Politika

Otegik dio "Aralarrekin zailtasunak" dituztela bloke independentista osatzeko

"Ezker abertzalea ordezkatu nahian dabil legez kanporatzea probestuz, eta ematen du gu haren etsaiak garela. Bestela ere baditugu desberdintasunak Aralarrekin. Arazo bikoitza dugu, beraz". Ezker abertzaleko kideak jakinarazi du "estrategia eraginkorra" osatzeko bidean ez direla mugatuko sigletara.

2009ko martxoaren 24a
15:46
Entzun
Ezker abertzaleak atzo zortzi jakinarazi zuen euskal estatua eratu nahi duten indarrekin biltzen hasiko zela, eta gaur Arnaldo Otegik aipatu du "EAJrekin eta Aralarrekin zailtasunak" izango dituztela bloke independentista osatzeko. "EAJko zuzendaritzak independentziaren bidea albo batera utzia dauka. Dena dela, ni seguru nago EAJko botoemaile asko eta asko independentistak direla. Aralar, berriz, ezker abertzale 'ofiziala' -hala definitzen du berak- ordezkatu nahian dabil legez kanporatzea probestuz. Ematen du gu haien etsaiak garela. Bestela ere baditugu desberdintasunak Aralarrekin. Arazo bikoitza dugu, beraz, harekin".

Dena dela, eragileekin biltzeko prest daudela esan du Otegik, ez du zehaztu zeinekin batzartu diren azkeneko egunetan, baina jakinarazi du ez direla mugatuko sigletara. Bakea eta konponbide politikoa lortzeko asmoz "independentistek estrategia eraginkorra" eratzea ezinbestekotzat jo du ezker abertzaleko kideak gaur, Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan.

Haren ustez, Hego Euskal Herriko mapa politikoan "lau familia" daude: "Eskuin espainola, ezker espainola -'ezker', kakotx artean-, zentro-eskuin abertzalea -EAJk ordezkatzen duena- eta ezker abertzalea. Guk azken esparru hori lideratu nahi dugu, beste eragile batzuekin batera, Euskal Herriari eskaintza politikoa egiteko eta negoziazio prozesurako".

Otegik gaur berretsi egin du Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen "ondoren" ez dutela PSE-EErekin hartu-emanik izan, EAJk hala esan duen arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.