Ez dute nahi sua itzaltzerik. Palestinaren aldeko mobilizazioen txinparta bizirik mantendu nahi du Yala Nafarroa Palestinarekin elkarteak, eta egitarau oparoa prestatu du datozen hilabeteetarako. Atzo aurkeztu zuten Udazken palestinarra izeneko zikloa, Iruñean. Manifestazioez gain, hitzaldi sortak, kirol probak eta bestelako kultur ekitaldiak eginen dituzte gaurtik aurrera eta azaroa bukatu arte. Udako epeletan ez bada ere, kalera ateratzeko eta «palestinarren eskubideak defendatzen jarraitzeko» deia egin dute Lidon Sorianok eta Eduardo Iberok, elkartearen izenean.
Iberoren ustez, azken hilabeteetan agerian gelditu da gizarteak baduela ahalmena «gobernuak presionatzeko eta ekintzara behartzeko», eta horixe baliatu nahi dute aurrerantzean ere: «Gure amesgaiztorik okerrenean ere ez genukeen imajinatuko oraindik ere kalera atera beharko genukeela palestinarren eskubideak aldarrikatzeko, baina, genozidio bortitz honen aurka, herritarren mobilizazioa funtsezkoa da oraindik orain, gure gobernuek nazioarteko zuzenbidea bete dezaten». Hain zuzen, aldarrikapenen bide horretan, Nafarroa «abangoardia» dela uste du Yala elkarteak, eta aurrerantzean ere hala izatea nahi dute: «Duela bi urtetik gaurdaino, jende ugari atera da kalera, ehunka ekitaldi antolatu ditugu lurralde osoan, eta elkartasuna eta pluraltasuna erakutsi ditugu, genozidioa irmo salatuz».
Egitaraua, gaurtik aurrera
Gaur izanen dute zikloko lehen ekitaldia: Cycling for Gaza bizikleta martxa Iruñera iritsiko da. Palestinar diasporako hainbat txirrindulari hiru egunez ibiliko dira Euskal Herrian barna, genozidioa salatzeko eta beren sorterrira itzultzeko eskubidea aldarrikatzeko. Gaur iritsiko da martxa Iruñeko Magdalena zubira, 18:30ean. Elkarteko kideek han eginen diote harrera, eta Gazteluko plazaraino igoko dira denak elkarrekin.
Ostiralean, berriz, manifestazioa eginen dute Tuteran (Nafarroa), Yala Erribera Palestinarekin taldeak deituta. 19:30ean abiatuko da protesta, Foruen plazatik.
Heldu den astean, Raji Surani giza eskubideen aldeko ekintzaile palestinarra helduko da Nafarroara, eta bi agerraldi publiko eginen ditu: bat Nafarroako Parlamentuan eta bestea Burlatako kultur etxean. Gazako Giza Eskubideen Zentro Palestinarraren sortzaile eta zuzendaria da Surani.
Urriaren 15ean, lanuzte orokorra antolatu dute LAB, CCOO, Steilas, Solidari, Etxalde eta Hiru sindikatuek batetik, eta ELAk bestetik, Gazako genozidioa salatzeko. Lanuzte horri babes osoa agertu diote Yalako bozeramaileek. Horrez gain, beste manifestazio bat ere antolatu dute urriaren 18rako. Europako erakundeei eskatuko diete Israelekin dituzten harremanak lehenbailehen eten ditzatela.
Hainbat kirol proba ere antolatu dituzte udazkenerako: urriaren 25ean, Kirol Solidarioen Eguna eginen dute Berriozarren; azaroaren 2an, Palestinaren aldeko hamabi orduko eskalada proba, Landabeneko Bihatz rokodromoan; eta azaroaren 8an, Palestinaren aldeko lasterketa eginen dute Iruñeko Antoniutti pistan, Nafarroako Atletismo Federazioak antolatuta.
Azaroaren 26an, Palestinaren Aldeko Nazioarteko Justizia Jardunaldia eginen dute Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta bertan ariko da Franco Bifo Berardi, Bolognako Unibertsitateko irakaslea. Azaroaren 29an, azkenik, beste manifestazio bat eginen dute Iruñean, «gobernuek Palestinako genozidioarekin duten konplizitatea buka dezatela eskatzeko».