Ospitaleetatik harago (eguneko laburpena)

PCR proben bidez 23 positibo atzeman dituzte Hego Euskal Herrian. Beste lau pertsona hil dira, koronabirusaren gaitzarekin gaixotuta.

Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua eta Eduardo Maiz Basurtuko Ospitaleko zuzendari kudeatzailea. DAVID AGUILAR / EFE
Pello Urzelai.
2020ko ekainaren 10a
19:18
Entzun

Ospitaletako agerraldiez gain, badago adi egoteko bestelako arrazoirik ere. Duela hamahiru egunetik ez ziren atzematen PCR proben bidez egun batean 23 kutsatu berri Hego Euskal Herrian. Lau lurraldeetan zenbatu dituzte positiboak: Araban hiru, Bizkaian 15, Gipuzkoan bat eta Nafarroan lau. Bizkaiko 15 positiboetako bost Basurtuko agerraldiarekin lotuta daude, baina besteak ez. Azken egunetako joeraren ondorioz, oinarrizko birsorkuntza tasa (R0) 1,90koa da dagoeneko Euskal Autonomia Erkidegoan. Gaurko beste datu kezkagarria ospitaleratze berrien kopurua da: sei pertsona ospitaleratu behar izan dituzte, koronabirusarekin lotuta, denak EAEn.  

Heriotza kopuruari dagokionez, beste lau hildako gehitu behar da. Hiru, EAEn, eta bat Nafarroan. Azken kasu hau, Osasunbideak jakinarazi duenez, positibo aspaldian gertatu bazen ere, bere heriotza koronabirusak eragindako konplikazioen ondorio izan da, talde teknikoaren arabera. Egoera epidemiologikoan aldaketa garrantzitsurik ez dagoela nabarmendu du Nafarroako Gobernuak. Zaintza intentsiboetako unitateetan dauden pertsona kopurua gaur ere ez da aldatu (27).

Ospitaleetako agerraldiei dagokionez, Osakidetzak testak egiten jarraitu du. Basurtuko ospitalearen kasuan, guztira 423 PCR proba egin zaizkie profesionalek, pazienteei eta bisitariei. Guztira 25 positibo atzeman dituzte (gaur bost). Horietako bat hil egin da. Basurtuko ospitalean 12 pazientek, bederatzi langilek eta lau bisitarik eman dute positibo. Txagorritxuko ospitalean guztira 117 PCR proba egin dira eta ez da posotibo berririk agertu. Beraz, guztira lau kasu daude Txagorritxuko agerraldiarekin lotuta.

Distantzia. Normaltasun berria arautzeko dekretuan, segurtasun distantziaren neurria aldatu da: orain arte 2 metro baziren ere, fase horretara iristean 1,5 metro izango dira. Kasualitatez, sare sozialetan kanpaina txiki bat abiatu zuen atzo Nafarroako Gobernuak: "Zer dira bi metro? #2MetroZureKonpromisoarenNeurria".  Distantziaz gain, bestelako arauak ezartzen ditu dekretuak, esatebaterako, maskararen erabilpenari buruzkoak.

Uztailak 10. Frantziako Gobernuak uztailaren 10erako utzi nahi du bertan behera larrialdi egoera. Larrialdi egoera kenduta ere, gobernuak hainbat eskumen gordeko ditu pertsonei eta ibilgailuei zirkulatzea debekatu ahal izateko eta maskeren erabilera arautzeko.

Agian honek ere merezi du

Pedagogia eta segurtasuna. Eskolaren itzulera nolakoa izango guztiz argitzeko dagoen kontu bat da, normalitate berrirako dekretuan jasotzen ez dena. Nola egongo dira antolatuta gelak? Gai horri heldu dio Eneritz Garro unibertsitate irakasleak 'Pentsaldian' ataleko artikuluan. Gelen antolaketa osasunaren zaintzaren ikuspegitik begiratzeaz gain, ikuspegi pedagogikotik ere bideratu behar dela aldarrikatu du. Irakuskuntza elkarrekintza eskatzen du. Horregatik, geletan ikasleak talde txikitan jarrita ikusten dira eguneko momentu askotan. Aitzitik, Eneritz Garroren ustez, ikasleak banaka antolatzeak ez du laguntzen elkarrekintza. Gaur, Isabel Zelaa Espainiako Hezkuntza ministroak gelen antolaketa posibleari buruz aipamen bat egin badu ere, hamar urte arteko haurrak "familia edo bizikide modura" talde txikietan egongo direla esanez, dena zehazteko dago.

Itxialdiko bakardadea. Matia eta Hurkoa fundazioek gogoeta bat landu dute izurriak eragindako auzi etikoei buruz. Bi fundazio hauek bereziki adineko pertsonen eta desgaitasunak dituztenen alorretan dihardute. Alberto Uriarte Matia eta Hurkoa fundazioetako etika batzordeko presidentea elkarrizketatu du Arantxa Iraola kazetariak, eta gogoeta interesgarriak bildu ditu. Adinekoen egoitzetan izan diren bakartzeak berrikusi beharko liratekeela uste du Alberto Uriartek. Zentroetako langileen ustez, ez zen beharrezkoa egoiliarrak 30-40 egunetan bakartuta edukitzea

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.