Otegiren inhabilitazio auzia. Herritar dinamikak

Otegiri babesa emanez, eskubide zibilen aldeko plataforma bat sortu dute

Ibarretxe eta Garaikoetxea lehendakari ohien babesa dute, eta nazioarteko 30 pertsona ingururena eta euskal eragile ugarirena

Paul Rios, Gema Zabaleta eta Periko Ibarra, Donostian atzo eginiko prentsaurrekoan. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
jokin sagarzazu
Donostia
2016ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Juan Jose Ibarretxek eta Carlos Garaikoetxeak, Eusko Jaurlaritzako bi lehendakarik defendatu dute Arnaldo Otegik bozetan aurkezteko duen eskubidea, eta babesa eman diote euskal herritarren eskubide zibil eta politikoen alde lan egiteko sortu den plataforma bati: Basque Civil Rights. Otegiren auziarekin batera aurkeztu badute ere, taldearen sustatzaileek azpimarratu dute euren helburua ere badela eskubideen urraketekin loturiko beste egoera batzuetan lan egitea. «Eskubideak defendatzea eta eskubideak betetzen direla bermatzea». Horretan arituko dira, taldeko kide Gema Zabaletak azaldu duenez.

Otegi babesteko dinamika abiatu dute Espainiako zenbait sektorek —PPk, Ciudadanosek eta ETAren indarkeriaren biktimen elkarte batzuek ordezkatuta— bultzatu dute Otegiren aurkako kanpaina baten erdian, eta haren hautagaitzaren legezkotasunari buruzko eztabaida juridikoa hasi besterik ez denean.

Ezker abertzaleko buruzagiaren balizko inhabilitazioaren harira, sinadura biltzen hasi dira. Egitasmoaren aurkezpenean 126ren izenak eman dituzte: bi lehendakariez gain, nazioarteko 30 bat pertsona ezagun eta Euskal Herriko ehundik gora lagun; kultura eta alor akademikokoak, bereziki. Edonork eman dezake atxikimendua, horretarako sortu duten webgunean. Epe motzera begira, plataformako kideek ez dute beste egitasmorik, baina azaldu dute auziak hartzen duen «norabidearen» arabera aztertuko dutela zer egin.

«Iraganean nahi gaituzte»

«Gure lehenengo urratsa izan da jendaurrera azaltzea, gure iritzi publikoa emateko». Donostiako hotel batean eginiko agerraldi batean izan da hori. Taldearen izenean izan dira Periko Ibarra Politika Zientzietako katedraduna, Gema Zabaleta PSE-EEko kidea eta Patxi Lopezen agintaldian EAEko Lan eta Gizarte Gaietako sailburu izandakoa, eta Paul Rios Lokarriko koordinatzaile ohia. Plataformako beste kideen izenik ez dute eman, baina azaldu dute Euskal Herriko gizarte zibileko hainbat pertsonak osatzen dutela, ideologia ezberdinetakoek.

Otegiren auzian, Zabaletak azpimarratu du haren inhabilitazioaren eztabaidaren oinarrian jarri behar direla giza eskubideak, eta ez argudio politikoak edo iraganarekin loturikoak. Gertatzen ari dena larria dela uste du. «Iraganarekin loturiko oztopoekin duzerikusia egoerak». «Herritar askok nahi duguna da etorkizuna irabazi eta iragana gainditu, baina gertaera hauek iraganera garamatzate, eta ez digute laguntzen normalizazioa sendotzen».

Antzera mintzatu da Paul Rios. «Egia da iragana ez dugula ahaztu behar, baina ezin da zama bihurtu». Lokarriko koordinatzaile ohiak azpimarratu du «adierazteko nahiak» batzen dituela plataformako kideak. Egoerarekin «haserrea, desadostasuna eta nahigabea» azaltzekoa nahiak, baina baita pertsona guztien eskubide zibil eta politikoak errespetatzeko «desioak» ere. Zubigintzan jarraituko dutela esan dute, eragileen eta herritarren artean. «Egitasmo hau parte hartzeko tresna gisa uler daiteke», adierazi du Zabaletak.

Informazio gehiago bildu eta agiria sinatu nahi izanez gero: basquecivilrights.eus
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.