Gizartea

Ostadarraren koloreek tindatu dute gaurko eguna

Lesbiana, Gay, Bisexual eta Transexualen Harrotasunaren Nazioarteko Eguna da gaur.

2010eko ekainaren 28a
19:03
Entzun
Gaur, LGBT Lesbiana, Gay, Bisexual eta Transexualen Harrotasunaren Nazioarteko Eguna dela eta, arratsean berriz ere euren aldarriak kalera atera dituzte Euskal Herriko gay, lesbiana, bisexual eta transexualen elkarteek.

Adibidez, Gasteizko Transmarikabollo mugimenduak kolektibo horiek alderdi politikoen nahiz erakundeen aldetik jasaten dituen "instituzionalizazio eta otzantze saio etengabeak" salatzeko baliatuko du gaurko eguna. Haien arabera, "pozoitutako gozokiak" eskaini zaizkie, "ustezko" berdintasuna oinarri hartuta.

Gehituk, berriz, urteroko Zilarrezko Gehitu saria CEAR Errefuxiatuen Laguntzarako Espainiako Batzordeari eman zion aurreko asteazkenean, arrazoi sexualak direla medio bazterkeria juridikoa, politikoa eta soziala pairatu duten pertsonen alde egindako lanagatik. EHGAMek gaur jakinaraziko du nori emango dizkien aurtengo Urrezko Hirukia eta Trapuzko Espartina sariak.

Bilgune Feministak "heteronorma hausteko" deia egin du. "Norma horrek aukera bakarrera mugatzen gaitu; eta, gainera, eredu hori guztiz da genitala, koitala, bi pertsonen artekoa, eta gizonen plazerera bideratuta dago". Hala, lesbianen zein transexualen ikusgarritasuna bultzatzeko eta haiek jasaten dituzten "epai sozialak" gainditzeko eskatu dute. Horretarako, gaurko manifestazioetan parte hartzera deitu dituzte herritarrak.

Amnesty International (AI) erakundeak ere dei egin du gaurko egunaren harira antolaturiko ekitaldietan parte hartzera. AIk bereziki ohartarazi du transgenero pertsonek munduko hainbat lekutan pairatzen duten egoeraz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.