Otxandioko lau atxilotuak libre utzi dituzte, bermerik gabe, baina inputatuta

Amaiur Lopez de Lacallek, Miren Soloetak, Asier Duranek eta Aitor Uribek hamabostean behin epaitegira agertu beharko dute sinatzera

Erredakzioa
Bilbo
2015eko irailaren 17a
00:00
Entzun
Hamabostean behin epaitegira agertzeko baldintzapean eta Espainiatik irteteko debekuarekin utzi ditu aske Eloy Velasco epaileak herenegun Otxandion atxilotutako lau lagunak. Atzo hartu zieten deklarazioa Espainiako Auzitegi Nazionalean Miren Soloeta, Asier Duran Nieto, Aitor Uribe eta Amaiur Lopez de Lacalleri, goizean goiz. Eguerdi aldera aske utzi zituzten laurak, bermerik ordaindu beharrik gabe, baina karguekin, «terrorismoari gorazarre» egitea leporatuta. Joan den uztailaren 25ean Otxandion Luzia Urigoitia ETAko kideari egindako omenaldiaren antolakuntzan parte hartzea egozten diete. Madrilera joandako senitarteko eta lagunek egin zieten harrera auzitegiaren kanpoaldean.

Luzia Urigoitiari biktima izaera aitortua dio Eusko Jaurlaritzak bere Udal Erretratuen mapan. Eta horri buruzko argibideak eman zituen atzo Jonan Fernandez Bake ta Bizikidetza idazkariak, Europa Press agentziari emandako elkarrizketan: «Erabat ezberdina da indarkeriaren biktima baten sufrimendu bidegabea gogoratu eta errekonozitzea eta pertsona batek indarkerian egindako militantzia omentzea».

Memoriari buruz sortzen diren eztabaidak, Luzia Urigoitiaren auzian gertatu den bezala, «memoria bera argitzeko prozesuaren parte» direla dio Fernandezek, eta Luzia Urigoitiaren izena Udal Erretratuen mapan agertzeak zera esan nahi duela: «Zuzenbide Estatua ez zela beti Zuzenbide Estatu gisa aritu, eta hori ere memoriaren parte dela».

Herenegun Otxandioko Udalak aho batez onartutako agirian, «babesa» eskatu zioten Bake eta Bizikidetzako Idazkaritza Nagusiari «biktimen aitortza eta omenaldiak egiteko orduan». Fernandezek argitu die egoera: «Jaurlaritzak giza eskubideak urratu zaizkien biktimak gogoratu eta errekonozitzen dituzten memoria ekitaldi guztiak bultzatu eta babestuko ditu, oinarri baten gainean: edozein indarkeria mota injusturen errekonozimendua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.