Garbiñe Elizegi: «Osasun sistema ez da neutroa, hegemoniara erabat lerratua dago; erdara eta erdal kultura dira nagusi»

Paziente emakume eta genero disidente euskaldunek Osasunbidean pairatzen dituzten bazterketak aztertu ditu Garbiñe Elizegi erizainak, argitara atera berri duen tesian. Formakuntza eskatu du osasun langileentzat.

Garbiñe Elizegi. IÑIGO URIZ / FOKU
Garbiñe Elizegi. IÑIGO URIZ / FOKU
Uxue Rey Gorraiz - Ane Eslava
IRUÑEA
2026ko otsailaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ospitaleko korridoreetan, medikuen kontsultetan, denetarik izaten da, baita bazterkeriarekin eta gutxiespenarekin ikustekoa duten jokabide asko ere. Eta pazientea edo nolanahiko erabiltzailea nor den, ez da berdin izaten. Nafarroako emakume eta genero disidente euskaldunen aurkako bazterketak «egiturazko botere harremanen» ondorio direla adierazi du Garbiñe Elizegi erizainak (Pomona, AEB, 1975), argitaratu berri duen tesian.

Hogei urte inguru daramatzazu erizain. Urtetik urtera pilaturiko kezka eta susmoek piztu zuten ikerketa hau abiarazteko txinparta?

Ikerketa hau bide luze baten emaitza izan da. Erizain lanetan aritu naiz bai Euskal Herrian bai kanpoan, eta esperientzia ugari izan ditut. Batetik, euskaldunekin lan eginda —eta ni neu ere euskaldun naizen heinean—, hainbat zapalkuntza bizi edo ikusi izan ditut; eta bestetik, Kalifornian [AEBak] eta beste toki batzuetan, gutxiengo etnikoekin eta migratzaileekin lan egin izan dut askotan, eta hor ikusi ahal izan dut hobetzeko gauza anitz daudela osasungintzan. Hego Dakotako erreserba indigena batean lanean nintzela, adibidez, ohartu nintzen haiek zituzten arazo batzuk bagenituela Euskal Herrian ere.

«Segurtasun kulturalik ez dagoenean, berriz pizten dira trauma eta bazterketa historikoak»

«Segurtasun kulturala» kontzeptua azaltzen da tesian. Zer lotura du horrek osasungintzarekin?

Segurtasun kulturalaren kontzeptua Aotearoan sortu zen lehen aldiz —hala esaten diote maoriek beren lurrari— . Erizain maoriek planteatutako kontzeptu bat da. Azpimarratzen duena da osasun arretan kontuan hartu behar direla tokian tokiko faktore sozialak, ekonomikoak eta politikoak, eta baita botere harremanak ere. Zera nabarmentzen dute: segurtasun kulturalik ez dagoenean, berriz piztu eta errepikatu egiten direla trauma eta diskriminazio historikoak. Finean, defendatzen du konfiantzazko eta errespetuzko harreman bat izatea pazienteen eta osasun langileen artean.

37 elkarrizketa eta lau mahai inguru antolatu zenituen tesia ontzeko.

Partaideen soslaia ahalik eta pluralena izan zedila, horixe izan nuen helburu: Nafarroa osoko emakume eta genero disidenteak, 22 eta 80 urte artekoak, askotariko egoera sozioekonomikoetan zeudenak... Gehienak, zis emakumeak eta heterosexualak, baina baziren etiketa horietatik kanpokoak ere.

Ikerlanean irakur daitekeenez, testigantza horietan azaleratu zen emakumezko eta genero ez-normatiboko paziente euskaldunen aurkako zapalkuntzak egiturazkoak direla...

Bai. Nabarmena da Nafarroako emakumezko eta genero ez-normatiboko euskaldunek diskriminazioa pairatzen dutela eta botere desberdinkeriaren eraginpean daudela, izan generoagatik, izan hizkuntzagatik, izan klase desberdintasunengatik. Esperientzia negatiboak normalizatzen eta errepikatzen dira testigantza hauetan.

Zu generoari eta euskarari lotutako zapalkuntzetan zentratu zara propio. Hautu politikoa izan al da?

Erabatekoa, bai. Bizi dugun errealitatean botere egiturak daude, eta egitura horiek birsortu egiten dira hainbat sistematan, izan arraza, izan kultura, izan klasea. Lotuta daude denak, eta elkar elikatzen dute. Azterketa honen helburua da botere harreman horiek errotik aldatzea, eta, emakume baztertu hauen esperientzia aztertzeko orduan, saiatu gara errealitate hori guztia nabarmentzen, osasun praktikak aldatu ahal izateko.

