PAI programa «txapuza kaltegarri bat» dela salatu dute Iruñean

Ion Orzaiz.
Iruñea
2022ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
PAI-Free plataformak deituta, ingelesez ikasteko programari buruzko jardunaldien lehen saioa egin zuten atzo Iruñeko San Frantzisko eskolan. Zehazki, Madrilgo eta Nafarroako kasuak alderatu zituzten lehen saio horretan. Lehenik, La chapuza del bilingüismo (elebitasunaren txapuza) dokumentala eskaini zuten eskolako emanaldi aretoan. Film horretan, Madrilen ezarritako «hizkuntz programa elebidunak» aztertzen ditu Paco Serrano zuzendari eta irakasleak. Jardunaldien antolatzaileen esanetan, «parekotasun nabarmenak» daude Madrilgo eta Nafarroako kasuen artean: «Marketin handiz iragarri dituzte bi programak, irakasleek eta familiek desengainu handia hartu dute, arazo handiak eragin dituzte, eta bien oinarrian ideologia jakin bat dago».

Dokumentalaren ostean, programa elebidunez hitz egin zuten filmeko zuzendariak berak eta RichardWeyndling irakasle eta kazetari eskoziarrak. Weyndlingen ustez, PAI programa «oso era traketsean» ezarri zen, bai Madrilen bai Iruñean, «aurretik inongo proiektu pilotu edo azterketarik egin gabe», eta horrek «kalte ugari» eragin dizkie bai irakasleei, baita ikasleei ere: «Batetik, irakasleei, irakasgaiak eman behar dituztelako menperatzen ez duten hizkuntza batean, eta horrek estres izugarria eragiten dielako; eta, bestetik, ikasleei, edukiak ez dituztelako behar bezala barneratzen, inoiz erabiltzen ez duten hizkuntza batean». Ingeleseko irakasleen prestakuntzan aritutakoa da Weyndling, Nafarroako Hezkuntza Departamentuarentzat eta, haren esanetan, PAI ez da hizkuntzak irakasteko sistema egokia: «Europan ez da inon ezarri halako programarik; ez du bermerik, eta desoreka handiak eragiten ditu ikasleen artean».

Castejonen eredua

Heldu den ostegunean eginen dute jardunaldien bigarren saioa, PAI programatik atera nahi duten ikastetxeek bete beharreko prozesuaren inguruan. Zehazki, PAItik atera daiteke. Ez etsi izeneko hitzaldia eskainiko du Gemma Martinezek, Castejongo eskola publikoko zuzendariak. Gaur-gaurkoz, ikastetxe hori da PAI programatik ateratzeko baimena jaso duen bakarra, «ibilbide administratibo luze eta konplikatu baten ostean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.