Legealdi hasieratik azaldua zuten EH Bilduk, Geroa Baik, Ezkerrak eta Ahal Dugu-k ugalketa lagunduko tekniken gaineko mugak kentzeko asmoa, eta gaur eman du aldaketaren berri Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilari Fernando Dominguezek. Onartu du orain arte osasun sare pribatura joan beharrean suertatu direla bikotekide gabeko emakumeak eta bi emakumez osatutako bikoteak halako tratamenduak jasotzeko; baina atea irekita dago orain. "Tratamenduak hartu ahal izango dituzte inolako bazterkeriarik gabe", azaldu du. Emakumeek ez dute ugalketarako arazorik dutela arrazoitu beharko ere Osasunbidean era horretako tratamenduren bat jasotzeko.
Lesbiana bikoteei atea ireki berri zien LGTBI kolektiboetako kideen eskubideen alde Nafarroak aurten onartutako legeak; bikotekiderik gabeko emakumeek bihartik aurrera izango dute Osasunbidera tratamendu eske joateko aukera, horretarako onarutako foru araua indarrean sartuko baita.
Aurreko legealdian oposizioko kideek adierazia zuten behin baino gehiagotan Osasunbideak ezartzen zituen mugen inguruko desadostasuna. Nafarroako Arartekoak ere esana zuen jokabide hori ez zela zuzena. Aldiz, UPNk defendatu egin zuen, ez zutela inor baztertzen argudiatuta.