EH Bilduko idazkari nagusi Arnaldo Otegik Ertzaintzaren ikerketen inguruan galdetu du, Hernanin (Gipuzkoa) Poliziaren aurka egindako pintaketak eta Bilboko alkate Juan Mari Aburtoren aurkakoak direla eta. Herri Irratian egindako elkarrizketa batean, koalizio subiranistako gidariak gogoratu du «mundu guztia» atera zela «lehen minututik» esatera EH Bildu zela pintaketen erantzulea. «Hilabete batzuk joan dira. Zertan dira pintaketa horien inguruko Poliziaren ikerketak?», galdetu du. Eta bere irudipena jakinarazi du: «Mundu guztiak daki nor dagoen atzean, eta mundu guztiak ezkutatzen du».
Otegik uste du «saio handi bat» egongo dela galarazteko «EH Bildu lehen indarra izatea» hurrengo hauteskundeetan. «Uste dut marra gorri bat pasatzea dela politikaren eta hedabideen zenbait esparrutan informazioa ezkutatzea, nahiago dutelako EH Bilduri eraso egin benetan gertatutakoa mahai gainean jarri baino».
Jarrera horiek kezkatzen dute Otegi, hauteskundeak iritsi arte «fronte zabal moduko bat eratuko baita», zeinean «bat etorriko baitira kide arraro batzuk» EH Bildu izan ez dadin lehen indarra.
«Ez dute helburu independentzia nazionala. GKSk defendatzen du herri honetan autodeterminazioa egongo dela iraultza proletarioa gailentzen denean»
ARNALDO OTEGI EH Bilduko idazkari nagusia
GKSren inguruan galdetuta, EH Bilduko idazkari nagusiak erantzun du bere ustez, «zerbait oso zaharra» dela, defendatzen ei dutelako «independentzia nazionala» ez dela helburua. Otegik azaldu du GKSk dioela «iraultza proletarioa gailentzen denean» egongo dela autodeterminazioa «herri honetan». Horrez gain, gazte mugimendu sozialista hori kritikatu du «euskararen inguruan dituen iritziak» direla eta. «Oso kezkagarria da hori».
Festetako txosnen auziaren inguruan ere galdetu diote EH Bilduko buruari. Ukatu egin du koalizioa inongo betorik jartzen ari zaiola GKSri. Erantsi du esparru horretan «arazoa» zera dela: «Harreman txarrak dituztela denekin, eta inork ez dituela txosnak haiekin batera jarri nahi».