Ostegun honetan Nafarroako Parlamentuan Euskararen Legearen balizko aldaketaz hitz egingo dute alderdiek berriro, eta lege hori salatzeko elkarretaratzea deitu du Euskal Herrian Euskaraz-ek (EHE). Legebiltzarreko saioa 9:30ean hasiko da, eta EHEk 9:00etarako deitu du ekimena -Iruñea, Parlamentu aurrea-. Vascuence Legea pikutara! Euskara ofiziala Euskal Herri osoan izango da leloa.
EBk eta Nafarroa Baik Noain, Aranguren, Beriain eta Galar eremu mistora pasatzeko ahaleginak egin dituzte azkeneko hilabeteetan Nafarroako Parlamentuan, baina ez dute arrakastarik izan.
EAEko eta Ipar Euskal Herriko hizkuntz politikak ere salatu ditu EHEk. EAEko Osakidetzako euskara eskakizunak kritikatu ditu, esaterako, "2.250 lanpostuetatik laurdenean baino ez dutelako exijituko euskara". Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoa, berriz, Paristik gidatzen dutela dio, eta euskararen aldeko politikak Euskal Herritik zuzendu behar direla.
Euskara