Otegi askatzearen aldeko ekimenarekin bat egin dute nazioarteko eragile ugarik

Nazioarteko presioaren bidez, Otegi aske uztera behartu nahi dute Espainiako Gobernua 600 sinatzaile inguruk

jon olano
Donostia
2010eko azaroaren 7a
00:00
Entzun
« Ziur gaude Arnaldo Otegi preso politikoa dela». Uste horretatik abiatu dira Europako, Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) eta Hegoamerikako 600 pertsona inguru, Otegi espetxetik atera dezaten eskatzeko. Donostian emandako prentsaurrekoan aurkeztu zuten atzo kanpainak nazioartean jaso duen babesa. Diego Paredes Manot Txiki zenaren anaia, Tasio Erkizia ezker abertzaleko kidea, Carlo Frabetti idazlea, Joan Tarda eta Angeles Maestro politikariak, Doris Benegas eta Miguel Castells abokatuak eta Hodei Otegi Arnaldo Otegiren semea izan ziren prentsaurrekoan.

Otegi espetxeratzeko arrazoi bakarra «bere ideien alde egin dezakeen lana saihestea» dela uste dute ekimenaren sustatzaileek. Otegi «Preso politikoa» dela diote, eta ezker abertzaleko burua kartzelan sartu zuen Espainiako Auzitegi Nazionala «errepresio politikorako» tresnatzat dute, «Europan parekorik ez duena».

Ohar baten bidez eskuratu dituzte sustatzaileek sinadura guztiak. Otegi «bere herriko buruzagi politiko» bat dela irakur daiteke oharrean, eta urteak daramatzala «bere herriaren nahi legitimoei irtenbide demokratiko bat bilatzen». Otegik espetxean jarraitzen badu, «euskal herritarren buruzagi politiko bat eta prozesu historiko honetan ekarpen asko egin ditzakeen pertsona bat» alde batera uzten dela uste dute, eta, beraz, «Otegi aske gera dadin» eskatzen dute. Nazioarteko 600 eragileren atxikimendu inguru eskuratu dituzte oharrarekin, eta Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidenteari helarazi nahi diote oharra, sinatzaile guztien zerrendarekin batera.

Ekimena Demokrazia eta Justizia Sozialaren aldeko Mugimenduak bultzatu duela esan zuen Benegasek, eta kanpaina abuztuan Sao Pauloko foroan hasi zela.

Kanpaina zabaltzea da antolatzaileen xedea, nazioarteak Espainiako Gobernuari presio egin eta Otegi aska dezan. Horretarako, Europako ezkerreko indar politikoekin hitz egingo dute, proposamena Europako Parlamentura hel dadin. Hegoamerikako indar politikoekin ere batzartuko dira, Latinoamerikako Parlamentuan ere eztabaidatzeko.

Iazko urrian hartu zuten preso Arnaldo Otegi, Batasuneko Mahai Nazionala berrosatu nahi izatea egotzita. Martxoan, AngelaMurillo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak bi urteko kartzela zigorra ezarri zion Jose Mari Sagardui Gatza-ri eginiko omenaldi batean «terrorismoa» goratzea leporatuta. «Euskal preso politikoei, errefuxiatuei eta borrokan utzi ditugun beste hainbat kideri zor diegu, eta lortuko dugu!» esateagatik kondenatu zuten.

Hurrengo ostegunean Otegiren aurkako beste epaiketa bat hasiko da, oraingoan 2004an Anoetako proposamena aurkeztu zuenean «terrorismoa» gorestea, desobedientzia, eta bilkura legez kanpoko batean parte hartzea egotzita. Joseba Permach eta Joseba Alvarezere epaituko dituzte.



Sinatzaile batzuk

Adolfo P. Esquivel. Bakearen Nobel sariduna

Gerry Adams. Sin Feinn-eko buruzagia

John Catalinotto. AEBetako kazetaria

Joan Ridao. ERCren diputatua Espainiako Kongresuan

Xose Manuel Beiras. BNG-ko buruzagi ohia

Bairbre de Brun. Sin Feinneko eurodiputatua

Nora de Cortiñas. Maiatzeko Plazako ama

Ramsey Clark. AEBko fiskal nagusi ohia

Alfonso Sastre. Idazlea

Jorge Beinstein. Ekonomista

Fito Rodriguez. Musikaria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.