrei argi esan behar zaie, frustraziorik ez izateko gero. Osasun ituna deritzona ez da errezeta magikoa izango Osakidetzak dituen arazo guztiak konpontzeko». Atsekabez ikusi du eztabaida nahi baino azalekoagoa izan dela, eta partaide batzuen jokabide korporatibista salatu du.
EH Bilduk, hiru eskakizun
EH Bilduren jarduna ere aztertu du Uberak, eta azaldu hiru helbururekin aritu direla lanean: pertsona, Osakidetzako pazientea, erabakiguneetan kokatzea; osasun sistema publikoaren egoera iraultzeko palanka izan daitezkeen elementuak txertatzea; eta Osakidetzaren pribatizazioari ateak ixtea, osasun sistema publikoa indartuz. «Ez gara baikorrak», azpimarratu du hirugarren puntuaz. «Osasun Sailak ez dio heldu nahi Osakidetzan ditugun korapilo handienetako bati, publikoaren eta pribatuaren arteko harremanari. Lantalde guztietan agertzen da, baina talde batetik bestera dabil, eta publiko-pribatuari dagokion taldeak zailtasun handiak ditu pribatizazioei ateak itxiko lizkiekeen gutxieneko komunak hitzartzeko».
Prozesuaren funtsa osasun sistema hobetzea da. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen kanpainan, alderdi politiko guztiek beren mezuen ardatz izan zuten. Eta Imanol Pradalesek, Eusko Jaurlaritzako lehendakari bihurtu bezain laster, legegintzaldiaren zutabe bihurtu zuen. Sindikatu nagusiek, adituek, elkargo profesionalek eta herri plataformek ere urteak daramatzate hori aldarrikatzen.
Pradalesek, kargua hartu berritan gizarte eta politika arloko eragileekin egindako bilera sortaren ostean, esan zuen osasun itun «handi» bat adosteko «zumeak» badaudela. «Euskadik merezi du. Egin dezagun». Hala, irailaren 5ean egin zuten lehen batzarra, eta hiru kapitulutan banatu dute prozesua: aurrenekoan, diagostiko bateratu bat marraztu zuten; bigarrengoan, sistemaren ardatz izan beharko liratekeen printzipioei buruz eztabaidatu zuten; eta hirugarrengoan, orain bukatzen ari den atapa honetan, mamira jo dute. Etorkizuneko lerro estrategiko nagusiak eta ekintza zehatzak eztabaidatu eta adostu dituzte. Ituna sinatu ostean ere akordioaren jarraipena eta ebaluazioa egingo dute, legealdia bukatu arte.
Martxorako osasun ituna prest izatea zen Alberto Martinez Osasun sailburuaren helburua, baina ekainera arte behintzat iraungo du ondorioen trukeak. Ituna, hortaz, are geroago sinatuko da, hala badagokio. Atzerapenak ez du askorik kezkatzen EH Bildu. Uberak adierazi duenez, Martinezek ezarritako egutegia ez zela errealista jakina zen hasieratik, eta eztabaidarako denbora behar dela azpimarratu du. Aukeratutako metodologiak eta gaiaren «konplexutasunak» epeak are gehiago luzatzea eragin duela gaineratu du.
Alderdiak, sindikatuak, elkargo profesionalak, osasun alorreko eragileak eta Jaurlaritza bildu dira. Hutsune batzuk ere egon dira, ELAk erabaki zuelako ez parte hartzea, eta OPA herri plataforma eta ESK sindikatua, berriz, ez zituztelako gonbidatu. «Honaino heldu baldin bagara, eragile askok egindako lanagatik heldu gara. Pena batzuei ez zaiela utzi parte hartzen eta beste batzuk ez dutela nahi izan. Dena dela, guztion artean lortu dugu gobernua honaino ekartzea. Duela urte eta erdi pentsaezina zen. Orain, haiei dagokie», aipatu du EH Bilduko bozeamaileak.
Erlazionatuta