Eutanasiaren legeztatzea

PAIRAMENDUA ETETEKO HITZA

Hilaren 25etik eutanasia eskariak legezkoak izango dira Hegoaldean: indarrean sartuko da Espainiako Kongresuak martxoan onartutako legea. Duden sorburu dira testuaren zenbait eduki eta legea ezartzen hasteko egon den asti laburra, baina hemen da eskubidea: pairamendu egoeretan noiz hil hautatzekoa.

Diputatuak txaloka Espainiako Kongresuan, legea onartu berritan. ZIPI / EFE.
arantxa iraola
2021eko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Martxoak 18 zituela, Espainiako Kongresuak onespena eman zion eutanasia onartzeko eta arautzeko legeari; hiru hilabeteren bueltan ezartzeko xedearekin onetsi zuten, eta ailegatu da eguna: hilaren 25etik aurrera, legezkoa izango da Hegoaldean eutanasia eskatzea, eta, legeak zedarritutako irizpideen barruan, osasun sistemek eskaini beharreko zerbitzu bat izango da, bermatu beharreko eskubide bat.«Finean, lege honek gure ordenamendu juridikora eskubide indibidual berri bat dakar: eutanasia», laburtu dute legearen atariko testuan. Adierazi dute, baita ere, noiz hartu ahal izango diren aintzat eskeak: «Era informatuan, argian, eta denboran errepikatuan egindakoan». Eta «pairamendu» egoeratan beti: «Pertsonak ezin onartuzkotzat duen eritasun edo pairamendu sendaezin bat nozitzen duelako, ezin izan dena baretu beste bide batzuen bidez». Hortxe, labur-labur, legearen mamia.

PSOEk proposatuta heldu zen parlamentura. Lege horren garapenean parte hartu duten adituetako bat da Juan Luis Beltran Agirre, Nafarroako Gardentasun Kontseiluko presidentea, osasun arloko jurista. Lege on bat dela defendatu du: «Erantzun on bat ematen dio herritarrek, muturreko hainbat egoeratan, beren bizitzen gainean erabakitzeko izan ditzaketen beharrei». Herbehereetako eta Belgikako legeetatik edanda ondutako testua dela azaldu du, baina «izaera murriztaileagoa» duela. Adingabeei, adibidez, ez zaie eskubidea onartu; buruko nahasmenduak dituztenentzat ere lege honen barruan eskabide bat aurrera eramatea «ia ezinezkoa» da. Eta, oro har, galbahe estua igaro behar dute eskatzaileek onespena jasotzeko: «Bete behar diren baldintzak oso zorrotzak dira». Atera kontuak: bi aldiz egin beharko du eskabidea pazienteak, bi medikuk aztertu eta onetsi beharko dute gero, eta azken oniritzia egongo da beti propio kasuok aztertzeko autonomia erkidegoek eratuko dituzten batzorde berezi batzuen esku. Heriotza duinaren aldeko DMD elkarteak, hain justu, usu salatu du legeak ezartzen dituen irizpideen zorroztasuna, eta berritu egin du kritika Euskadiko DMDko presidente Concha Castellsek. «Legea ondo dago, baina guk ausartagoa izatea nahiko genuke». Bi medikuk kasua aztertu ostean batzorde batek berriz aztertu behar horrekin dira, bereziki, kritikoak: «Ematen du legea ez dela fidatzen pazienteak artatzen dituzten profesionalez». Erkidego bakoitzaren joera ideologikoaren arabera, batzorde horien ikuskera alda daitekeen susmoa dute, eta arazoen sorburua izan daitekeela hori. «Legea modu ezberdinetan ezartzea ekar dezake horrek».

Onespen handiarekin onartu zen testua, baina Espainiako eskuineko alderdiak aurka dira. Bioetikaren arloko hainbat eragilek ere desegokitzat jo dute onespena. Espainiako urrutiko unibertsitate UNEDeko Zuzenbidearen Filosofiako katedradun Ana Maria Marcos, adibidez, horien artean dago: ikuspegi «osoago» batetik «zainketa aringarriak, eta egun oinaze eraman ezinak dituzten pazienteei eskaintzen zaizkien gainerako aukerak arautzera» egin beharko litzatekeela uste du: «Sufrimenduarekin lotutako auzi guztiak bakar batera murriztu dira: eutanasiara».

Aldez aurretik esandakoak

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Nafarroako Osasun Departamenduak adierazi dute batzorde horien antolaketa eta legea ezartzen joateko gainerako prozeduretarako urratsak eginda daudela, informazioa hedatzeko ondu dituzten baliabide zenbaiten berri ere eman dute; azalpen gehiago eskatuta, solaskiderik ez dute jarri horien berri emateko.

Izango da zer esplikatua, eskubide berri bat baita eutanasia, eta legearen ñabardurak asko baitira. Esaterako, zerbitzua emateko bi modu eskainiko dira. Osasun profesional batek substantzia bat jar diezaioke pazienteari heriotza eragiteko; edo aurrez medikuak preskribatutako substantzia bat hartuta hil daiteke. Pazienteak aukeratu beharko du zer nahi duen. Bi eratara osasun profesionalek «segurtasun juridiko» osoz jarduteko era izango dutela dio Beltranek: «Horretan ez dago inolako dudarik». Aldiz, legearen terminologia «anbiguoa» dela salatu du Marcosek, eta arazoak ekar ditzakeela uste du: «Segurtasun falta juridikoa ekarriko du». Gogor kritikatu du, adibidez, zerbitzua emateko bi erak deskribatzean ez eutanasia eta suizidio lagundua terminoak erabiltzea biak bereizteko; «akats juridiko larria» dela adierazi du.

