Otegi: «Aldaketa hemen dago, eta orain gauzatu behar dugu»

Maddalen Iriartek iragarri duenez, «Espainiako eskuinekin izan ezik», gainerako indarrekin eta gizarte eragileekin bilerak egingo dituzte «gehiengo subiranista eta aurrerakoiak» gauzatzeko aukerak aztertzeko.

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordiatzaile nagusia ieta Maddalen Iriarte lehendakarigaia bart gauean, emaitzen lehen irakurkea eginez. JON URBE / FOKU
joxerra senar
2020ko uztailaren 13a
13:17
Entzun

«Herritarren mezua ulertu dugu». Hauteskunde emaitza onak izan ostean, EH Bildu aurrera begira jarri da, Maddalen Iriarte lehendakarigaiaren arabera, Eusko Legebiltzarrean uneotan erabakitzeko eskubidearen aldeko indarrek «zabaldu eta indartu» egin dute eragin eremua, eta, aldi berean, gehiengo aurrerakoi bat utzi du atzoko emaitzak. Hala, bilera sail bat egingo dute, «Espainiako indarrekin izan ezik», gehiengo aurrerakoi eta subiranista bat egituratzen ahalegintzeko. Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak aukera guztiak agortu nahi ditu: «Aldaketa hemen dago, eta, orain, gauzatu egin behar dugu».

Hauteskunde gauean lehen analisia egin ondotik, EH Bilduk eguerdian prentsa bildu du, Donostian. Iriartek zehaztu duenez, aurreko urteetan PSE-EEk utzikeriaz jokatu du, eta ez da gauza izan EAJri «ezkerretik eragiteko». «Guztiekin hitz egiteko hautua egin dugu, eta ikusiko dugu zer bide urratu nahi duen eta zer konpromiso hartzen duen», gaineratu du. Iriarteren esanetan, politika aurrerakoien eta subiranotasunaren garapena izango dute ardatz bilera horietan.

Bigarren arlo horretan, bere ikuspegitik, jeltzaleek uko egin diote bide horri jorratzeari eta «nahiko argi» geratu da hori autogobernuaren oinarri eta printzipioen akordioa garatzeko orduan. Akordio hori garatzeko konpromisoa eskatuko dute bileran: «Gehiengo soziologiko bat dago subiranotasunaren alde egiten duena, baina ez da EAJ bera».

Emaitzari dagokionez, Arnaldo Otegik nabarmendu du boto kopuruan gora egin duen alderdi bakarra dela EH Bildu, eta hori abstentzio handiko testuinguru batean gertatu dela. Otegiren arabera, etengabe hazten ari da koalizio abertzalea, baina «tentuz» aztertu behar da abstentzioa. Izan ere, «kezkatuta» agertu da herritarren erdiak ez direlako hautetsontzietara joan. Pandemiak eragina izan badu ere, haren ustez, Eusko Jaurlaritzaren kudeaketaren gaineko zalantza ere islatzen du abstentzioak, eta alderdien ardura da ezinegon hori mobilizatzea.

Abstentzioarekin kezkatuta

Koalizioak 23.000 boto gehiago lortu ditu, eta, Otegiren hitzetan, beste alderdietatiko botoak hartzeaz gain, bozkatzeko aukera izan duten «gazteen gehiengo handi batek» EH Bilduren alde egin du. Haren ikuspegitik, EH Bildu «itxaropenerakoa botoa» da, eta «etorkizuna ezkerrekoa eta subiranista da». Otegik gogoratu du, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan haztearekin batera, goranzko joera erakutsi duela hala Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan nola Nafarroan. «Horrek esan nahi du nazio ikuspegitik aurrera egin dun proiektu batez ari garela».

Otegik eta Iriartek nabarmendu dute herritarren gehiengo batek bat egiten duela EH Bilduren balioekin eta haren izaera herritarrarekin. «Behin baino gehiagotan esan dugu kanpainan zein aurretik, hemen bi aukera zeudela: bata autonomista eta neoliberala, eta bestea subiranista eta ezkerrekoa. Uste dugu gurea oso indartua atera dela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.