Espainiako Lurreko Armadaren Aitzoaingo kuartelean, Berriobeiti udalerrian (Nafarroa), militar bat hil zen joan den apirilaren 23an. 35 urte zituen, eta egun batzuk lehenago immunizatu zen COVID-19aren aurka, AstraZenecaren txertoaren bidez. Nafarroako Gobernuak berehala jakinarazi zuen Botiken Espainiako Agentziak ikerketa bat abiarazi zuela argitzeko txertoaren eta heriotzaren artean loturarik ote zegoen. Gaur, Margarita Robles Espainiako Defentsa ministroak adierazi du txertoaren ondorioz hil zela.
«Eman dizkiguten osasun txostenetan ez dago inolako zalantzarik: txertoa jarri izanak eragin zuen heriotza», adierazi du, agerraldi batean. Aitzoaingo kuartelean izan da gaur, hildako militarra oroitzeko egin duten ekitaldi batean. Bisita horretan izan dira, Roblesez gain, Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakaria eta Jose Luis Arasti Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkaria ere.
Roblesek adierazi du militarraren heriotza «oso albiste gogorra» izan dela, baina nabarmendu du «garrantzitsua» dela herritarrek txertoa hartzea. «Oso gogorra da, eta horrelako egoerak gertatzen dira, baina txertoa da egoerari aurre egiteko modurik onena», esan du.
Hildako militarrak apirilaren 7an hartu zuen AstraZenecaren txertoa; 21ean ondoezik sentitu zen etxean, eta zorabiatu egin zen. Ospitaleratu egin behar izan zuten, eta bost egunen buruan hil egin zen.