Ozempic, osasunaren eta estetikaren arteko marran dantzan

Euskal Herriko farmaziek hornidura arazoak dituzte 2 motako diabetesa tratatzeko erabiltzen den Ozempic botikarekin, argaltzeko ere baliatzen baita «modu irregularrean».

Ozempic botika
Ozempic botika. IDA MARIE ODGAARD / EFE
Irati Egibar Izeta
2024ko urtarrilaren 21a
05:00
Entzun

Osasunaren eta estetikaren mugaren artean, Ozempic jarrera etiko batetik hartu behar dela nabarmendu du Begoña Calvo EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Farmazia katedradunak: «Ezin dugu ahaztu 2 motako diabetesaren eta gizentasunaren aurkako baliabide bat dela Ozempic, eta mediku batek agindu behar duela. Botika gorde egin behar da diabetikoentzat edo obesitatea dutenentzat. Ez da erabilera orokortu behar, ez baita bi edo hiru kilo jaitsi nahi duten pazienteentzako baliabidea».

Ozempic botika «argaltzeko miraria» dela diote Ameriketako Estatu Batuetako hainbat jende famatuk. 1950eko hamarralditik hona, pisua galtzeko sortutako botika askok porrot egin dute; Ozempicek, ordea, «emaitza positiboak» lortu ditu orain arte. Berez, 2 motako diabetesa tratatzeko sortu zen botika hori, semaglutida izeneko printzipio aktiboan oinarrituta. Orain, xiringa kolpez zizelkatzen ditu Hollywoodeko izarrak, Kardashian familiakoak eta Elon Musken gisako enpresaburuen gorputzak. Esan daiteke sare sozialetako sendagai birala dela; botikaren sustatzailez, pisua galtzeko istorio zoriontsuz eta Ozempicen jarraitzailez bete dira sareak.

Sendagai horren sukarra ere iritsi da Euskal Herrira, eta farmazia asko Ozempic gabe geratzen ari dira. Calvok eman ditu botikari buruzko xehetasunak: «Ozempic, semaglutidaren izen komertziala, botika injektagarri bat da, eta GLP1 hormonaren parekidea. Odoleko azukre mailak erregulatzeko garatu zen jatorrian, eta, ondoren, ohartu dira jateko gogoa ere murrizten duela».

Diabetesaren aurka egiten ez ezik, loditasuna kontrolatzen ere laguntzen dute GPL1 hormonaren parekide sintetikoek. Iruñean dauka kontsulta Silvia Santos endokrinologoak, eta azaldu du Ozempic botika oso baliagarria dela obesitatea daukaten pazienteentzat: «Azukrearen kontra lan egiteaz gain, asetasun sentsazioa ematen die pertsonei. Ondorioz, pazienteek gutxiago jaten dute, eta pisua galtzen dute».

«Ez da erabilera orokortu behar, ez baita bi edo hiru kilo jaitsi nahi duten pazienteentzako baliabidea». BEGOÑA CALVO EHUko Farmazia katedraduna

Calvoren esanetan, paziente bakoitzari egokitu behar zaio tratamendua zenbat denborako hartu: diabetesa dutenek odoleko glukosa maila objektiboa mantendu ezin den bitartean hartu behar dute tratamendua, betiere dietarekin eta ariketarekin lagunduta; obesitatea dutenek, berriz, «helburu duten pisua» lortu arte hartu beharko dute, endokrinoak kontrolatuta.

Hornidura arazoak

Calvok azaldu duenez, Ozempic botika ez zaie obesitatea eta diabetesa duten pazienteei soilik preskribatzen, gainpisua dutenei ere ematen zaie. «Horrek hornidura arazoak eragin ditu munduko eta Euskal Herriko farmazietan».

Ozempic botikaren arrakasta igarri du Santosek kontsultan: «Paziente asko etorri dira Ozempic hartu nahi dutela esanez. Askok ez dute obesitatearen inolako zantzurik; kilo batzuk galtzeko lortu nahi dute botika».

