Egunotan Cuencan (Espainia) egotekoa zen, Hego Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako eta Espainiako unibertsitate publikoen G9 taldearen bileran, baina online parte hartu du topaketa horretan, Euskal Herrian geratu ahal izateko. «Badaezpada ere; inoiz ez dakizu zer gertatuko den», zehaztu du Joxerramon Bengoetxeak (Irun, Gipuzkoa, 1963). Azken asteetan unibertsitatera sartzeko probaren inguruan sortutako polemika «deserosoa» dela aitortu du EHU Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak, «bai errektoretza taldearentzat, bai prozesuan inplikatutako zuzentzaile eta langileentzat ere».
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, selektibitateko lehen deialdia egin zuten 12.000 ikasle ingurutik 168k atera zuten zero Euskara eta Literatura II irakasgaian; zero horietatik 108 bi tribunaletan pilatu ziren; eta zuzentzaileetako batek 79 jarri zituen. Ohikoa da epaimahai eta zuzentzaile bakarrean hainbeste zero pilatzea? Nola azal daitezke datu horiek?
Zuzentzaileak ariketa bakoitzeko puntuazioa kontatzen du, eta horiek gehituta ateratzen da nota. Zergatik gertatu den kontzentrazio berezi hori? Ikertu beharko da. Baina aztertzaileek zuzenketa irizpideak aplikatu dituzte, eta emaitza horiek atera dira. Gero, berrikuspenetan, ikusi da nota horiek ez direla modu nabarmenean aldatu, hau da, hasierako kalifikazioak ez zeuden hain desbideratuta. Beharbada hizkuntzaren zuzentasunarekin lotutako irizpide batzuetan egon daiteke diskrezionalitate puntu bat; baina ergatibo bat ez jartzea akats bat da, eztabaidaezina da.
1.778 ikaslek eskatu dute Euskarako proba berrikusteko. Ohikoak al dira azterketak berrikusteko eskaerak?
Bai; beharbada ez kopuru horietan, baina beti izaten dira halako eskaerak. Eta ez bakarrik gainditu gabeko irakasgaietan, baizik eta nota igotzeko ere bai.
Zero atera duten ikasleak Bilboko eta inguruko A eredukoak dira; eskolak gaztelaniaz jasotzen dituzte, euskara irakasgai bat baino ez da, eta inguru soziolinguistiko erdaldunetan bizi dira. Agian azalpen sinpleena da ez daukatela euskara maila nahikorik azterketa gainditzeko?
Azterketak neurtzen du pertsona batek ariketa horri egiteko une horretan daukan gaitasuna. Zero bat ateratzeak ez du esan nahi euskara batere ez dakitenik, baizik eta proba horretan eskatzen den gaitasuna ez daukatela. Matematikako ariketa batean zero bat ateratzeak ere ez du esan nahi batuketak egiten ez dakizunik.
Nahiko agerikoa da A eta B ereduak ez direla nahikoak ikasleak euskalduntzeko. Selektibitatea izaten ari da aurretik lortzen ez den horren pagaburua?
Horrek gogoeta sakon bat eskatzen du. Emaitza eskasen joera hau egonkortzen bada, hezkuntzaren alorreko eragileek eta Hezkuntza Sailak berak aztertu beharko dute zer gertatzen ari den, eta zer egin hizkuntza eredu guztietako ikasleek lor dezaten euskara maila gutxieneko bat. Izan ere, erabaki zuten —ez zen gure erabakia izan— euskara azterketa bera izatea denentzat, ikusi gabe zein eredutik zetozen ikasleak; asumitzen baita eredu guztiak gai direla euskara gaitasuna bermatzeko. Ez bagara hori ziurtatzen ari, zuzendu beharko da, baina analisi hori hezkuntza sistemako eragileei dagokie.
«Oso-oso larria iruditzen zait arbitrariotasunari buruzko susmoak zabaltzea; hemen ez dago inolako aurreiritzirik, ezta ezinikusirik ere. Anonimotasunaren auzia ondo ulertu behar da»
Zero atera duten ikasleen gurasoek salatu dute arbitrariotasunez zuzendu direla azterketak; nolabait ere, zuzentzaileek bazekitela A ereduko ikasleak zirela, eta zigortu nahi izan dituztela. Gerta daiteke hori?
