Otegiren omenaldia baimendu du Herrizaingo Sailak

Astebetez Italiara joateko baimena eman dio Arnaldo Otegiri Espainiako Auzitegi Nazionalak

ERREDAKZIOA DONOSTIA
2008ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Arnaldo Otegiri larunbatean Elgoibarren egingo dioten omenaldia baimentzea erabaki du Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak, «baldin eta terrorismoaren gorespenik egiten ez bada eta legez kanpoko erakundeak aipatzen ez badira».

Ertzaintzak dokumentu bat bidali die antolatzaileei ekimena egiteko baimenaren «muga legalak» zehaztuz. «Erakunde edota pertsonen kontrako mehatxuak jasotzen dituzten pankarta edota leloak erabiltzea» eta «legez kanpoko erakunde eta erakunde terroristak aipatzea» debekatu du Herrizaingo Sailak. Baldintza horiek ez betetzeak, «herritarren segurtasunaren kontrako zigor administratiboa» eragin dezakeela ohartarazi du Herrizaingo Sailak. Halaber, «pertsona eta ondasunen aurkako delitu zantzurik» balego ekitaldia bertan behera geratuko litzatekeela aurreratu du. Hala bada, «agintaritza judizialei» omenaldiko datuak bidaliko lizkioke Herrizaingo Sailak. Omenaldia Elgoibarko plazan izango da 19:30ean eta, ondoren, herri afaria egingo da ikastolan.

Italiara joateko baimena

Baliteke omenaldia amaitu eta hurrengo egunean Italiarako bidea hartzea Otegik, igandean hasita astebeteko baimena izango baitu oporraldiez gozatzeko. Izan ere Espainiako Auzitegi Nazionalak ontzat eman du Italiara joateko Otegik eginiko eskaera. Fiskaltza neurriaren alde agertu zen eta atzo ezagutarazi zuten berri agentziek Auzitegi Nazionaleko zigor aretoko bigarren atalak -35/02 sumarioa dela-eta Otegi epaituko duena- onartu egin duela Otegiren eskaera .

Aurretik Espainiatik irteteko baimena ukatu izan diote, behin Irlandara eta beste behin Hegoafrikara, ekitaldi politiko batzuetan parte hartu nahi zuelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.