2023an zehar nabaritu da Ozempic botikaren eskasia Euskal Herriko farmazietan. Estibalitz Goienetxea Gipuzkoako Farmazialarien Elkargoko teknikariak kezka adierazi du hornidura arazoak direla eta, gero eta larriagoa baita; Sendagaien eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziak irailean iragarri zuen «alarma egoera» botikaren gainean. Hala ere, Goienetxeak argitu du askoz ere lehenagokoa dela farmazietan sorturiko arazoa: «Pixkanaka iristen dira botika unitateak; behar dutenei iristen zaie oraingoz. Farmazia gehienak saiatzen dira 2 motako diabetesa dutenentzat gordetzen».

«Kontsultan ondo aztertu behar dugu botika nola erabili. Ezin da botikaren errezeta egin pazienteak hala nahi duelako».SILVIA SANTOS Endokrinologoa

Goienetxeak azaldu du sistema publikoan finantzatuta dagoela Ozempic; hala ere, mediku pribatu batek eskatuta ere lor daiteke botika. Hori bai, kasu guztietan, errezetarekin. «Osasun publikotik kanpo 130 euro inguru balio du hilabeteko tratamenduak. Gutxi gorabehera injekzio bat jasotzen da astean; guztira lau dosi hilabetean».

Kontrolik gabe erosteak ekar dezake botikaren albo ondorioez ez ohartzea. Botika horrek sor ditzakeen osasun arazoen berri eman du EHUko Farmazia katedradunak: «Kontrako erreakzio gastrointestinalak: goragalea, beherakoa, sabeleko mina eta idorreria. Kasu arraroetan: pankreatitisa, hipogluzemia, giltzurrun arazoak...».

Aukera berriak

Ez dago Ozempic nahikorik gizartea asetzeko. Diabetesa kontrolatzeko beste printzipio aktibo batzuekin probak egiten ari dira botiken merkatuan. Oraingoz aukera handirik ez dago, Santosen iritziz; badaude 2 motako diabetesa tratatzeko printzipio aktibo bereko pilulak, baina «ez dute balio pisua kontrolatzeko».

Espainiako Osasun Ministerioak berriki onartu du Wegoby izeneko sendagaia, Ozempic botikaren printzipio aktibo bera dauka: semaglutida. Calvoren ustez, diabetesa duten pertsonentzat irtenbide bat izan daiteke: «Lagun dezake arazoa konpontzen. Hala ere, litekeena da eskasia izateko arrisku bera izatea».

Propio obesitateari aurre egiteko botikak ere ari dira garatzen. Calvok eman du Saxenda izeneko botikaren berri: «Liraglutida izeneko printzipio aktiboa du botika horrek, eta espezifikoa da pisua galtzeko. Ozempic botikarekin alderatuta, egunero hartu behar da Saxenda, eta ez du eraginkortasun bera».

Gipuzkoako Farmazialarien Elkargoko teknikariak esan du Saxenda ez dagoela finantzatua: «Espainiako sendagaien agentziaren datu basean Saxenda onartuta badago ere, ez da sartzen sistema publikoan. Gainpisua eta obesitatea tratatzeko botika da, horretarakoxe egina».

Osasuna edo estetika

Oso ezaguna bihurtu da Ozempic botika, sare sozialen eta Hollywoodeko famatuen eraginez. Ameriketako Estatu Batuetako hainbat supermerkatutan ere aurki daiteke. Halaber, gero eta jende gehiagok erosten du merkatu beltzean.

Baina adi ibili behar da. Goienetxeak azpimarratu du ezin dela «edozein botika ospetsu» kontsumitu familiako norbaitek esan duelako, edo sare sozialetan ikusi delako, «ezin da ahaztu botika bat dela, eta beti izango dituela albo ondorioak».

Santosen ustez, tentuz jokatu behar dute endokrinologoek: «Kontsultan ondo aztertu behar dugu botika nola erabili. Ezin da botikaren errezeta egin pazienteak hala nahi duelako bakarrik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.