Joan den urteko abenduan, Euskal Herriko dozenaka emakume subiranista, ezkertiar eta independentistak lehen mugarria jarri zuten trantsizio feministarako bidean, Iruñean: Talaia Feminista sortu zuten, «estatu feministarantz eragiteko tresna». Gaur, bide horretan beste pauso bat eman dute Donostiako emakumeen etxean batzartu diren andrazkoek, eta iragarri dute datorren otsail hondarrerako prest izango dutela 2023. urteko Talaia feminista txostena. Aurten izandako gertakari nagusiak aztertuko dituzte dokumentuan, emakumeengan eta Euskal Herriko trantsizio feministan duten eraginari erreparatuta.
Duela urtebete Iruñean egindako lehen lan saioan adostu zuten urtero txosten bat egingo zutela Euskal Herriaren koiuntura eta trantsizio feminista aztertzeko. Orduz geroztik, 30 emakume inguruk osatutako talde sustatzaile bat lan horretan aritu da buru-belarri, eta, gaur jakinarazi dutenez, urtarrilaren erdirako aurkeztuko dituzte txosten horren behin-behineko ondorioak. Otsail amaierako aurreikusi dute dokumentua osatua izatea –ez dute data zehatzik eman–.
Trantsizio feminista ebaluatzea eta elikatzea izango dute helburu, Jone Etxeberria talde sustatzaileko kideak azaldu duenez. Horretarako, aktualitatea «begirada feminista eta subiranista» batez aztertzeko asmoa dute: «Gure inguruaren irakurketa bat egiteko ariketa bat da. Modu kolektiboan: Euskal Herriaren luze-zabalean bizi eta lan egiten dugun emakume feminista eta subiranisten artean egindako irakurketa bat da». Aurten izan diren sei gertaera aztertu dituzte, eta haietatik abiatutako azterketekin eta analisiekin osatuko dituzte, bi aldagairi erreparatuta: emakumeengan duten eragina, eta trantsizio feministan dutena.
Talaia Feminista Unea
Txostena ontzen ari dira orain, eta, datorren urteko urtarrilean behin-behineko edukiak aurkezten dituztenetik otsaila bitarte, eragile eta hedabideei plazaratzeko lana egingo dute. Dibulgazio eta interpelazio lanean arituko dira, «edukiak sozializatzeko eta eragiteko asmoz». Txostena ekarpenekin aberasteko asmoz, gainera, Talaia Feminista Unea antolatu dute Errenterian (Gipuzkoa), otsailaren 17rako, Lekuona fabrikan.
«Txostena osatzeko bidean, guretzat ezinbestekoa da emakume feminista subiranisten parte hartze zabala», azaldu du Idoia Zengotitabengoa taldekideak. Gaurko batzarrean azpimarratu dutenez, Talaia Feminista Unea edukiak lantzeko eta gogoetatzeko momentua izango da, eta, horregatik, hara joatera gonbidatu dituzte emakume feminista subiranista guztiak.
Ez dute nahi otsail amaieran txostena aurkeztu eta bidea hor amaitzea. Aitzitik, tresna bat izatea nahi dute, eragiteko lanabes «praktiko» bat, interpelaziorako eta intzidentziarako tresna bat. Horregatik, Errenterian egingo duten topaketatik sortutako gogoeta guztiak eragile sozial, politiko eta sindikalen esku utziko dituzte gero, «horien oihartzuna zabaltzeko eta haien agendetan eragiteko».