Aidatu elkarteko presidentea da Cristina Blanco (Bilbo, 1961). EAEko suizidologia elkartea da hori, eta suizidioaren biktimei eta haien gertukoei laguntzea du helburu. Azken horien pairamena ezkutuan geratzen da sarri, eta, hori azaleratzeko, Pisu ikusezina izeneko mintegia antolatu dute Asafesek eta Arabako Foru Aldundiak. Bertan parte hartu du Blancok, aditu eta lekuko gisa, berak ere pertsonalki bizi izan baitzuen bere buruaz beste egiten saiatu zen norbait zaintzeko esperientzia: duela hamalau urte galdu zuen senarra, bere buruaz beste egin baitzuen. Bere esperientziaz eta suizidioaren biktimen gertukoen beharrez mintzatu zaio BERRIAri, Aidatuk Bilboko Rodriguez Arias kalean duen bulego txikian.
Pertsona batek jokabide suizidak dituenean, profesionalak ez dira beti arreta ematen lehenak, ez?
Ez, noski. Nik familiei buruz hitz egin nahi dut. Pertsona horien senideok ez gara jokabide horietan adituak, eta beti itzalean geratzen gara. Inor ez da familiez arduratzen, baina haiek dira ulertzen ez dituzten jokabide horiei aurre egiten lehenak. Inork ez dizkie jokabide horiei aurre egiteko tresnak ematen, jokabide suizidak dituen hori artatzen baita, baina ez harekin bizi diren senide edo gertukoak.
Jokabide suizidak dituen norbaitekin bizitzeak nolako inpaktua du inguruan, familian, lagunengan...?
Suntsitzailea da, triskantza hutsa... Hitz asko erabil nitzake, baina suntsitzaile da berba egokia, nire ustez. Suizidio bat bi modutara jazo daiteke: batzuetan, afera isila da; bere buruaz beste egiten duenak ez du horren zantzurik erakusten, dela inguruak ez duelako jakin ikusten, dela ez dutelako horren seinalerik eman, suizidio batzuk gauza inpultsiboa baitira, momentukoa.
«Suizidio saiakera asko ez dira osasun zerbitzuetara iristen; inork ere ez du sekula haien berri»
Beste batzuetan, berriz, badaude horren zantzuak, beren buruaz beste egiteko gogoa iragartzen duten jokabideak, baita suizidio saiakerak ere. Askotan uste dugu saiakerak larrialdietara iristen direnak direla, baina esango nuke norbere buruaz beste egiteko saiakera asko ez direla osasun zerbitzuetara iristen, eta inork ere ez duela sekula haien berri.
Larrialdietara iristean ere, erantzuna ez da beti egokia, ez?
Niri tokatu zitzaidan sarri larrialdietara joatea jokabide suizidak zituen hurbileko pertsonarekin; senarrarekin, alegia. Larrialdi zerbitzuetan, arreta ematen zaio jokabide suizida izan duenari, baina ez haraino lagun egin dion senide edo gertukoari. Horrela izan zen niretzat, eta ez dut uste egoera asko aldatu denik, hamalau urte igaro badira ere.
Izan ere, buru-osasun zerbitzuetako langile batzuek hor badute estigma edo aurreiritzi sakon bat. Familiak jotzen dituzte osasun mentaleko gaitzaren erruduntzat: gaixoaren egoeraren erantzuleak senideak direla uste dute. Familiak erruduntzat jotze hori bizi izan dut nik, sentitu izan dut. Aparte uzten zaituzte, ez dizute azalpenik ematen, ezta egoerari aurre egiteko tresnarik ere. Erabateko kontraesana da, zeren, pertsona horren gaitzaren erantzule egiten bazaituzte, zergatik bidaltzen dute gero etxera, zuk inolako prestakuntzarik gabe kudea dezazun?
Familiei ez dizkiete ematen eman beharrezko tresnak. Zerk lagunduko lieke egoerari aurre egiten?
Lehenik eta behin, diagnostikoa osorik jakiteak lagunduko luke. Nik erdi ezkutuan jakin nuen, senarrak paper bat erakutsi zidalako. Noski, isilpeko informazioa denez, eta gehienetan adinez nagusiak direnez, ez haurrak, biktimaren gain uzten dute osasun zerbitzuek senideei informazio hori helarazteko ardura. Jokabide suizidak dituztenak, ordea, ez daude hori egiteko moduan, eta ahal duten bezala egiten dute, hala moduz.
Hortaz, senide eta gertukoei asko lagunduko lieke diagnostiko osoa entzuteak osasun arloko profesionalen ahotik, betiere pazientearen onespenarekin, noski. Bestela, informazioa falta zaigu nola jokatu jakiteko. Niri, psikiatrak esan zidan normal jokatzeko. Ez zait erantzun egokia iruditzen, nik ez baineukan egoera normal bat esku artean.
Bestalde, ematen dizkizuten aholkuak oso orokorrak dira, eta ez dute bizitza errealerako balio. Krisi suizida bat badago 112 zenbakira deitzeko esaten dizute, baina ez dizute inolako B planik erakusten. Batzuetan, 112ra deitzea ez da aukera bat, jokabide suizidak dituen pertsonak berak esaten baitizu dei hori ez egiteko, eta ez dakizu zer egin. Niri inork ere ez zidan ezer esan, ez zidaten horren inguruko formaziorik eman.
Zer esan, esate baterako. Badira egoera hauetan erabiltzen ditugun hainbat esamolde edo topiko ez direnak egokiak. Gaur egun, badaude horren inguruko formakuntzak, zer esan, zer ez esan, ezta? Baina horien inguruko informazioa ez da senideengana iristen.
Esan duzu baliabideak egon badaudela baina ez direla iristen jenderengana. Zergatik? Tabua, ezagutza falta...?
Egia esatea nahi? Borondate politiko faltagatik. Hemen, ez baduzu iskanbila egiten, inork ez dizu kasurik egiten. EAEn, atzera egin dugu suizidioaren arretaren kontuan. Zergatik diot hori? Bada, 2019an egin zen EAEn suizidioaren aurkako estrategia bat. Zenbait kolektibok parte hartu zuten, eta oso positiboa iruditu zitzaigun guri ere. Kazetariak, udalak, psikologoen elkargoak, gurea bezalako elkarteak...
«Suizidioaren arazoari aurre egiteko borondate politikoa falta da, eta EAEn atzera egin dugu azken urteetan»
2024ra arte egon zen indarrean estrategia. 2026ko ekainean gaude, eta estrategia berririk ez da onartu. Aurreko estrategia ebaluatu zen, baina emaitzak ez dira zabaldu. Norabiderik gabe gaude. Lurralde bakoitzeko osasun mentaleko zerbitzuak beren kasa dabiltza, eta ez dago estrategia bateraturik ezarriko duenik.
Erakundeek, beraz, zer egin dezakete suizidioaren biktimei eta gertukoei laguntzeko?
Guztiok egiten ditugun jarduerak bildu, koordinatu eta lideratuko dituen norbait behar dugu. Ikastetxeak kirioak dantzan daude kontu honekin, gizarte zerbitzuek ere ahal dutena egiten dute, udalak ere bai, bakoitza bere aldetik... Hori da behar duguna, koordinazioa, estrategia eta lidergoa; baina baita baliabideak eta printzipioak ere, modu bateratuan aurre egiteko arazo honi, orain eskaintzen diren formakuntzak sarri ez baitira ofizialak, ezta egokiak ere.