Begi zoliarekin jardun beharko dute beti osasun profesionalek: pazienteek erabakia hartzeko duten autonomia ahalmena ondo neurtzen. Justu eskaria egiten dutenen erabaki gaitasuna ebazteko jarraitu beharko diren irizpideak zehazten ari den lantaldean aritu da bioetikan aditu Marije Goikoetxea Espainiako Gobernuaren Osasun Ministerioan: «Gai zaila da, hainbat aldagaik baitute eragina. Izan daitezke norberarenak: alegia, pertsonaren egoera emozionala. Edo kanpokoak: eskaini zaizkion, adibidez, zainketa aringarriak edo mendekotasunerako laguntzak. Soilik horiek aztertuta ikus daiteke erabakia librea den; horiek guztiak eskainita ere hil nahi badu, bere pairamendua eraman ezina zaiolako».

Legeak zehaztu du eutanasia eskatzen duen pazienteak kasuaren ardura izango duen medikuarekin —espezialista bat izan liteke, edo familia medikua— erabakiaren gaineko gogoeta prozesu bat izan beharko duela. Aldiz, legeak atea irekiko die, baita ere, pazientearekin zuzenean halako gogoeta saiorik izateko erarik emango ez duten eskabideei; izan ere, pazienteak kontzientzia galduta daudenean, aurretiazko borondateen agirietan idatzita utzitako eskakizunen bidez ere aktibatu ahal izango dira eutanasia eskeak. Eta hor sortuko da paradoxa bat. Beltranek berak onartu du arriskua dagoela kasu horietan osasun profesionalak eremu labainkorretan sartzeko: «Nola interpretatuko ditu kasuaren ardura duen medikuak pazienteak aldez aurretik adierazita utzitako horiek? Halakoetan sortu ohi dira gatazkak, eta orain ere ager daitezke».

Bat dator Blanca Morera. Psikiatra da, bioetika gaietan aditua, eta EAEko Etika Batzordeen Batzorde Soziosanitarioak iazko abenduan lege honen harira plazaratu zuen agiriaren egileetako bat. «Oso gai arazotsua da aldez aurreko agiriena, eta oso zuhurrak izan behar dugu. Esaterako, orain arte idatzita zeuden agiri guztiak berridatzi egin beharko liratekeela uste dut, orain legeak irekitzen duen aukera berrira egokitzeko», ondorioztatu du. Bioetika arloko aditu askoren iritzi partekatua dela uste du: «azkarregi» ez ote den erantsi hautu hori legean. «Kasuaren mediku arduradunak ongi segurtatu beharko du eutanasia eskatzeko borondate hori inolako dudarik gabea dela, eta pazienteak aski iragarpenekin aurreratu zituela berak izan zitzakeen egoera espezifikoak... Hor agiri oso orokorrek ez dute balioko. 'Nik bihar narriadura kognitibo bat badut, eutanasia egitea nahi dut'. Halakoak ezingo dira aintzat hartu. Izan ere, noiz? Zein narriadura mailarekin? Pertsona hori itxuraz zoriontsua bada, maite dituenen konpainiaz gozatzen badu, zein unetan egin behar zaio eutanasia?». Dudarik ez du Goikoetxeak ere: «Legearen puntu ahul bat da».

Halako gorabeherak saihesteko biderik egokiena legea ezartzeko prozesuetarako «praktika onak» garatzea ezinbestekoa dela gogoratu du Beltranek. Bat dator Morera: «Amaitu da legearen aldia, praktika onen aroak hasi behar du». Baina zimenduak jarri ezinik dabiltza. Jaurlaritzako Osasun Sailak egin behar izan dituen lanak, adibidez, gertutik jarraitu ditu, eta esan du artaz egin dela lan, baina «presaka».

Hasi berriak, eta presaka

Horrekin arduratuta dago Morera: «Gauzak ondo egingo ditugu, baina oso justu iritsiko gara helmugara. Estimatuko genuke asti gehiago gauzak hobeto egiteko. Gurean ez dugu batere esperientziarik eutanasiarekin. Osasun profesionalek ez dute inoiz tankerako erronkarik izan; hasi berriak gara, eta, hala eta guztiz ere, hain azkar sartu behar honetan: uste dut justuegi ari garela». DMDren izenean, Castellsek ere onartu du, duten informazioaren arabera, Osakidetzan, adibidez, profesional talde txiki bat trebatuta hasiko dela legearen bidea. Xedea, ordea, «zirkuitu» jakin batetik harago ere, profesional guztiak ondo prestatuta egotea da. «Eta iruditzen zaigu, era naturalean, lehen mailako artan jarri behar litzatekeela indarra». Baina deus behartu gabe, paziente eta medikuen harreman joria lehenetsita beti: «Jakina, zu prozesu onkologiko batean bazaude, eta zure onkologoarekin ondo bazaude, prozesua harekin egitea litzateke egokiena, hura izatea mediku arduraduna».

Trebakuntza giltzarri dela uste du Goikoetxeak: «Prozedura ez da sinplea. Profesionalen trebakuntza eskatzen du. Askok, gehienek, ez dute trebakuntza hori; hainbatek izan dugu etikan eta bioetikan sakontzeko zoria, edo egin dugu hautu hori, jakiteko, adibidez, noiz den pertsona baten erabakia librea». Zainketaaringarrietan trebatzeak eta medikuen komunikazio gaitasuna hobetzeak ere berebiziko garrantzia izango dutela adierazi du. «Baina ezinezkoa da hiru hilabetean lortzea, eta oraindik zailagoa osasun sistema izurriarengatik gainezka eginda dagoenean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.