Gainerako alderdiek haserre hartu dituzte Kutzen hitzak. Nafarroa Baiko legebiltzarkide Asun Fernandez Garaialdek gogorarazi dio legeak une honetan abortatu nahi duen emakumearen nahia babesten duela, eta hura bizi den lurraldean egin behar zaiola ebakuntza, berak hala nahi badu: «Eskatzen badu, zer gertatuko da? Ez litzateke legea beteko, eta auzitara jotzeko modua legoke».
PSNko parlamentari Maria Txibitek ere bat egin du iritzi horrekin: «Nafarroako Gobernua lege batekiko intsumiso azaldu da, eta, gainera,horregatik harro agertu da». Kutzi ohartarazi dio «lege bat hautsiz» ezin diela herritarrei eskatu gobernua bera betetzen ari ez den zerbait egiteko.
Alde ekonomikoari ere begiratu dio Txibitek: «Osasunbidearentzat askoz garestiagoa da emakumeak beste kliniketara bidaltzea, bere zerbitzu eta baliabide propioekin moldatzea baino». PSNk dagoeneko eskatu dio horri buruzko txosten juridiko bat Nafarroako Legebiltzarrari, «legea ez betetzeak» ekar ditzakeen ondorioak ezagutzeko: «Irmoki jokatuko dugu Nafarroako emakumeon eskubideak defendatzeko».
Kutzen ustez, ordea, ez dago kezkatzeko motiborik: «Legea beteko dut, eta betetzen ari naiz». Eta horren inguruan desadostasunak baleude, ez da «auzitara jotzearen beldur».
UPNko bozeramaile Javier Markotegik babestu egin du alderdikidea: «UPNk beti bete du legea, legez ezarritako mugen barruan». Hala ere, onartu du kasu honetan muga horiek «lauso» samarrak direla, eta horrek «arazo asko» sor ditzakeela.
Abortuak, uste baino gutxiago
Hiru hilabete igaro dira abortuaren legea -ofizialki Haurdunaldiaren Borondatezko Etenaren eta Sexu eta Ugalketa Osasunaren Lege Organikoa- Hego Euskal Herrian indarrean sartu zenetik, eta, hasiera batean behintzat, ez da zenbait alderdik iragarritako gorakadarik izan.
Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, legea indarrean jarri ondorengo hamabost egunetan 93 emakumek abortatu zuten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; guztiek klinika pribatuetan. Legeak abortua zigortzen ez duen arren, eta Nafarroako emakume asko hiru lurralde horietara joan diren arren, abortuen kopurua antzera mantendu da; beste urteetan ere, hilean batez beste 250 haurdunaldi eteten ziren.