Oso-oso larria iruditzen zait horrelako susmoak zabaltzea; hemen ez dago inolako aurreiritzirik, ezta ezinikusirik ere. Anonimotasunaren auzia ondo ulertu behar da: gure sisteman anonimatu egiten dira ikaslea eta zentroa, hau da, kodeak jartzen zaizkie, eta aztertzaileak ez daki aurrean duen probaren egilea nor den eta zer ikastetxetakoa den. Baina probak antolatzean, ikastetxeek badakite zein epaimahai tokatu zaien, eta epaimahaiko kideek badakite zein zentro tokatu zaizkien; hori jakin arren, azterketa bakoitza norena den ezin dute inoiz jakin. Historikoki horrela izan da beti, eta ez du inoiz zalantzarik piztu; etorkizunean aldatu behar bada, aztertuko dugu.
Hala ere, epaileek esan dute badirela zantzuak pentsatzeko ikasleen anonimotasuna hautsi dela, El Mundo-ren testu baten arabera. Pisu handiagoa izan du albiste batek EHUk aurkeztutako informazioak baino?
Guri ez digute informaziorik eskatu kasu guztietan; behin-behineko neurriak hartzeko ez da derrigorrezkoa parteei entzutea. Eta ikasleen eta gurasoen abokatuak froga bezala aurkeztu zuen El Mundo-ren berri desitxuratu bat. Nik ez dut inoiz esan jakin zitekeenik azterketa bat zer ikaslerena eta zer ikastetxetakoa zen, baizik eta kontrakoa, ezin dela jakin. Unibertsitateak ez du aitortu anonimotasuna apurtu denik, ez delako apurtu.
Auziaren muinaz ebatzi bitartean, epaileek behin-behinean erabaki dute ikasle horiei ezin zaiela kontuan hartu euskarako nota unibertsitatean matrikulatzeko prozesuan, eta ikaspostua gorde behar diela EHUk. Inoiz gertatu al da epaile batek notetan esku hartzea?
Ez, guztiz ezohikoa da. Jakina, guk neurri horiek beteko ditugu, ez dugu beste aukerarik, baina uste dugu prozedura urratzera behartzen gaituztela. 537/2024 errege dekretuak dio batez besteko kalifikazioa egiteko, hizkuntza koofizialak dituzten erkidegoetan, bost ariketa hartu behar direla kontuan, eta kasu hauetan kendu egin dute bost horietako bat, Euskararena. Eta ikasle batzuei bakarrik, gainera: horrek pribilegio bat ematen die ikasle horiei, eta kalte egiten die gainontzekoei; berdintasun printzipioa urratzen du. Gure ustez, ez da erabaki zuzena, eta horregatik aurkeztuko dugu helegitea. Gainera, ikasle horiei ikaspostuak erreserbatzea agindu digu, baina hori betetzea ia ezinezkoa da. Izan ere, non gordeko diegu tokia? Filosofian, Hezkuntzan, Erizaintzan, Kimikan, non? Jakin beharko dugu zer gradu egin nahi duten. Horretarako, toki gehigarriak sortzea adostu dugu Jaurlaritzarekin: graduan sartzeko nota nahikoa duten gainontzeko ikasleei ez eragiteko.
Hemendik hiru urtera ebazten baldin bada ikasle horiei Euskarako nota kontuan hartu behar zitzaiela, zer gertatuko da hirugarren mailan badaude?
Arrazoi horregatik sartu badira, batez besteko kalifikazioa moldatuta, beren matrikula galduko lukete. Autoak berak horixe esan du, ikaspostu hori behin-behinekoa dela; ez da guk hala erabakia.

Epaileak dekretuaren aurka ari badira, prebarikatzen ari dira?
Dekretuak prozedura bat aurreikusten du edozein azterketatan lortutako kalifikazioarekin konforme ez dauden ikasleentzat: lehenik berrikuspen bat eskatu dezakete, eta aldea bi puntutik gorakoa bada, hirugarren eta laugarren aztertzaileek jarriko dute nota; eta azken kalifikazio horrekin ere konforme ez daudenek aukera dute justizian errekurtso bat aurkezteko, beste aztertzaile batek kalifikazioa azter dezan. Dekretuak ez du esaten nota bat batezbestekotik kendu daitekeenik. Eta badio Euskarako nota sartu egin behar dela, ikaslea aldez aurretik salbuetsita ez badago. Hortaz, zer egin du epaile batek esan duenean batezbestekotik behin-behinekoz kendu behar dela kalifikazio bat?
