Batasuneko eledunak adierazi duenez, ezker abertzalearen proposamena "berritzailea" da, eta "egoera desblokeatzeko baliagarria" izan daiteke. Eurek proposatutakoa ez dela "fronte bat sortzeko deia" esan du Otegik, "ez dugu siglen batasun bat egin nahi, baizik eta bakearen eta autodeterminazioaren aldeko bloke bat".
Euskal Herriak "memento historiko garrantzitsu" bat bizi duela gogoratu du ezker abertzaleko buruzagiak, eta une honetan ezin dela Madrilekin hitz egin ikuspuntu alderdikoi batetik, "baizik eta gure herriaren eskubide historikoak jarri behar dizkiegu mahai gainean".
Alderdiekin bilerak
Ezker abertzaleak proposamen honekin bat egin zezaketen alderdi guztiekin biltzeko konpromisoa hartu zuela esan du Otegik, eta proposamenaren ondorengo erreakzioak ez direla "botelasterrekoak" izan azpimarratu, "guztiek ezagutzen zutelako aurrez". Ezker abertzaleak "eztabaida argi eta serioa" egin nahi duela oroitarazi du, halaber.
Zenbait alderdik "ETA oztopo bat" dela esatea "logikoa" dela eta ulertzen duela esan du, baina hala eta guztiz ere "zerrenda hori posible" dela. "Hitz egiteko eta proposamenak kudeatzen hasteko garaia da", nabarmendu du. Arnaldo Otegik esan du ulertzen duela enplazamenduari jarritako aitzakia, alegia, ETAri su-etena aldarrikatzeko premia eskatu dutela. "Logikotzat jo" du, baina hori bigarren urratsa izango litzateke, Otegiren esanetan. "Guk hori konprenitzen dugu, baina esaten duguna da hori ezin daitekeela oztopo bat izan hitz egiten hasteko. Guk argi daukagu gauza bat, eszenatoki politikoa guztiz aldatuko da eta autodeterminazio eskubidearen norabidean aldatzen bada, guk ez dugu zalantza izpirik ETAk hori kontuan hartuko duela", esan du Otegik.
"Ezker abertzalea arriskatzen ari da"
Ezker abertzalea "arriskatzen" ari dela azpimarratu du Batasuneko bozeramaileak, eta gainontzeko alderdiak "arriskatzeko prest" dauden ala ez jakin nahi dutela esan du. "Espainiaren porrota irudikatzen duen garaia bizitzen ari gara", Otegiren ustez. "Euskal Herriarentzat benetako aukera bat da, irabazteko proposamena delako".
Gatazka politikoa
Otegi: "Gure proposamena onartzeak aldaketa ugari ekarriko lituzke gure herrian"
Arnaldo Otegi Sozialista Abertzaleak taldeko bozeramailearen esanetan, pasa den asteartean ezker abertzaleak Bergaran, Telesforo Monzon zenaren etxean, egin zuen proposamena onartzeak "aldaketa ugari" ekarri lizkioke Euskal Herriko gatazka politikoaren konponbideari. "Ez dugu abertzaleek osatutako zerrenda bat sortzea proposatu, baizik eta herri honen autodeterminazioaren alde dauden eragile politikoen kandidatura bat sortzea, Aznar jaunari hauteskundeak irabazteko", azpimarratu du Otegik ETB-2ko 'El Punto' saioan eskaini duen elkarrizketan. Halaber, "eszenatoki politikoa autodeterminazio eskubidearen norabidean" aldatzen bada, "ETAk hori kontuan hartuko" duela "zalantza izpirik ez" duela esan du Otegik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu