Osasun sistema ere euskalduntzeko eskatuko dute abenduaren 1ean

Bilbon pediatra euskaldunak izateko zailtasunak erakutsi ditu Kontseiluak, eta manifestaziora deitu du

Osasun arloko profesionalek eta Kontseiluak atzo Bilbon egin zuten agerraldia. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2012ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Osasun alorrean euskaraz bizi nahi duten hainbat erabiltzaile eta profesionalek bat egin dute Kontseiluak abenduaren 1erako Euskaraz bizi nahi dugu lelopean antolatu duen manifestazioarekin. Agerraldia egin zuten atzo, Bilbon, Paul Bilbao Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko idazkari nagusiarekin batera. Hizkuntza eskubideen eremuan, osasun arloa da «beltzuneetako bat» , Bilbaoren esanetan, ez baita bermatzen euskarazko arreta. Osasun sistema euskalduntzea ezinbestekoa dela uste du; horregatik, euskaraz bizi ahal izateko behar diren neurriak hartzeko eskatu diote Administrazioari.

Bilboko Errekalde auzoko Iñigo Larrondo bizilagunak alabarentzat pediatra euskaldunik ez dagoela azaldu du agerraldian, bideo baten bidez. Pediatraren eta gaixoaren arteko «hartu-eman intimoa» euskaraz egin ezin izatea oso larria iruditzen zaio Kontseiluko idazkari nagusiari. Jakinarazi duenez, Larrondorena ez da kasu bakarra; eguneroko beste hainbat jardueretan, maiz, euskalduna, euskaraz bizitzeko hautua egin duen pertsona, «bigarren mailako herritar gisa» tratatzen dutela ohartarazi du, eta «eguneroko jardun hori oso-osorik euskaraz egitea ezinezkoa» egiten zaiola. «Nahi baino gehiagotan gutxiagotuak izaten gara, eta, akaso, larriena zera izan daiteke: atzerritar sentiarazten gaituztela gure herrian».

Aldaketarako abagunea

Eusko Jaurlaritza berriak hizkuntza politikei dagozkien «etxeko lanak» dituela gogorarazi du Bilbaok, eta Eusko Jaurlaritza eratu bezain laster Kontseiluak bilerak egiteko asmoa duela,etorkizunean gaiari buruzko zer neurri hartuko dituzten azal diezaioten.

Aldaketaren beharra nabarmendu du Kontseiluak. Bilbaok adierazi du badela garaia Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan osasun arloa euskalduntzeko prozesuan «erabaki ausartak eta neurri eragingarriak» hartzeko. Instituzio eta administrazioei eskaera egin die: «Abenduaren 1eko aldarriari kasu egingo diotela espero dugu, eta euskaraz bizi gura duten herritarren nahi horiek betetzeko beharrezkoak diren neurri politiko, juridiko zein ekonomikoak hartuko dituztela».

Osasun alorrari buruz aritu dira Bilboko agerraldian, baina beste hainbat eremutan ere antzeko egoerak daudela ohartarazi du Kontseiluko idazkari nagusiak. Abenduaren 1eko deialdiaren harira, astero alor bat landuko du Kontseiluak, alor horretan euskarak duen egoera azaltzeko. Lan mundua, hezkuntza eta arnasguneak izango dira jorratuko dituzten esparruak.

Bilbaok espero du abenduaren 1erako Donostian antolatu duten manifestazioak «inflexio puntu bat» markatzea. Jendetza joanez gero, «hizkuntza komunitateak indarra duela erakutsiko dugu». Erronka handia dela adierazi du, eta herritarrei egunerokoan ere euskaraz bizitzeko konpromisoa hartzeko eskatu die Bilbaok. «Asko gara euskaraz bizi nahi dugun herritarrak; gero eta gehiago gara nahi horri determinazioz ekiten diogunak». Dena dela, erabaki guztiak ez daude herritarren esku; Bilbaoren arabera, badira beste hainbat eragile hautu hori errealitate bihurtzeko erantzukizuna dutenak.

Mobilizazioa Donostiako Anoeta estadiotik abiatuko da, 17:00etan, Euskaraz bizi nahi dugu lelopean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.