Otsoportilloko erasoa ikertzeko mozioak aurkeztuko dira Sakanan

Ezker abertzaleak udalei galdegin die oroitarriaren kalteak konpontzeko lanen kostua aurreratzea

Erredakzioa
Iruñea
2010eko azaroaren 11
00:00
Entzun
Duela astebete Urbasan, Otsoportilloko leizearen parean, 1936ko gerran frankistek fusilatutako gudarien omenezko oroitarriari eraso egin zioten. Hori dela eta, ezker abertzaleak iragarri du mozio bana aurkeztu duela Sakanako udal guztietan eraso hori salatzeko eta «nondik norakoak argitzeko ikerketa» abiatu dadila eskatzeko. Era berean, mozioetan udalei eskatuko zaie erasoaren kalteak konpontzeko lanen finantzaketa aurreratzea, egileak nortzuk diren argitu eta erantzukizunari aurre egin bitartean. Horrez gain, azaroaren 28an, 12:30ean, ekitaldi politiko batera deitu dute, Gora askatasunaren aldeko borrokalariak! Faxistak alde hemendik lelopean.

Oroitarrian, Gora Espainia, sasikumeak, Zuen erruz negar egin zuten ama guztien partez; jada ez da bakerik izango, gerra galdu zenutelako mezuak ageri ziren. Ezker abertzalearen irudiko, egileek azaroaren 20ko testuingurua baliatu nahi izan dute «argi uzteko bizirik daudela eta gogor borrokatuko direla 1936ko genozidioaren ondorioz irabazitako mozkin politikoak ez galtzeko». Ezker abertzalearen arabera, herri ekimenaren emaitza da oroitarria, eta, horregatik, erasoek mina eragin badute ere, «faxistek urduri egoteko arrazoi asko» dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.