ETAren su-etena. Otegiren elkarrizketa

Otegik «funtsezkotzat» jo du ezker abertzalea bozetan izatea

'Gara' egunkariari emandako elkarrizketan «oztopo itzelez» ohartarazi du, estatuak ez baitu «inolako interesik» zikloz aldatzekoAliantzak egiterakoan, «alderdikerietatik etengabe» aldentzeko beharra azaldu du

Arnaldo Otegi, pentsakor, 2009ko maiatzaren 26an, Iniciativa Internacionalistaren hitzaldi batean, Iruñeko Carlos III zinema aretoan. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
2011ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
2009ko urrian espetxeratu zutenetik hirugarren elkarrizketa eskaini du Arnaldo Otegi ezker abertzaleko kideak Logroñoko espetxetik. Oraingoan Gara egunkariari. ETAk azken agiria kaleratu baino lehenago erantzun zien galderei, eta bertan azpimarratzen du «funtsezkoa» dela maiatzaren 22ko hauteskundeetan ezker abertzalea egotea. «Ez soilik euskal gizartearen borondatea eta bere esparru instituzionala manipulatzen duen egungo bereizketa politiko-ideologikoa gainditzeko, baizik eta batez ere eragile politiko eta sozial guztiekin prozesu demokratikoaren atzeraezintasuna jorratzeko». Alabaina, ezker abertzalearen apustu estrategikoa «hauteskundeetatik harago» doala ere nabarmendu du.

El País-i emaniko elkarrizketa batik bat espainiarrentzat zen, eta The Wall Street Journal-i emanikoa,nazioarteko komunitatearentzat; honako honek, berriz, «euskal gizartearekin egindako elkarrizketa zuzena» izateko asmoa du, Gara-ren arabera. Bertan, egungo egoeraren zein etorkizuneko erronken inguruko analisia egin du Otegik. Hala, irudikatu egiten ditu etorkizun hurbilean «izan edo espero daitezkeen» gertaerak: batetik, ETAk Gernikako Akordioaren eta Bruselako Adierazpenaren edukiak «bere gain hartzea»; bigarrenik, ezker abertzalea legeztatzea; eta hirugarrenik, presoen aurkako salbuespenezko neurriak desaktibatzea.

Barne erresistentziak

Argi du egungo garaiek «ziklo politiko-militarra erabat gainditzea» exijitzen dutela. 2008ko apirilean estrategiaz aldatzeko eztabaidari ekin zitzaion, eta, haren hitzetan, hasieratik espero zuten «erresistentziak» sortzea ezker abertzalearen militantzia zabalaren esparru batzuetan. «Arraroena eta kezkagarriena kontrakoa litzateke». Dena den, Arnaldo Otegiren hitzetan, espero baino barne erresistentzia txikiagoa aurkitu dute, eta, uneotan, ezker abertzalea espero zuen tokian dago: «Egin dugun autokritika ariketa zintzoarekin oso harro nago». Adibidez, aurreko prozesuan egindako «akats larriak» inoiz gehiago ez dituztela errepikatu azpimarratu du.

Ezker abertzaleak jada aurreratua du hurrengo asteetan aurkeztuko dituela alderdi berriaren estatutuak eta Alderdien Legea beteko dutela. «Askapen nazionalerako prozesuan aurrera egiteko baldintzarik hoberenetan egoten ez bagara, gure herriak ordaindu beharko duen prezioarekin alderatuta, prezio hori hutsala da». Hori bai, «Euskal Herri independentista eta sozialista lortzeko borrokari uko egitearen truke legeztatzea» inoiz ez dutela onartuko argi utzi nahi izan du.

Etorkizunari begira baikor badago ere, euskal gizarteari aurrean diren «zailtasun eta oztopo itzelez» ohartarazi dio. ETAren agiria ezagutu baino lehen erantzun zituenez, ez dute jaso agiriaren gaineko haren iritzirik, baina Otegik aurreratu du ez duela zalantzarik Bruselako Adierazpenaren aldeko borondatea adieraziko duela ETAk. Haren iritziz, ordea, urrats horrek «ez du automatikoki Estatuaren estrategia nabarmen aldatuko».

Izan ere, Otegik ondorioztatzen du Espainiako Estatuak ez duela «inolako interesik» egungo ziklo politikoa aldarazteko. «Badaki egungo zikloan irabazi egiten duela eta euskal herritarrok galdu. Noiz aldatuko du zikloa? Gure borrokaren bidez, indar metaketaren bidez eta aurrez aurreko demokratikoaren bidez zikloz ez aldatzeak onurak baino kostu gehiago eragiten dizkiola ondorioztatzen duenean», azaldu du. Osagai horiek gabe, Otegik argi utzi du «helburu politiko arrazoizkoena ere» ez dela lortuko.

Kontraesanei buruz

EArekin hitzartutako akordio estrategikoa zein aurrerantzean landu beharreko aliantzen politika ezker abertzalearen berezko proiektutik bereizi behar direla iritzi dio. «Interes alderdikoietatik aldendu behar dugu etengabe, eta benetako estatu politika jorratu behar dugu». Otegiren aburuz, bide horretan kontraesanak sortuko dira, eta horiek «adimenarekin» gainditu behar direla iritzi dio: «Adarrek ez digute inondik ere basoa ikustea galarazi behar». Izan ere, haren ustez, euskal estatua eraikitzeko bide horretan «kontraesan nagusia» Euskal Herriaren eta bi estatuen artean ematen dena da.

EAJrekin oso kritiko azaldu da, PSOErekin «aliantza irmoa»duelako. «Hala ere, posizio politikoak ez dira betierekoak. Independentiston sendotasunaren araberakoa izango da bere bilakaera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.