euskal presoak

Otegi Martuteneko kartzelatik Logroñokora eraman dute

Ezker abertzaleko kidea apirilaren erdialdean ekarri zuten Navalcarnerotik, aitaren osasun egoeragatik. Urritik daukate preso.

2010eko maiatzaren 6a
15:36
Entzun
Arnaldo Otegi ezker abertzaleko kidea Martutene Donostiako kartzelatik Logroñokora (Espainia) eraman dute gaur, eguerdian Espainiako espetxe zuzendaritzak jakinarazi duenez. Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko Barne ministroak atzo iragarri zuen espetxez aldatuko zutela Otegi.

Batasuneko bozeramaile izandakoa apirilaren erdialdean Navalcarnero espetxetik (Espainia) ekarri zuten Donostiakora, aitaren osasun egoera zela-eta. Angel Hurtado, Julio de Diego eta Enrique Lopez Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileek eman zioten aita bisitatzeko baimena.

Iragan urritik daukate preso. Donostian atxilotu zuten urriaren 13an, LABen egoitzan, Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz. Espainiako Poliziak denera hamar lagun atzeman zituen orduan eta Garzonek, Otegi ez ezik, Rafa Diez Usabiaga, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez eta Miren Zalabeta kartzelara bidali zituen, Batasunaren Mahai Nazionala berriro osatu nahi zutelakoan. Epaileak Diez duela egun batzuk behin-behinean eta bermepean aske utzi zuen, ama zaindu behar duelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.