Pantailek ikusezin bihurtzen dutena

Indarkeria matxistarekin lotuta dauden salaketa ugari gazteek jartzen dituzte. Adituek diotenez, zaila da sareko indarkeria matxista identifikatzea, normalizatuta baitago.

Equilatera elkartea
Sexu heziketa lantzeko tailerra, Iruñeko ikastetxe batean, artxiboko irudi batean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2023ko azaroaren 25a
05:05
Entzun

Emakumezko bikotekidearen etxeko giltzak hartzea eta haren etxean sartzea indarkeria da, baita haren sare sozialetako pasahitza eduki nahi izatea ere. Emakume bati kalean segika ibiltzea indarkeria da, eta non dagoen jakiteko asmoz sakelakoaren bidez haren kokapena une oro kontrolatzea ere bai. Bikotekideari gona eranzteko exijitzea indarkeria da, baita gona hori daraman sare sozialetako argazkia ezabatzeko exijitzea ere. Sareek indarkeria molde berriak sortu dituzte, eta zailagoa da horiek identifikatzea. «Online gertatzen den indarkeria normalizatu egiten da askotan», azaldu du Maria Dosil EHUko Hezkuntza Fakultateko irakasle, PSIDES ikerketa taldeko kide eta Eraikiz kolektiboko kolaboratzaileak. Halako teknologia berriak gazteek erabiltzen dituzte gehien. Halaber, azken datuen arabera, haiek jarri dituzte indarkeria matxistarekin lotutako salaketa ugari.

Dosilek argi du: «Indarkeria matxista beti egon da». Faktore batzuek ahalbidetu dute indarkeria hori mantentzea eta areagotzea: «Eremu publikoa indarkeriaz josita dago, emakumeen gorputzak hipersexualizatzen ditu, eta objektu huts gisa tratatzen; horrek areagotu egiten du neska gazteen, nerabeen eta emakumeen aurkako indarkeria». Berria ez bada ere, aldaketa bat izan da azken hamarkadetan: «Orain bi esparrutan gertatzen da: offline eta online».

Teknologia berriek abantaila ugari dituzten arren, «arriskutsuak» ere izan daitezke. «Emakumeen aurkako indarkeria normalizatu da Interneten, sare sozialen eta bideo jokoen bidez», ohartarazi du Dosilek. Eta erantsi du haur, nerabe eta gazteengana iristen diren mezu askok «emakumearen ikuspegi diskriminatzailea eta estereotipatua» erakusten dutela: «Zoritxarrez, estereotipoak dira, oraindik ere, emakumeen aurkako sexu indarkeriaren funtsezko kausak».

«Estereotipoak dira, oraindik ere, emakumeen aurkako sexu indarkeriaren funtsezko kausak» MARIA DOSILEHUko irakaslea

Egun, online gertatzen den indarkeria errealitate bat da gazteen artean: ziberindarkeria deritzo. Neska gazte guztiek ez bada, gehienek jasaten dute. Erasotzaileak gertuko pertsonak izan ohi dira. Dosilen arabera, hori identifikatzea zaila da. «Gazteak sentsibilizatuago egon daitezke offline gertatzen den indarkeriarekin, puntualki formakuntza batzuk jasotzen dituztelako; online gertatzen dena, berriz, neska gazteek ez dute onartzen, normalizatuta baitago». Hizkera eta umore sexista ere indarkeria dira, baita memeak erabiltzea ere. Bikote harremanetan ere agerikoa da online gertatzen den indarkeria: «Argazki bat kentzeko esatea kontrolezko indarkeria da».

Dosilek berak egindako ikerketa baten arabera, 18-23 urte arteko gazteen %60k ziberindarkeria jasan dute inoiz. Hauek dira jokabide batzuk: «Bikotekideari buruzko informazioa modu negatiboan erabiltzea, mehatxuzko mezuak bidaltzea edota pasahitzak lapurtu eta bidegabe erabiltzea». Gainera, jardun horiek ez dute epemugarik, harremana amaitu ondoren ere jarraitzen baitute. Indarkeria horrek zuzenean eragiten die neska gazteei. «Erregulazio emozionalean, antsietatean, estresean... indarkeria jasateak lotura estua du faktore pertsonal askorekin», zehaztu du Dosilek. Autoestimuan ere eragina izan dezake, baita norberaren gorputzarekiko pertzepzioan ere. «Indarkeria sotila denez, zaila da erlazio zuzen hori ikustea».

Generoen sozializazioa

Sare sozialek ez dute bakarrik ziberindarkeria ekarri: sareko edukiek pantaila gaindi dezakete, eta mundu birtualetik kanpoko indarkerian eragin. Informazio andana jasotzen dute gazteek sare sozialen bidez. «Desinformatuta daude, baina haiek uste dute informatuta daudela», jakinarazi du Dosilek. Gazteek, batez beste, 11 urterekin daukate euren lehenengo mugikorra. Momentu horretan hasten dira edukia jasotzen. Hori dela eta, sarean zein saretik kanpo, neskek balio eta jarrera jakin batzuk barneratzen dituzte, eta mutilek beste batzuk: «Hori da generoen sozializazioa».

Dosilek ez du zalantzan jarri Interneten eduki ona helarazten duten pertsonak daudenik. Arazoa kontrolik eza da: «Online jasotzen duten edukia ezin dugu kontrolatu, ezin gara gazteekin eguneko 24 orduetan egon, eta ez dakigu zenbateraino barneratzen duten». Gazteek ikusten duten oro sinesten dute, inork ez dielako hori auzitan jartzen. «Familian ez dute hitz egiten, hezkuntzan ez dago leku askorik, eta komunitarioan dena oso indibidualizatuta dago». Mezu irmoa bota du: «Online mundutik kanpo, ez dago espazio askorik gazteak euren artean harremanak izateko».

Sareko eduki desegokiaren zati handi bat «pornografiaren industriak» sortzen du: «Egun, pornografiaren %80 emakumeen aurkako indarkeria esplizitua da; pornografiak sare sozialak kolonizatu ditu, emakumeak kosifikatzeko eta zapaltzeko beste bide bat aurkitu du». Dosilen arabera, erraza da eduki horietara sare sozialen bidez iristea, eta hala egiten dute gazteek: «Gure ikerketen arabera, 7 urterekin jaso dezakete halako edukiren bat lehen aldiz». Eduki asko doan direnez, gazteek pentsatzen dute ezin dela «txarra» izan. Oker daude: «Pornografia kontsumitzeak lotura zuzena du eraso sexualekin; nesken kasuan biktima izateko; mutilen kasuan, berriz, erasotzaile».

Erlazio hori bistaratzeko interes falta kritikatu du Dosilek, pornografia «negozio bat» baita. «Ondo dakigu istripuek erlazioa dutela alkoholarekin eta drogekin; hori argi eta garbi adierazten da». Pornografiarekin, berriz, ez da berdin gertatzen. Arrazoia? Industria bat dela: «Esaten dute munduan industria handienetan seigarrena dela, baina lehenengoa da».

Negazionismoa, gora

Indarkeria matxistarekin lotutako salaketek gora egin duten bezala, indarkeria matxista ukatzen duten gizon gazteen kopurua ere areagotu egin da. Askok diote indarkeria matxista ez dela existitzen edota asmakizun ideologiko bat dela. «15-29 urte bitarteko gizonak oso negazionistak direla diote ikerketek», berretsi du Dosilek. Eta arrazoia azaldu du: «Adingabeekin lan egiteak bere zailtasunak ditu, informazio asko dutelako jada». Haiekin hitz egitean, «interpelatuta» sentitzen dira, aurretik «genero sozializazioaren balio, jarrera eta aginduak» barneratu dituztelako. Izan ere, diskurtso hori sustatu eta «emakumeen aurkako mezuak» helarazten dituzten blog eta plataforma ugari daude sarean. «Maskulinitate hegemonikoan kokatzen dira gazteak, pribilegio gehiagorekin; zaila da horren aurka egitea, eduki gehienek horren kontra egiten badute».

Gazte askok diskurtso horiek barneratzen dituzte prebentzioa «oso berandu» egiten delako: «Txiki-txikitatik egingo bagenu, haurrek ez lukete kontra egingo, ez lukete esango indarkeria matxista erreala ez denik». Hezkuntza sexual «integratu» baten beharra aldarrikatu du Dosilek: «Gazteen artean indarkeria matxista prebenitzeko, aukera nagusiak sentsibilizazioa eta hezkuntza afektiboa eta digitala dira».

Araudia hobetzea beste proposamen bat da. Esate baterako, sareetan adina egiaztatzeko sistema eraginkorrak aplikatzeko eskatu du. Halaber, «pentsamendu kritikoa» sustatu behar da: «Gazteek jakin behar dute produktu bat doakoa denean edukia zalantzazkoa izan daitekeela, eta ez dituztela onartu behar plazer eta adostasunik gabeko praktikak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.