Otegiren hitzak bere eginda, ezker abertzaleak berretsi du indarkeria ez dela baliagarria

'Bateragune auzia' fase politikoaren aurkako ekimena dela salatu du Niko Morenok, eta bide baketsuen aldeko apustua baieztatu duMadrilek «boikota» egin nahi duela iritzita, «erantzun politikoa» ematera dei egin dute

Rufi Etxeberria, Niko Moreno, Aitor Bezares eta Miren Legorburu, atzo, Bateragune auziari buruzko agerraldiaren ondoren. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2011ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Arnaldo Otegik herenegun epailearen aurrean egindako hitzak bere egin ditu ezker abertzaleak, eta berretsi egin du bide baketsuen aldeko apustua: «Estrategia independentista bide baketsu eta demokratikoetatik soilik egin behar da. Borroka armatuak ez du balio». Niko Morenok esan du. Salatu du Madril eginahalean ari dela hasitako bidea ezerezean uzteko: «Ezker abertzalearen apustu politikoa baldintzatu, boikotatu nahi du». Ordea, ohartarazi du ez dutela urratsik egingo atzera.

Bateragune auziko epaiketa amaituta, balorazioa egin zuen atzo ezker abertzaleak, eta han babestu zituen Otegiren adierazpenak. Azken hitza baliatuta, borroka armatuaz aritu zen herenegun Otegi: «Gure estrategian, militarraren 'm' soberan dago, eta traba egiten du. Indarrak batzea eta aliantzak egitea ez delako posible indarkeriarekin», esan zuen.

Ezker abertzalearen apustuaren ispilu dira hitz horiek, Morenoren ustetan. Horregatik adierazi du auzipetuek egindako lanak zerikusi zuzena duela egungo egoera politikoarekin, haiek hasitako bideak ahalbidetu duelako itxaropen garaia. «Fase politiko berriaren garapenean ardura berezia izan dute epaitutako pertsonek; ekarpen politiko eta teoriko oso garrantzitsua egin dute». Ezker abertzalearen beraren urratsak epaitu dituzte Bateragune auzian, Morenoren iritzian: «Zutik Euskal Herria ebazpena, estrategia aldaketa eta fase berria zabaltzea aritu dira epaitzen».

Bultzada politikoa ikusi du ezker abertzaleak Otegiren, Rafa Diezen eta ezker abertzaleko beste sei kideren aurkako epaiketan. Proiektu politiko baten kontrako auzi politikoa. Moreno: «Iraganari eutsi nahi diote PPk eta PSOEk, eta agertoki berriari trabak jarri. Ez dute eskaintzarik, eta beldurra diote konfrontazio askeari».

Horregatik zapuztu nahi dute egoera politiko berria, ezker abertzaleko ordezkariaren hitzetan. «Norgehiagoka dago herri honetan piztu den indar eta ilusio olatuaren eta Madrilek hori baldintzatzeko duen nahiaren artean». Asko hedatutako itxaropena dela uste du, gainera: «Fase berriak sekulako babesa jaso du». Bozetako emaitzak ditu gogoan. Otegik ere hartu zituen hizpide auzitegian.

Fiskalak kartzela zigorra eskatu du auzipetuetako bostentzat: hamar urtekoa Otegirentzat eta Diezentzat, bederatzikoa Miren Zabaletarentzat, eta zortzikoa Sonia Jazinto eta Harkaitz Rodriguezentzat; zigorrik ez du galdegin Txelui Morenorentzat, Mañel Serrarentzat eta Amaia Esnalentzat. «Zigor eskari eskandalagarriak dira. Bultzada politiko horren ondorio baino ez dira».

«Traba egin ez, hil egiten du»

Herritarrengan jarri du itxaropena Morenok. Erantzuna emateko eskatu du, «erantzun sendoa eta politikoa». Ezker abertzaleak ez duela atzera egingo, hala berretsi du ordezkariak, baina ahalegina eskatu dio gizarteari ere: «Herritarrak dira prozesuaren berme bakarra; herritarrak mobilizatzea giltzarria da agertoki demokratiko bat eraiki dezagun».

Otegik epaiketako azken hitzean egindako aldarriari erantzun egin dio Alfredo Perez Rubalcabak, Espainiako Barne ministroak, kazetariek galdetuta. Indarkeria oztopoa dela esan baitzuen ezker abertzaleko kideak, ministroak erantzun dio ETA hori baino gehiago dela: «Ez dakit traba hitza den egokiena ETArentzat. Traba egin ez, hil egiten du ETAk, eta oso desberdina da hori. Horregatik, izateari utzi behar dio».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.