EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegiren arabera, EAJ «ez da alderdi faxista bat». ETB1 telebista katean egindako elkarrizketa batean, koalizioak joan den astean sare sozialetan zabaldu zuen bideo bati buruz galdetu diote Otegiri; bideo horretan, Aitor Esteban Kongresurako EAJren Bizkaiko zerrendaburua azaltzen da PPko eta Voxeko buruzagi batzuekin batera. Bideo hori horrela egitea «akats bat» izan dela argitu du koalizioko koordinatzaile nagusiak.
Otegik azaldu du EAJ «faxisten aurkako gerra batean» aritu zela. «Beraz, gure jendeari esan behar diote argi eta garbi EAJ ez dela gure etsaia, baizik eta gure lehiakide politikoa». EAJ eta Esteban bera minduta azaldu dira egunotan, bideoak islatzen duena haiekiko «iraingarria» delakoan.
Bada, EH Bilduko koordinatzaile nagusiak garbi esan du hauteskunde giroan gertatutakoa ez dela zuzena: «EAJ ez da alderdi faxista bat, eta akats bat da alderatzea Aitor Esteban eta EAJ Voxekin. Sarritan esaten dugu eztabaida politiko zaindua nahi dugula, eta uste dut bideo hori akats bat dela. Ez da onargarria gure aldetik EAJ PPrekin eta Voxekin konparatzea, eta nire izenean, behintzat, eskatzen diet uler dezatela akats bat izan dela».
78ko erregimena
Hauteskundeen harira egindako bideoa alde batera utzita, koalizioko buruak abisu argia eman du Espainiako Gorteetarako hauteskundeei begira. Estatuaren «elite ekonomikoak eta beste mota batzuetakoak 78ko erregimena salbatzeko operazio bat» prestatzen ari direla esan du. PPren eta Voxen arteko formula da «autoritarioena» operazio horretan, azaldu duenez.
Dena den, adierazi duenez, aurreko legegintzaldian egon den gobernua errepikatzen bada —PSOEk eta Sumarrek osatua, azken hori Unidas Podemosen ordez arituta—, lurraldeen auzia «mahaiaren gainean» jarri beharko litzateke.