Pablo Gonzalezen aldeko mozio bat atzera bota du Nafarroako Parlamentuak

Zurekin Nafarroak proposatuta, Espainiako Gobernuari eskatu nahi zioten presio egin dezala kazetaria behin-behinean aske uzteko eskatzeko, baina, PSNren abstentzioaren ondorioz, ez da aurrera atera.

Zurekin Nafarroako Carlos Guzman eta PPko Javier Garcia. MIGUEL OSES / NAFARROAKO PARLAMENTUA
joxerra senar
2023ko azaroaren 02a
12:00
Entzun

Mozioek parlamentu taldeen ikuspegia azaltzeko balio izaten dute. Goizean, Nafarroako Parlamentuko osoko bilkuran, atzera bota dute Zurekin Nafarroak egindako eskaera, Pablo Gonzalez behin-behinean aske uztearen alde egindakoa: UPNk, PPk eta Vox-ek ezezkoa eman dute eta PSN abstenitu egin da.

Abstentzio horrek erabaki du, EH Bilduren, Geroa Bairen eta Zurekin Nafarroaren botoak ez baitira aski izan eskuineko alderdiak gailentzeko.

Zurekin Nafarroa taldeak proposatutako mozio horrek premiatu egiten du Espainiako Gobernua «berehala eta irmotasun nahiz konbikzio osoz abiaraz ditzan Poloniako agintariekiko presio mekanismo guztiak». Errusiaren Ukrainako inbasioa hasi zenean, Poloniako Poliziak Pablo Gonzalez kazetaria atxilotu zuen, eta 2022ko azaroaren 28az geroztik preso dago herrialde horretan. Mozioak gogorarazten duenez, Errusiaren aldeko espioitza egitea leporatu zioten, baina «harrezkeroztik ez da inolako frogatan oinarritu akusazio hori».

Zurekin Nafarroako Carlos Guzmanek salatu du, hain zuzen ere, akusazio horrek ez duela inongo froga argigarririk aurkeztu. Haren esanetan, atxiloketa geroztik «larritasun handiko, etsipenezko eta ziurgabetasunezko 20 hilabete iragan dira», eta, bitarte horretan, gero eta «itzal eta zalantza gehiago» daude auzi horren inguruan. Mozio horren bidez, bidegabekeria bat jasaten ari den herritar baten zerbitzura jarri nahi dute legebiltzarra.

Mozioan aipatzen denez, kasu honetan, «ageri-agerikoa» da Europako Batasuneko herritar guztiei dagozkien eskubideak urratu direla, eta Madrili dei egiten zaio ahalik eta presio diplomatikorik handiena egitera, Gonzalez aska dezaten: «Haren aurkako frogarik badago, abokatuak prozeduran berehala sartzeko modua izan behar du, defentsa prestatzeko eta epaiketa ahalik eta azkarrena egiteko.

Abokatua izaki, EH Bilduko Arantxa Izurdiagaren arabera, jardunbide hori «ezin gaitzesgarriagoa» da, «atxilo egoerari buruzko nazioarteko eta Europako araudia urratzen ari baitira». Geroa Baiko Itsaso Sotoren ustez, «onartezina eta harrigarria» da urte eta erdiz kazetari bat preso izatea.

PSN, zuhur

PSNren abstentzioak erabaki du eztabaida. Olga Chuecaren arabera, Gonzalezen egoera kezkagarria da, baina «zuhurtziaz» jokatu behar da. «Polonia herrialde subiranoa da, bere sistema judizial propioa du, eta haren autonomia errespetatu behar da».

UPNko Iñaki Iriarteren ustez, ez dagokio auzi horretan erabakirik hartzea legebiltzar bati, «justizia epaitegi bati baizik». Ez du uste egokia denik Espainiako Gobernuari presio egitea. «Ondo iruditzen zaigu, noski, berehala epai dezatela, eta, errugabea balitz, elkartasuna adieraziko nioke».

PPko Maribel Garcia Maloren ustez, funtsezkoa da kazetariek independentziaz lan egin ahal izatea: «Gure erakundeei eskatzen diegu oinarrizko eskubideak betetzen direla zaintzea eta auzibideak berme nahikorekin egitea, baina kasu honetan ezin dugu haratago joan. Polonia Europako Batasuneko herrialde demokratikoa da».

Vox-en arabera, estatuak du nazioarteko harremanen gaineko eskumena, eta ez dagokio erkidego bati horrelako auzietan sartzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.