Erietxeetan dauden pazienteak ezin dira gelatik atera, eta pertsona bakar baten bisitak jaso ditzakete; aurrez frogatu beharko da, gainera, pertsona horiek ez dutela COVID-19 gaitzaren inolako sintomarik. Beste hainbaten artean, araubide horiek zabaldu ditu gaur Osakidetzak bere ardurapeko osasun zentroetan, eta langile guztiei eskatu die, halaber, «zorrozteko» birusaren hedatzea eragozteko prebentzio neurriak: eskuak sarri-sarri garbitzeko esan die, behar den kasuetan ahoa tapatuta jarduteko lanean, eta, kasu susmagarrien aurrean, ongi babesteko. Langile guztiei adierazi die, halaber, gaitzaren sintomaren bat badute ez lanera joateko, eta zantzurik gabe ere zuhur aritzeko: horiek horrela, esan die bertan behera uzteko aurrez aurre egin beharreko lan eta trebakuntzarako topaketak, edo teknologia berriak erabiliz egiteko bestela, zuzeneko kontakturik izan gabe. Gomendio orokor horiei atxikita, osasun arloko profesionalek bertan behera utzi dituzte hainbat topaketa akademiko ere.
Lautik hamarrera igaro ziren atzo Euskal Herrian dauden koronabirus kasuak: zazpi Araban, bi Gipuzkoan eta bat Nafarroan. Gaur beste bat gehitu da, aurretik Iruñean ospitaleratutako gaixoaren senide bat. Nafarroako lehen kasu horrena da kasurik larriena; zainketa intentsiboetako unitatean dago, larri. Horiei beste hiru gehitu zaizkiela adierazi du goizean Espainiako Osasun Ministerioak, baina Eusko Jaurlaritzak gezurtatu egin du. Jaurlaritzako Osasun Sailak adierazi du Araban eta Gipuzkoan atzemandako gaixoak etxean bakartuta daudela, egoera onean. Halere, Osakidetzak bertan behera utzi ditu Gasteizko eta Donostiako ospitaleetako praktikaldiak, aipatutako gaixoetako gutxienez lau osasun arloko profesionalak baitira.
Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko osasun sailek «edozein susmoren aurrean» etxean geratzeko eskaera egin dute, eta telefonoz abisua ematekoa. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, telefonoa 900-20 30 50 da, eta Nafarroan, 112.
Protokolo gabezia
ELAk Osakidetzaren neurri eta aurreikuspen falta salatu du, eta ospitaleetako langileak eta gaixoak «arriskuan» jartzea egotzi dio, «protokolo egokiak» ez izateagatik. Gasteizko Txagorritxuko ospitalean egin dute kontzentrazioa, Osakidetza, lan segurtasuna eta osasuna bermatu orain lelopean. Izan ere, sindikatuko bozeramaileek adierazi dute Osakidetzak «oso berandu eta oso gaizki» aplikatu dituela beharrezko protokoloak.
Bestalde, SATSE, CCOO eta UGT sindikatuek bertan behera utzi dituzte gaur deitu zituzten mobilizazioak, koronabirusa zabaltzea erraztu dezaketen ekintzak ekiditeko.