Arrantza

Ostegunean antxoatara ateratzea erabaki dute Lapurdiko arrantzaleek

Frantziako arrantzontziek irekitako ildoa jarraituz, EBk ezarritako debekuak hautsiko dituzte. Bizkai eta Gipuzkoako arrantzaleak jokamolde horren aurka daude. Atzo Frantzia iparraldeko hainbat itsasontzi atera ziren antxoa arrantzara, 7 tona bildu dituzte, eta kiloko 0,88 zentimotan saldu dituzte Arroxelan.

2007ko apirilaren 16a
18:43
Entzun
EBk ezarritako arauak urratuz, ostegunean aterako dira Lapurdiko arrantzaleak antxoatara. Hala erabaki dute gaur goizean Donibane Lohizunen egin duten bileran, Frantzia iparraldeko zenbait arrantzontzi atzo atera zirela, eta 7 tona antxoa bildu dituztela jakin eta gero. Agertu dutenez, Lapurdiko zortzi itsasontzi prest daude kanpaina horretan hasteko, eta asteburuan bertan has daitezke antxoak harrapatzen.

Espezien hori eskastu dela eta,antxoaren arrantzan hainbat murrizketa eta galarazpen ezarri zuen Europako Batzordeak. Hala, apirilaren 25 arte debekatu egin zuen antxoatan hastea, eta hortik aurrera aritzeko baimena Euskal Herriko, Galiziako, Espainiako eta Frantziako itsasontzi kopuru mugatu bati eman dio. "Kanpaina espermientala" deitu dio apirilaren 25etik aurrerako horri, eta antxoa ugaltzen ari den frogatzea izango luke helburu.

Frantziako zenbait itsasontzik, ordea, urratu egin dituzte debeku horiek, eta atzo hasi ziren antxotan. Arestian aipatu bezala, 7 tona arrantzatu bide dituzte,eta kiloko 0,88 zentimotan saldu Arroxelan.

Orain, Lapurdiko arrantzaleek bide bera hartzea erabaki dute. Aldiz, Bizkai eta Gipuzkoako arrantzaleak antxoatan hastearen kontrakoak dira: biomasa handitu dela frotugatu bitartean debeku zorrotza ezartzearen aldekoak dira. Ondorioz, Bizkai eta Gipuzkoako arrantzaleek haserre hartu dute Lapurdikoaren erabakia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.