Halako ebazpenik emango lukete zeroak Matematikan edo Historian izan balira?
Nik ezin dut hori baieztatu.
Ikasle gehiago ari dira auzitara jotzen. Honek guztiak ekar al dezake ikasle horiek euskaratik salbuetsita geratzea de facto?
Berriz diot: kalifikazioarekin ados ez daudenei dekretuak aukera ematen die errekurtsoa aurkezteko. Hortik aurrera ateak zabaltzeak erabat desitxuratzen du dekretua eta sistema osoa, beste sistema bat ezartzea dakarrelako. Eta sistema hori ez da gure legegileek pentsatu zutena, ez da gure legebiltzarrak edo Espainiako Gorteek erabakitakoa, baizik eta abokatu eta epaile batzuek proposatutakoa. Erabaki erabat indibidual eta arbitrarioa da. Legearen kontra doana, bide batez.
«Kalifikazioarekin ados ez daudenei dekretuak aukera ematen die errekurtsoa aurkezteko. Hortik aurrera ateak zabaltzeak erabat desitxuratzen du dekretua eta sistema osoa»
Horrez gain, bost ikasleren familiak selektibitateko proba osoa inpugnatu dute, irregulartasunak izan direlakoan. Zer gertatuko litzateke haien eskaerak aurrera egingo balu?
Ezin diot aurrea hartu prozesu horri. Arrazoia emango baliete, ez litzateke urratuko dekretua proba batean, baizik eta bostetan.
Azterketa berriro egin beharko lukete?
Ez. Euskarako azterketa ez dute berriro egin behar; beraz, epailea bide beretik badoa, Batxilergoko batezbestekoa hartuko litzateke kontuan. Eta hori eskatzen ari dira. Orduan, zertarako daukagu unibertsitatera sartzeko probaren sistema?
Zer tresna du EHUk horrelako egoera bati aurre egiteko?
Guk unibertsitateko kide guztien profesionaltasuna defendatuko dugu, baita gure autonomia ere, halako erabakien ondorioz erabat kolokan geratu baita. Dauzkagun bide juridikoak erabiliko ditugu geure burua defendatzeko.
Jaurlaritzak bi jarrera izan ditu auzi honetan. Hezkuntza Sailak sinesgarritasuna eman die gurasoen susmoei, eta ia-ia EHUri egotzi dio erantzukizun osoa. Unibertsitate Saila, berriz, prest agertu da ebazpen judizialak betetzeko formula bilatzeko. Falta izan duzu Begoña Pedrosa sailburuak EHUren lana babestea?
Nahiago dut horri ez erantzutea. Lankidetzan aritu behar dugu une oro Jaurlaritzako sail guztiekin. Eta, elkarrekin lan egiteko, ondo ulertu behar da sistemak nola funtzionatzen duen, orduan argi ikusten baita unibertsitatea eta aztertzaileak seriotasun eta profesionaltasun osoz aritu direla.
Zuk esana da: «Presio sozial, mediatiko edo politikoek ezin dituzte kalifikazioak baldintzatu». Baldintzatzen ari dira?
Unibertsitatearen ikuspegitik, oso seinalatuak sentitu gara, eta oso kritikatuak. Eta kritika horiek ez dute kontuan hartu sistemak nola funtzionatzen duen, zer berme eskaintzen dituen... Oso mingarria egin zait anonimotasuna urratu denik pentsatzea, eta aztertzaileek aurreiritziak dituztela esatea. Hori ez dator bat gure zuzentzaileen profesionaltasunarekin. Azken batean, susmoa haien gainean jarri da, eta ez dute halakorik merezi, oso bidegabea da. Denok gaude behartuta ezarritako sistemaren arabera jokatzera; horrekin zorrotzak gara, garbiak, zehatzak, inpartzialak eta profesionalak.