Osin beltzak irentsi zuen egia

Familia ia oso bat desagertu zen, Gaztelun, 1936ko abuztuaren 30ean: Juana Josefa Goñi, haurdun, eta haren sei seme-alaba. Herriko leize batera bota zituzten, ustez.

Aranzadiko kide Paco Etxeberria, iaz, Gazteluko Legarreako leizearen sarreran. TXALAPARTA.
edurne elizondo
Iruñea
2015eko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Familia galdu zuen Pedro Antonio Sagardiak, egun batetik bertzera. Haurdun zegoen haren emazte Juana Josefa Goñi, eta harekin zituen zazpi seme-alabetatik sei desagertu ziren, 1936ko abuztuaren 30ean, Gaztelun (Nafarroa). 18 urteko seme zaharrena baino ez zen patu ilun hartaz libratu. Eugin ari zen lanean Sagardia; han jaso zuen emaztearen gutuna, herritik bota nahi zituztela ohartarazteko. Gaztelura joan, baina herrira sartzeko aukerarik ez zuen izan. Atxilotuta eraman zuten Doneztebeko Guardia Zibilaren etxera. Atera zenerako, familiaren arrastorik ez zen. Emakumea eta harekin ziren sei seme-alabak Gazteluko Legarreako leizera bota zituzten, antza. Osin haren ondoko txabola zahar batean pasatu omen zituzten azken egunak. Hari su eman, eta familia hil zuten arte. 1936ko abuztuko gau hartan, 50 metro sakon den zuloak irentsi zuen egia.

Isiltasunak harresia eraiki zuen gertaera haren inguruan. Leizea enborrez, zaborraz eta bertzez bete zuten, ia ikusezin bilakatzeraino. 1936ko abuztuko gau hartan jazo zena tabu bilakatu zen herrian. Gauzak hasi dira aldatzen, ordea; hasi dira pitzadurak agertzen isiltasunak eraikitako harresi hartan. Jose Mari Esparzak egin du horma behera botatzeko ahalegin nagusietako bat, La sima. ¿Qué fue de la familia Sagardia? (Osina. Zer gertatu zen Sagardia familiarekin?) izenburuko liburuaren bidez (Txalaparta). Eta pareta zulatzeko bertze urrats bat eginen dute gaur 11:00etan: lehenengoz, omenaldia eginen diete Juana Josefa Goñiri eta haren seme-alabei, leizearen sarreran bertan. Desagertzea gogoratuko duen oroigarria jarriko dute. Mundu guztiak jakin dezan.

Oroitzea; egia azaleratzea. Hori behar dela nabarmendu du Esparzak. Idatzitako liburua Gazteluko herriari eskaini dio. Ez ditu hango biztanleak mindu nahi izan. Kezka hori izan du lana idazten hasi zenetik. Baina sagardia-goñitarren berri eman behar zuela sentitzen zuen. Nolabaiteko zorra zuela. 1986. urtean, Altafayllak Navarra 1936, de la esperanza al terror liburua (Nafarroa 1936, itxaropenetik terrorera) argitaratu zuen, eta, lan hartan, labur jaso zuten Esparzak eta bertze egileek Gaztelun gertatutakoaren berri. Informazioa urria zen. Hutsune gehiegi zituen gertaeren inguruko kontakizunak. 2009an itzalak argitzen hasi ziren arte.

Urte hartan, 167 sumarioari buruzko txostena aurkitu zuen Esparzak: Sagardia-Goñi familiaren desagertzeari buruzko agiriak. Sagardiak salaketa jarri zuen 1936an, eta hainbat urtez zabalik egon zen kasuari buruzko ikerketa. Ez zuen lortu zer gertatu zen argitzea, ordea. Esparzak uste du Sagardiaren osaba Antonio Sagardia jeneralaren eraginez onartu zutela salaketa.

Duela 79 urte Gaztelun jazo zenaz pentsatu, eta gertatu izana sinestea ere zaila egiten zaio Esparzari. «Iluna eta krudela» izan baitzen. Francoren altxamendu militarraren ondoko hilabeteak ziren, baina ez dirudi hilketaren motibazioa politikoa izan zenik. «Orduan, Gaztelun ia denek egiten zuten eskuinaren alde», gogoratu du idazleak. «Ia errepresiorik gabeko eremua izan zen».

Auziko agirietan jasotako lekukotasunek Juana Josefa Goñik «lapurreta txikiak» egiten zituela diote; akusazio hori egin zioten. «Ederregia» zela erraten zuten, halaber; bai eta ez zela mezara joaten ere. Pedro Antonio Sagardiari buruz, berriz, familia «abandonatuta» zeukala erran zuten lekuko horietako hainbatek; eta «gehiegi» edaten zuela ere bai, bertzeak bertze. «Halako zurrumurruak baziren. Ez besterik. Nola ulertu familia haren aurkako krudelkeria?».

Sorginkeria

Liburua amaitu eta argitaratu eta gero, datu berriak jaso zituen Esparzak, Juana Josefa Goñiren ahizpa Petraren senideen eskutik. «Juana Josefaren ama eta haren ahizpa Petra ez omen ziren mezara joaten; hau da, ez zuten bat egiten garai hartako erlijio nagusiarekin; azti lanak egiten omen zituzten, eta euskal jainko-jainkosa zaharrengan sinesten zuten». Senideek sorginkeriaren haria jarri zuten Esparzaren mahai gainean, 1936ko abuztuaren 30ean Gaztelun gertatu zenaren mataza askatzeko. «Uste dut sorginkeriaren hari horrek azaltzen duela hobekien zer gertatu zen; arrazoia baliatuz ezin baita ulertu jazo zena».

Gazteluko herritarren ahotik ere hasi da Esparza duela ia 80 urte gertatu zenaren berri jasotzen. «Hainbatek deitu didate, nirekin hitz egiteko gogoz». Herritarren jarrera txalotu du idazleak, eta udalak leizean bertan Sagardia-Goñi familiari eginen zaion omenaldian parte hartuko duela nabarmendu du. «Udalak babestu du, gainera, leizean zer dagoen behingoz argitzeko asmoa».

Esparzak argi du egin beharreko urratsa dela hori. Osinera jaitsi, garbitu, eta sagardia-goñitarren arrastoak bilatu behar direla zulo sakon horretan. Memoria historikoaren aldeko taldeek eskatuta, egin dira lehen urratsak. 2014an, Aranzadiko kideak jaitsi ziren leizera. Orduan aurkitu zuten 2008an desagertutako Iñaki Indart gaztearen gorpua, hain zuzen ere. «Beste gorpu bat osin berean. Aztertu, eta Sagardia familiako kideen aztarnak han badira, atera eta itxi egin beharko lukete». Zuloa eta zauria itxi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.