Osasungintza publikoaren pribatizazioa salatzeko manifestazioak egingo dituzte larunbatean

OPA herri plataformak manifestazioak antolatu ditu larunbatean Bilbon, Donostian eta Gasteizen.

OPA herri plataformak gaur Tolosan egindako prentsaurrekoa. GOTZON ARANBURU / FOKU
OPA herri plataformak gaur Tolosan egindako prentsaurrekoa. GOTZON ARANBURU / FOKU
nerea intxausti
Tolosa
2024ko martxoaren 13a
16:15
Entzun

«Pribatizazio bortitzak/ garrantzitsuena bizitza/ askoz hobeto biziko ginen/ dena publiko balitza». Egun da Santi Mamiña-ren doinuan hasi du OPA osasungintza publikoaren aldeko herri plataformak Tolosako Trianguloa plazan (Gipuzkoa) egin duen prentsaurrekoa.

«Euskal osasun sistema publikoak urteetan jasan duen narriadura» salatzeko larunbatean hiru hiriburutan egingo dituzten manifestazioetara joateko eta batzeko deia egin diete herritarrei: Bilboko Jesusen Bihotzetik eta Gasteizko Bilbo plazatik 12:00etan abiatuko dituzte manifestazioak; Donostiako Bulebarretik, berriz, 17:00etan hasiko dira. 

«Berriro ere» salatu nahi dute Eusko Jaurlaritzaren «kudeaketa traketsa». Lehen arreta indartu beharrean, baliabideak ekipamendu berriak eraikitzeko eta ekipo ultrasofistikatuak erosteko erabiltzea egozten diete. Javier Arana OPA plataformako ordezkariak adibide gisa jarri du Donostiako Onkologikoaren ondoan eraikiko duten protoiterapia zentroa.

Alternatiba «zainketa sistema integral, publiko eta kalitatezkoa» dela iritzi dute. Gogoratu dute osasuna ez dela merkatu bat: «Ez dugu inondik inora onartuko [itxaron] zerrenda horiek murriztea zerbitzu horien pribatizazioaren kontura». Aranak salatu du Osakidetzak irabazi asmoa duten zerbitzu gehienak dituela enpresa pribatuekin azpikontratatuak: «Ez zaie zerbitzua interesatzen, dirua baizik».

Eskakizunak

Manifestazioen bidez, Jaurlaritzari eskatuko diote, besteak beste, baliogabetu dezala 15/97 legea —osasun zerbitzu publikoan sartzeko bidea ematen die erakunde pribatuei—. Onartezina iruditzen zaie, batetik, Tolosako Asuncion klinikaren moduko zentroekin hitzarmenak sinatzea eta, bestetik, pazienteak klinika pribatuetara bideratzea. Bateraezintasun medikoa ere berreskuratu nahi dute; hala, publikoan aritzen diren medikuak pribatuan aritu ez daitezen. 

Mobilizazioetara atxiki zaizkie ehundik gora kolektibo: auzo elkarteak, gizarte mugimenduak, sindikatuak, osasun arloko elkarteak, eta abar. Tartean dira Osakidetzako Langileen Sarea, Asuncion klinikako langile batzordea, Arabako ESIko arreta espezializatuko eta lehen arretako batzordeak, SATSE Euskadiko Erizainen Sindikatua, LAB, ELA, ESK, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezker Anitza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.