«Eremu euskaldunean ere, pazienteak erdaraz mintzatzen zaizkie osasun langileei; eta langileak, euskaldunak izanagatik ere, erdaraz aritzen dira elkarren artean, horixe baita hizkuntza teknikoa»

Medikuaren kontsultan, nola islatzen dira generoari eta euskarari lotutako zapalkuntzak?

Parte hartzaileen esperientzietan nabarmen geratzen da mikro mailako botere dinamikek, kontsultetan-eta gertatzen direnek, desberdinkeria eta diskriminazioa eragiten dituztela, baina hori hala izan dadin, badira makro mailako beste egitura batzuk ere: izan osasun sistema, izan legeak... Fenomeno hori azaltzeko, lehenik eta behin, botere egiturak identifikatu behar ditugu: kolonialismoa, patriarkatua, zisheteronormatibitatea, kapitalismoa... Horiek eragin zuzena dute gure eguneroko esperientzietan. Eta osasun langileok ere erreproduzitu egiten ditugu zapalkuntza horiek.

Horiek horrela, egoera zaurgarrian den edo botererik ez duen paziente bat kontsulta batera edo halako leku batera joaten denean, baliteke konfiantza falta agertzea, beldurra, haserrea... Herritar horien esperientzia ez da positiboa, eta askotan, saihestu egiten dute medikuaren edo erizainaren kontsultara joatea. Alde batetik, ez da bidezkoa hori gertatzea, baina, horrez gain, arriskutsua ere izan daiteke, osasungintzaren helburuaren kontrakoa lortzen baita horrela.

Elkarrizketak egiteaz gain, bertatik bertara aztertu duzu sei osasun zentrotan zer gertatzen den. Zer ikusi duzu?

Denetarik. Azken finean, espazioa ere garrantzitsua da, eta aipatu ditugun zapalkuntza horiek ez dira gertatzen kontsultetan soilik. Euskal kulturaren ikusezintasuna, adibidez. Eskuorriak, hizkuntza idatzia eta irudiak, paretetan zer argazki dauden eskegita...

Euskal kulturaren ezabatzea nabari da paretetako argazkietan ere?

Irudika dezagun kanpaina bat, adibidez, umeei txertoak jartzearen garrantziari buruzkoa. Zer agertzen da irudian? Han azaltzen den paisaia, ume horrek daraman arropa... Iruditzen zaigu hori guztia neutroa dela, baina ez da horrela. Ziurrenik, ez da izanen gure kultura irudikatuko duen argazki bat, eta kartel hori bera AEBetako osasun zentro batean paratzen ahalko lukete, edo Alemanian, edo Mexiko Hirian. Hor badago hegemonia bat. Errepara diezaiogun osasun zentroan aditzen dugun musikari. Irratia piztua badago, musika hori zer hizkuntzatan dago? Detaile horiek guztiak garrantzitsuak dira.

Horri dagokionez, alderik ba al dago eremu euskalduneko edo eremu ez-euskalduneko osasun zentroen artean?

Aipatu dudan hori zona guztietan gertatzen da. Eremu euskaldunean ere, pazienteak erdaraz mintzatzen zaizkie osasun langileei; eta langileak, euskaldunak izanagatik ere, erdaraz aritzen dira elkarren artean, horixe baita hizkuntza teknikoa. Horrek guztiak berresten du elkarrizketetan esaten zena: ingurua ez da neutroa, hegemoniara erabat lerratua dago. Bai erdara bai erdal kultura dira nagusi. Hemengo esperientziek bat egiten dute, gainera, beste herri kolonizatu batzuetan izan dituzten esperientziekin.

Aditu askok ondorioztatu dute osatze prozesuan berebiziko garrantzia duela norbere hizkuntzan artatua izateak. Zure tesian aztertutako paziente euskaldunei dagokienez, nola eragin die gaztelaniaz hitz egin behar izateak?

Modu askotara. Gehienek beldurra eta etsipena aipatzen dituzte. Osasun etxera maiz joan behar dutenak edo gaitz kronikoren bat dutenak, bereziki, behartuta daude osasun sistemarekin harreman jarraitua izatera, eta etsipen handiz bizi dute egoera. Kontsultara joan aurretik ere estresa eragiten die zer gertatuko den ez jakiteak. Hori nola definitu, ez dakit: gutxiespenak, mespretxu adierazpenak... eraso hitza ere erabili beharko genuke. Normalean, botere posizio batean daudenek egiten dituzte.

Generoari lotutako botere harremanak ere atzeman dituzu?

Bai, generoari dagokionez ere nabarmenak dira egoera horiek: izan ginekologoarekin, izan familia medikuarekin... Hori beste komunitate eta kulturetan ere gertatzen da, noski, ez soilik hemen, baina garrantzitsua da aztertzea komunitate bakoitzean nola eragiten duen; batez ere, beste zapalkuntza batzuk ere gurutzatzen direnean.

Euskal Herrian, zaintzarekin loturiko jakintza emakumeek transmititu izan dute historikoki, baina zure tesian diozu osasun sistemak gutxietsi egiten duela hori...

Kontu honekin hartu nuen ezustekorik handiena. Tesirako elkarrizketak egin ahala, ikusi nuen gero eta gehiagotan azaleratzen zela gaia. Parte hartzaileek adierazi zuten hutsune nabarmen bat dagoela informazioaren transmisioan, oro har, gure osasunaren eta gure gorputzaren inguruan belaunaldiz belaunaldi transmititu den jakintzari dagokionez. Gutxiespenez begiratzen zaie, besteak beste, sendabelarrei eta hemen mendez mende transmititu diren praktikei, eta horren ondorioz, pazienteak beldur dira osasun langileei kontatzeko. Badu arriskua horrek, osasun langileak eta pazienteak sendatze praktika ezberdinak ari baikara erabiltzen, eta haien arteko interakzioa kaltegarria izan daiteke. Horrez gain, baina, kultura bat ezabatzen ari da pixkanaka.

«Kolonialismoa, patriarkatua, zisheteronormatibitatea, kapitalismoa... Horiek eragin zuzena dute gure eguneroko esperientzietan, eta osasun langileok erreproduzitu egiten ditugu zapalkuntza horiek»

Tesian agertzen den beste ondorioetako bat: medikuek sarritan ondorioztatzen dute pazientea heterosexuala dela, beste aukerarik aztertu gabe, eta epaitu egiten dituzte bikotekide egonkorrik ez izatea eta bestelako sexu praktikak izatea.

Gauzak hobeki egiten ahal ditugu, eta egin behar ditugu. Osasun langileekin halako ikerketak planteatzen direnean, batzuk defentsiban jartzen dira, edo kritika pertsonal gisa hartzen dute, baina denok ikasten dugu bidean, eta, ahaleginduz gero, aurrera egin dezakegu. Dena den, egoera ez da goxoa osasungintzan: lan karga handia da, eta baldintzak ez dira onenak, baina, oro har, uste dut kontzientziazioa falta dela.

Indarkeria obstetrikoaz eta ginekologikoaz ere aritu zara.

Horri buruzko testigantza batzuk nahiko bortitzak dira. Garrantzitsua da kontzientzia hartzea eta gertatutakoaren berri ematea, baina, aldi berean, egia da erditu berritan oso egoera zaurgarrian zaudela eta denbora eta lana behar direla gertatutakoa salatzeko. Ezin gara egon norbanakoen kontzientziaren zoriaren menpe, eta egiten diren urratsek eta politika aldaketek egiturazkoak eta sakonak izan behar dute, arazoak errotik aldatzeko.

Proposamenak aipatu dituzu: hain zuzen, eraldaketarako neurri zehatzak ere jaso dituzu. Nor interpelatu nahi izan duzu tesian?

Lehenik eta behin, osasun sistema bera: Osasunbidea da ardura eta ahalmen handiena duena. Bermatu behar du osasun langileok formakuntza egokia dugula, zapalkuntzarik ez izateko edo botere harremanak eraldatzeko. Horrez gain, langileok ere badugu geure ardura, eta alde guztietatik eragin behar dugu, baina osasun sistema da arduradun nagusia. Eta osasun sistemak baditu ordezkariak, gobernuak, legeak... Badago non eragin.

Nola eraginen zenuke epe motzean?

Lehenik eta behin, segurtasun kulturalaren kontzeptua landuko nuke unibertsitateetan eta, oro har, formakuntza ematen den toki guztietan. Ulertu behar dugu osasunak lotura duela komunitateekin, haiek dituzten esperientziekin eta egoera historikoekin. Segurtasun kulturalaren kontzeptuak komunitate bakoitzera egokitzen laguntzen du, baina, horretarako, atea ireki behar dugu, komunitateak erabaki dezan zer nahi dugun eta zer behar ditugun osasun sistema honetan seguru sentitzeko. Norvegian eta Aotearoan, adibidez, txertatuta dago Erizaintzako ikasketetan, eta pazienteek gogobeteago daude, osasun langileek komunitatea, kultura eta hizkuntza propioak ulertzen dituzten heinean arta hobea delako. Lan zaila da, politika publikoak diseinatzen dituztenak hegemoniaren edo gehiengoaren parte baitira, baina garrantzitsua da antolatzea eta kontzientzia hartzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA