«Ezkutatu nahi bada ere, genozidioak jarraitzen du. Neutraltasuna, testuinguru honetan, konplizitatea da». Palestinar herriaren kontrako genozidioak jarraitzen duela salatu du gaur BDZ taldeak. Adierazi dute «bake akordio faltsuaren kontakizun instituzionala» zabaldu dela, baina Israelen «indarkeria, suntsiketa eta politika koloniala» ez direla eten.
Gogoratu dute 2023ko urritik gaur arte 75.000 pertsona baino gehiago hil dituela Israelek, horietatik 20.000 baino gehiago haur eta nerabeak. Halaber, AEBek eta Israelek Iranen kontra egindako erasoa salatu dute: «Interes espantsionisten aurka, herri guztien autodeterminazio eskubidea defendatu dezagun».
Bilboko Arriaga plazan egin dute elkarretaratzea, eta ehun lagun baino gehiago bildu dira. Bertan kontatu dutenez, Israelek Gazako egituren %81 suntsitu edo hondatu ditu, eta Rafah da horren adibide. Han Israelek «garbiketa etnikoa» egin duela salatu dute, eta familia osoak lekualdatu eta erail. «Zutik geratzen dena sistematikoki hiltzen duten bitartean, biztanleria harrapatuta dago, giza duintasunarekin bateraezinak diren baldintzetan, ura, elikagaiak, elektrizitatea eta arreta medikoa eskuratzeko aukerak oso mugatuak direla», erran dute.Â
Bake akordioa sinatu zutenetik «itzalaldi informatiboa» egon dela adierazi dute, eta nabarmendu «arreta mediatikoaren murrizketak eta gatazkaren normalizazio instituzionalak» helburu duela Palestinan gertatzen ari dena ezkutatzea eta nazioarteko presioa arintzea. «Irudi eta titularrik gabe, indarkeria amaitu dela sinetsarazi nahi da, baina Palestinako herriaren aurkako garbiketa etnikoak jarraitzen du, 1948an gertatu zen bezala».
Hedabideak ez ezik, gobernuak eta enpresak ere seinalatu dituzte, Israelekin dituzten harreman politiko, ekonomiko eta militarrei eutsi dietelako. BDZko kideen erranetan, konplizitate hori «ez da abstraktua»: «Kontratuetan, inbertsioetan, merkataritza akordioetan eta lankidetza instituzionalean gauzatzen da, okupazio, apartheid eta indarkeria sistema bati eusten lagunduz».
Hain zuzen, Eusko Jaurlaritzaren erantzukizuna salatu dute; izan ere, taldearen irudiko, presio neurri eraginkorrak hartu beharrean loturei eta harremanei eusten die, eta «ekintzarik ezaren eta normalizazioaren aldean kokatzen» da. «Adierazpen sinbolikoek ez dute balio: beharrezkoa da nazioarteko zuzenbidea sistematikoki urratzen dutenekin harreman instituzional, ekonomiko eta komertzialak eteteko politika zehatzetan aurrera egitea», gogoratu dute.Â
Boikot kanpainen indarra eta beharra azpimarratu dute, eta gogoratu horiek direla «elkartasun tresnak». Hala, herritarrei, instituzioei eta eragile sozialei aktiboki inplikatzera dei egin diete, nazioarteko zuzenbidea eta palestinar herriaren eskubideak bermatu arte.