Osasun sistema irauli duten bi urteei begira

COVID-19aren eraginari buruzko jardunaldiak egin dituzte Atarrabian, OEEk antolatuta. Hizpide izan dute osasun langileen egoera

Jon Arizeta, Ainhoa Izeta eta Susana Reboredo, atzo, Atarrabiako kultur etxean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
Atarrabia
2022ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Buelta emandako galtzerdi baten antzera. Egun batetik bestera, COVID-19ak irauli egin zituen mundu osoko osasun sistemak: osasun profesionalen eskasia, baliabiderik eza, behin-behineko ZIU postuak atondu beharra, presazko neurri eta protokolo berriak... Euskal Herrian ere, presiopean lan egin dute ehunka osasun langilek, ordura arte ezagutu gabeko zurrunbilo baten erdian. Egunotan, esperientzia horretaz eta izurriak bi urteotan utzitako lezioez hitz egin dute Atarrabian (Nafarroa), OEE Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak antolatutako jardunaldietan.

Iragan ostiralean egin zuten lehen saioa, eta, bertan, oinarrizko osasun arretako profesionalek eta buru osasunaren alorrean dabiltzanek hartu zuten hitza. Atzo, berriz, izurriak ospitaleetan izandako eraginaz solastatu ziren Jon Arizeta, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko zirujau eta zuzendariordea; Ainhoa Izeta, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Pediatriako zerbitzuburua; eta Susana Reboredo, Donostia ospitaleko ZIU zainketa intentsiboetako unitateko erizaina.

«Lehen olatua heldu zenean, ospitale osoa hankaz gora jarri genuen», azaldu zuen Arizetak: «25 ospitaleratze izaten genituen egun bakar batean, eta solairu oso bat hustu behar izaten genuen, COVID-19az kutsatutakoei tokia egiteko. Egunetik egunera aldatzen genuen dena». Kirurgia burua da Arizeta Nafarroako Ospitalean eta, haren esanetan, ebakuntza gehienak bertan behera gelditu ziren egun gutxiren buruan: «Lehen olatua iritsi aurretik, egunean 170 ebakuntza egiten genituen; handik hiru astera, zortzi edo hamar inguru».

Kezka handiena, baina, ZIUetako paziente larrientzako arnasgailuekin izan zuten: «Eskatuak genituen, baina ez ziren iristen; ez zegoen denentzat». Azkenerako, baimen berezi bat lortu zuten Espainiako Osasun Ministerioan, Navarrabiomed laborategietan zituztenak erabili ahal izateko. Hala ere, Arizetak nabarmendu du Nafarroan ez zela larrialdiko ZIUrik atondu behar izan gimnasio eta bestelako espazioetan: «Azpiegitura egokia genuen lehendik ere, eta, horri esker, beste erkidego batzuetan baino hobeki eutsi genion astinaldiari».

Pediatrian ere nabaritu zuten, jakina, koronabirusaren ukaldia. Pandemiaren lehen hilabeteetan, «zalantzak eta ziurgabetasuna» nagusi izan ziren, Ainhoa Izetak atzoko solasaldian gogoratu zuenez. «Txinako medikuek argitaratzen zutena baino ez genekien, eta guk, batez ere, jaioberriekin genuen kezka: nola eraginen die COVID-19ak? Amarengandik banandu beharko ditugu?».

Osasun profesionalek bezala, pazienteek ere kezka ugari agertu zituzten hilabete horietan. Larrialdi pediatrikoetan nabaritu zuten: «2019an, 20.000 kontsulta inguru izan genituen; hurrengo urtean, izurrian, 8.000ra murriztu ziren. Jendea ospitalera joateko beldur zen».

ZIUetan, «tsunamia»

COVID-19aren aurpegi ilun eta gordinena, baina, ZIUetan ikusi dute. Arnasa hartzeko arazo larriak zituzten paziente ugari, eta heriotzak ere bai. Asko. «Tsunami bat izan da», gogoratu zuen Susana Reboredo erizainak: «Martxoaren 11n heldu zen lehen pazientea ZIUetara, eta, ordutik, gerra baten antza hartu zuen egoerak; etenik gabe ekartzen zituzten gaixoak».

Lan egiteko modua ere «zeharo» aldatu zitzaien hango mediku eta erizainei egun gutxiren buruan: «Bi urte eman ditugu kristalaren beste aldean, babes jantzi bereziekin». Aurrera begira, gainera, aintzat hartu beharreko zenbait ikasgai aipatu zituen Donostia ospitaleko erizainak: «Lantaldea oso mugatua izan da, protokoloak egunetik egunera aldatzen ziren, eta horri gehitu behar diogu profesionalon neke psikologikoa eta gertukoak gaixotzeko beldurra». Lezio horiek gogoratu eta «gertatutakoaz ikastera» premiatu zituen osasun arduradunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.