poliTIKA

Otegiren askatasunaren aldeko uholdea

Perez Esquivelek, Gerry Adamsek, AEBetako fiskal nagusi ohiak, Fermin Muguruzak eta beste 600 lagunek ere ezker abertzaleko kidea askatzeko eskatu dute. Gutuna bidali diote Zapaterori: "Euskal gizartearen gehiengoak aitortzen du Otegi lider politikoa gisa". Beste ekitaldi batzuk iragarri dituzte. Atzo 250 lagun ezagunek beste ekimen bat aurkeztu zuten.

2010eko azaroaren 6a
14:38
Entzun
Adolfo Perez Esquivel Bakearen Nobel sariduna, Gerry Adams Sinn Feineko presidentea, Ramsey Clark AEBetako fiskal nagusi izandakoa, Fermin Muguruza musikaria, Joan Ridao ERCko idazkari nagusia, Joan Tarda ERCko Espainiako parlamentarioa, Xose Manuel Beiras BNGko buru ohia, Doris Benegas eta Miguel Castells abokatuak, Carlo Frabetti idazlea eta ia beste 600 lagun ere Arnaldo Otegi ezker abertzaleko kidearen askatasunaren alde azaldu dira. Gaur aurkeztu dute ekimena hainbat ordezkarik Donostian; Benegas, Castells, Frabetti eta Tardak hartu dute parte. Han zen Otegiren seme Hodei, baita ezker abertzaleko zenbait kide ere.

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteari gutuna bidali diotela jakinarazi dute, "euskal gizartearen gehiengoak aitortzen du Otegi lider politikoa gisa", eta hura aske uzteko eskatu diote. "Otegi kartzelan izatea euskal gizarteari, garrantzi handiko une hauetan, bere buruzagi nagusietakoa kentzea da, eta, beraz, prozesu historiko honek modu justuan eta sendoan aurrera segi dezan ekarpen handienetakoa egin dezakeen pertsona kentzea".

"Otegi eta haren kideak demokraziaren, askatasunaren eta Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidearen aldeko sinbolo" direla azpimarratu dute.

Espainiako Auzitegi Nazionala "errepresio politikora bideratutako salbuespeneko auzitegia" dela gaitzetsi dute.

Datozen asteetan Madrilen ekimen bat egingo dutela iragarri dute. Urtea bukatzerako, berriz, Europako legebiltzarkide batzuekin egongo dira, gaia parlamentura eraman dezaten. Kanpaina hau Sao Pauloko Foroak abuztuan Buenos Airesen egindako batzarrean sortu zela adierazi dute.

Atzo 250 lagun ezagunek Otegi askatzeko eskatuz beste ekimen bat aurkeztu zuten. Idatziaren sinatzaileen artean dira Adolfo Muñoz, Ainhoa Etxaide, Jesus Uzkudun, Paul Rios, Rufi Etxeberria, Jone Goirizelaia, Pello Urizar, Rakel Ubera, Oskar Matute, Mertxe Colina, Bernardo Atxaga, Martxelo Otamendi, Pako Letamendia, Ramon Zallo, Jaime Otamendi, Mikel Aranburu, Aimar Olaizola edo Jose Bove.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.