Bizkaiko adingabeen fiskalaren aurrean deklaratu zuten atzo Bilboko Otxarkoaga auzoko bikotearen hilketagatik atxilotutako hiru adingabeetako bik. 87 urteko senar-emazteen indarkeriazko hilketaren ustezko egileetako bat da horietako bat; 14 urte ditu, eta Zumarragako (Gipuzkoa) adingabeen zentroan dago astelehenaz geroztik. Bigarren adingabeak, berriz, 16 urte ditu, eta hildako bikotearen etxe ondoan bizi da. Fiskaltzak haren atxiloaldia luzatzea erabaki zuen, eta Deustuko polizia etxean igaro zuen gaua herenegun, bigarrenez. Atzo goizean, fiskalaren aurretik pasatu zen, eta, deklarazio horien ostean, Zumarragako adingabeen zentrora bidali zuen hura ere. Polizia iturrien arabera, hirugarren gazteak ez zuen hilketan parte hartu.
Horiek hala, adingabeen zentroen ikuskatzeak areagotu dituzte EAEko fiskalek, Jose Javier Huete Auzitegi Goreneko adingabeen fiskal koordinatzaileak atzo jakinarazi zuenez. Sistemak «autokritika» egin behar duela gaineratu zuen Huetek.
Otxarkoagako indarkeriazko hilketarekin lotu dituztela salatu zuten, bestalde, Canales-Cortes eta Manzanares-Cortes familiako kideek prentsaren aurrean, Bilbon. Los Pichis familiak salatu zuen, halaber, «tentsioa areagotu» egin dela bizi diren auzoetan.
Otxarkoagako hilketagatik atzemandako hirugarren gaztea ere, Zumarragara
Fiskalak deklarazioa hartu zien atzo, berriz, hilketagatik atxilotutako bi adingaberi. Zentroen ikuskatzeak areagotu dituzte EAEko fiskalek

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu