Arabako azken otsoak polemika sortu du azken asteetan. Arabako Aldundiak hura ehizatzeko baimena eman zuen hilabete hasieran, adierazita hark 153 animalia hil, 78 zauritu eta 67 desagerrarazi zituela 2019an. Euskal Jaurlaritzako Ingurumen Sailak, ordea, galarazi egin du, otsoa «interes bereziko» animalia izendatuta. EHNE sindikatuak orain eskatu du ateratzeko otsoa zerrenda horretatik, izendapena Naturzaintza Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Aholku Batzordearen erabakiaren aurka doala argudiatuta: «Abeltzaintza estentsiboaren eta otsoaren arteko elkarbizitza ezinezkoa da». Sindikatuak gogor egin du Eusko Jaurlaritzaren aurka, eta azaldu dute «nazkatuta» daudela otsoen erasoek «egunerokoan eragiten ez dieten horiek» entzuteaz.
EHNEk adierazi du otsoa presente dagoen eremuetan abeltzaintza gainbeheran dagoela, eta abeltzainek eredu intentsiboagoetara jo behar izan dutela, horien erasoak ekiditeko. Sindikatuak «errespetua» eskatu du baserritarrentzat, eta Naturzaintzaren erabakiari men egitea exijitu du: «Ingurumen Sailak Naturzaintzako gehiengoaren, hiru aldundien, Nekazaritza Sailaren eta sektoreko ordezkarien aurka egin du».
Naturzaintzaren batzordeak otsailaren 5ean bozkatu zuen otsoaren egoeraren inguruan. Batzordeko bost kidek hura babestearen alde egin zuten, eta bederatzik aurka. Halere, Ingurumen Sailak «interes bereziko» maila eman zion otsoari. Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoko mailarik apalena da hori, baina animaliaren populazioaren eta abeltzaintzarekin duen elkarbizitzaren jarraipena egitera behartzen du Arabako Aldundia.