OSAKIDETZA

Osasun publikoa desegin, zatitu eta pribatizatzen ari direla salatu dute Araba ESIko langileek

Osasun publikoa «larri» dagoela ohartarazi dute Araba ESIko langileek. Zerbitzu publikoa pribatizatzen ari direla salatu dute eragile sindikalekin batera, eta biharko manifestaldietan parte hartzera deitu dute.

Agerraldia egin dute langile eta sindikatuek gaur goizean Txagorritxuko atean, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO/FOKU
Maixa Utrera Puelles.
2023ko azaroaren 10a
13:59
Entzun

Arabako ESI erakunde sanitario integratuko zuzendaritza berriak «kudeaketa absolutistaren erakustaldia» egin duela uste dute Arabako Langile Espezializatuen Batzordeak, Santiago ospitaleko enpresa batzordeak eta lehen mailako arretako langileen batzordeak. Zerbitzuen pribatizazioa gero eta «handiagoa» dela nabarmendu dute, «osasun publikoa desegin, zatitu eta eskaintzaile onenari saltzeko helburu bakarrarekin».

Txagorritxuko ospitalearen aurrean egindako agerraldi batean, Araba ESIko langileek azaldu dute ordutegiak «jasanezinak» direla eta inposatu egin dizkietela. Horrek guztiak, langileen esanetan, «zuzeneko eragin negatiboa» du lanaren kalitatean.

2023an inoiz baino kexa eta erreklamazio gehiago jaso ditu Osakidetzak: aurtengo urtarriletik irailera 36.060 jaso ditu, iaz baino %10,3 gehiago. Erreklamazio eta kexa horien atzean dauden arrazoiak zerrendatu dituzte eragile sindikalek: «Plantilla murrizketak, zuzendaritzari komeni zaizkion zerbitzuak baztertzea, langileak ez egonkortzea, itxaron zerrenda amaigabeak eta onartezinak, zuzendaritzaren aldeko akordioen interpretazioak, eta abar».

Arazo horietarako zuzendaritzak proposatu dituen irtenbide guztiak aurrekontuetan dirua aurrezteko direla salatu dute. Halaber, sindikatuek adierazi dute gizarteari eskainitako zerbitzuak murriztu egin direla irtenbideon ondorioz, eta biztanleriaren beharrak «foku ekonomiko soil» bihurtu dituztela.

Sindikatuen eta Araba ESIko langileen ustez, «etenik gabeko eraso eta murrizketak» jasaten ari da Arabako osasun publikoa. «Horren adibide dira lehen mailako arretaren apurketa, hilzorian dagoen landa eremuko arretaren bazterketa, eta itxaron zerrendei aurre egiteko zentro pribatuetarako bideratzea».

Negoziatzeko prest, baina ez edonola

«Larri» egon arren, negoziazio kolektiboaren aldeko jarrera agertu dute langile eta sindikatuek. Haien iritziz, Osakidetzako langileen lan baldintzak hobetuz bakarrik lortuko da kalitatezko arreta: «Langileen ordezkaritza organook berriro ere eskatzen diogu zuzendaritzari entzun diezaiela alderdi sozialei, langileei eta pazienteei».

Negoziatzeko prest daude, bai, baina ez edonola. «Negoziazio paraleloak sustatzeari uzteko exijitzen dugu. Baita erakundearen euskarri diren langileen artean prekaritaterik ez egoteko exijitu ere».

Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformek manifestazioak antolatu dituzte biharko Bilbon, Donostian eta Gasteizen: Bilbon 12:0etan abiatuko da, Jesusen Bihotzetik; Donostian 17:00etan, Bulebarretik; eta Gasteizen 12:00etan, Bilbo plazatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.