Palestinaren «deskolonizazio osoa» eskatzeko bildu dira Iruñean

Milaka pertsona elkartu dira Palestinarekin Elkartasuna taldeak deitutako manifestaldian. 'Palestina askatu, Israel borrokatu' lelopean, Israel «zuritu» nahi duten «konplize guztien» aurka egin dute.

Iruñea. Palestinar herriaren aurkako genozidioa salatzeko antolatutako manifestazioa. IÑIGO URIZ / FOKU
Palestinar herriaren aurkako genozidioa salatzeko antolatutako manifestazioa, Iruñean. IÑIGO URIZ/FOKU
itsaso jauregi 2
Iruñea
2024ko maiatzaren 18a
17:00
Entzun

Beltzak, zuriak, berdeak eta gorriak apaindu dituzte gaur Iruñeko kaleak. Milaka pertsonak parte hartu dute Palestinarekin Elkartasuna taldeak deitutako manifestazioan, Palestina aske izatea exijitzeko asmoz. Gazako genozidioa salatu dute, baita Palestina «erabat deskolonizatzea» eta Israel «desagertzea» galdegin ere.

Palestinako banderak pilatzen hasi dira Basotxo kalean, eta handik atera da martxa, 12:45ean. Eguzkitik babesteko, Mustafak buruan jarri du bere bandera palestinarra, eskuan zeraman «Israel boikotatu» kartela askatu gabe. Palestinarra da Mustafa, eta manifestazio guztietan parte hartzen saiatzen da, baina, azaldu duenez, ez da nahikoa: «Palestinar herriari laguntzeko, gehiago atera behar da kalera, botere handiagoa dutenak estu hartzeko». Era berean, Agurtzane Goikoetxeak instituzioen eta herritar batzuen inplikazio falta kritikatu du, Bilbotik etorri baita manifestazioan parte hartzeko. Ostegunean Bilbon egin zen manifestazio jendetsuan ere egon zen, baina herritarren haserrea areagotzea nahiko luke: «Zenbat jende bizi da Bilbon? Zenbat jende ateratzen da Israelen genozidioa salatzera?». Palestinako bandera ugarien ondoan, talde bat agertu da, San Lorentzo elizan egin duten ezkontza batetik atera berri, oso dotore jantzita. «Horiek, elizatik irten, eta manifestatzera etorri beharko lukete», esan du Goikoetxeak, haserre.

Ikurrina eta Palestinako bandera elkarrekin abiatu dira Iruñeko kaleetan barna. «Ez da gerra bat, genozidioa baizik», «Palestina askatu, Israel borrokatu» eta «Israelek hil, eta Europak babestu» oihukatuz egin dute aurrera Armada etorbidetik. Palestinarekin Elkartasuna plataformako bozeramaileak, Esther Muñozek, Europako gobernuak kritikatu ditu, palestinarren aurkako genozidioa gelditzeko neurririk ez hartzeagatik, eta Israelgo Estatua legitimatzeagatik: «Manifestazio honekin, herri palestinarrarekiko elkartasuna aldarrikatu nahi dugu, genozidioa gelditzeko, errefuxiatu palestinarren itzulera eraginkorra exijitzeko, eta preso politiko palestinarrak askatzearen alde egiteko. Gatazka konpontzeko, Palestina erabat deskolonizatu behar da, eta estatu sionista desagertu; bi estatuena konponbide faltsua da».

Elkartasuna Palestinarekin

Merindadeen plaza eta Karlos III.aren etorbidea zeharkatu ondoren, helmugara iritsi da manifestazioa, Sarasate pasalekura. Pasalekua Palestinako banderaren koloretako keaz tindatu dute: beltzak, zuriak, berdeak eta gorriak margotu dute zerua. Musikarekin batera hasi da jendea pasalekua betetzen, txalo artean. Eszenatokian, pankarta handi bat dago: Palestina askatu, Israel borrokatu, desnormalizatu eta suntsitu. Palestinarekin Elkartasuna taldeko hiru kidek irakurri dituzte adierazpenak, euskaraz, arabieraz eta gaztelaniaz.

Nora Bidaurrek irakurri du euskarazko oharra, eta adierazi du arazoaren kausari erreparatzeko garaia dela: «Bada garaia genozidioaren erantzuleei eta haien konplizeei aurrez aurre begiratzeko». Azken asteetan Rafah bonbardatzen ari direla aipatu du, eta hori deskribatzeko hitz bakarra dagoela esan: «Genozidioa». Txalo artean hartu dituzte hizlariaren hitzak, eta Bidaurrek Palestinarekin elkartasunez aritzea exijitu du.

Azkenik, isiltasuna nagusitu da kide batek poema bat irakurri bitartean. Amaitzean, negar malkoen artean txalotu du jendeak: «Har itzazue nahi dituzuen argazkiak, jakin dezazuen ez duzuela jakinen gure herriko harriek nola eraikitzen duten gure zeruaren teilatua. Baina zerua eta airea berdinak dira zuentzat eta guretzat. Beraz, har ezazue zuen zatia gure odoletik eta alde egizue».

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.