Otegik ziurtatu du «iraganeko PSOE berreskuratzeko» asmoz egin dituztela ustelkeriarekin lotutako operazioak

EH Bilduko idazkari nagusiak esan du Guardia Zibilaren benetako helburua ez dela ustelkeria amaiaraztea: «Ongi ezagutzen ditugu egiten dituzten sumarioak».

Arnaldo Otegi, artxiboko argazki batean. VILLAR LOPEZ / EFE
Arnaldo Otegi, artxiboko argazki batean. VILLAR LOPEZ / EFE
xabier martin
2026ko ekainaren 16a
11:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ustelkeria auzien harira PSOEk aurrez aurre duen ataka larriari heldu dio EH Bilduren idazkari nagusi Arnaldo Otegik, Espainian dagoen anabasa judizial, politiko eta mediatikoari azalpen bat emateko helburuz: «Operazio horien atzean» dagoen xedea, haren arabera, zera da: «aukera leihoa ixtea, eta iraganeko PSOE berreskuratzea». Naiz irratian egindako elkarrizketa batean, koalizio subiranistaren gidari nagusiak esan du arreta jarri behar zaiola ustelkeria auzien «atzean» dagoenari. «Ustelkeriarik badago? Noski. Borrokatu behar da? Irmoki. Baina operazio horien atzean beste helburu bat dago». Edonola ere, Otegik garbi dauka «klientelismoa, entxufismoa eta lagunkeria 78ko erregimenaren parte» direla.

Cerdan auzia, Zapatero auzia, Leire Diez auzia... PSOE inguraturik dago botere judizialaren oldarraldia tarteko, eta auzi horietan funtsezko rola jokatzen ari da Guardia Zibila, UCO adarraren bitartez, baita Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuaren emazte Begoña Gomezen eta anaia David Sanchezen aurkako auzibideetan ere. «Guardia Zibilaren helburua ez da ustelkeria errotik amaitzea. Ongi ezagutzen ditugu egiten dituzten sumarioak», ziurtatu du EH Bilduren idazkari nagusiak; «ez da sinesgarria pentsatzea Guardia Zibila ustelkeria garbitzeko jaio zela, frankismoaren sostengu izan ostean».

«Ez da sinesgarria pentsatzea Guardia Zibila ustelkeria garbitzeko jaio zela, frankismoaren sostengu izan ostean» 

ARNALDO OTEGI EH Bilduko idazkari nagusia

Hain zuzen, EH Bilduren Mahai Politikoak ideia hori azaltzen duen agiri bat onartu berri du, eta militantziari helarazi dio. Horren arabera, operazio bat abiarazia dute «gehiengo plurinazionalak eta aurrerakoiak martxan jartzeko» zain dauden «aldaketa demokratikoak» geldiarazteko.

Estatus politikoa «moztu»

Batera edo bestera, ustelkeriaren harira koalizioak zer jarrera duen adierazi du berriz ere Otegik. «Zintzotasuna eta zuzentasuna dira EH Bilduren banderak. Politikara zerbitzatzera, herritarren kezkak konpontzera eta aldaketa sakonak egitera etorri gara, ez gobernuetan egotera eta dirua egitera».

Eta agenda politikoan eragiteko gaitasunaren garrantziaz aritu da segidan, estatus politiko berriaren inguruko negoziazioei erreparatuta: «Ez dezagun Madrilgo agenda Euskal Herrira ekarri. Egin dezagun gure bidea, eta lor ditzagun adostasunak gure artean. Aukera bat irekia dugu gure estatus politikoan aurrera egiteko». Otegiren arabera, Espainian martxan dauden operazioen helburua da estatus politikoan aurrera egiteko aukera «moztea».

Nolanahi ere, Euskal Herriko agendatik kanpoko arrisku bati begira jarri da EH Bilduko burua: eskuin muturrari. Espainian, eskuin muturrak aukerak ditu gobernura iristeko, eta hori egoera politikoa baldintzatzen ari da: «Agirre lehendakariak askotariko tradizio politikoak batu zituen gobernu berean, arrisku eta mehatxuei aurre egiteko: fronte zabalak eta gutxieneko programak behar dira arrisku eta mehatxuei aurre egiteko».

EAJren eta PSE-EEren siglak aipatu gabe, alderdi horientzako galderak egin ditu jarraian: «Zergatik ez da gobernu kolaboratiboen izpiritu hori berreskuratzen? Zergatik ez da formula bera aplikatzen? PP eta Vox bloke erreakzionario beraren parte dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE