kronologia

Paraleloan, norabide banatan

Denboran bat joan dira sei urte eta erdi hauetan Bateragune auzia eta Euskal Herrian konponbidearen alde eman diren pausoak. Auzitegiek, ordea, bake prozesua bultzatu zutenak zigortu egin dituzte, lagundu beharrean. Bideoa: Bateragune auziaren kronologia (Lara Madinabeitia, BerriaTB). [YouTube]https://youtu.be/PkhgrnN-BrI[/YouTube]

jon ordonez garmendia
2016ko martxoaren 1a
07:46
Entzun

Baltasar Garzon epailearen operazioak ez zuen zapuztu 2009ko urriaren 13an atxilotu zituztenek abiaturiko prozesua. Denbora tarte horretan, Bateragune auzian zigortuek zigor osoa bete behar izan dute (Rafa Diez espetxean da oraindik), Euskal Herrian konponbidearen alde pauso garrantzitsuak eman diren bitartean; besteak beste, ETAren borroka armatuaren amaiera.

2009

2009-10-13. Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Rufi Etxeberria, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez, Miren Zabaleta, Txelui Moreno, Amaia Esnal, Mañel Serra eta Ainara Oiz atxilotu zituzten, Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz, Batasunaren Mahai Nazional berria osatzea egotzita. Bateragune izena jarri zion Garzonek eratu nahi zuten egitura berriari. Ordu batzuk lehenago zabaldu zuten eztabaidarako txostena atxilotuek. Orain, Rafa Diez da polizia operazioan atxilotu zituztenetatik espetxean geratzen den bakarra.
 

2009-10-16. Otegi, Diez, Jacinto, Rodriguez eta Zabaleta kartzelatzeko agindu zuen Baltasar Garzonek. Etxeberria eta Oiz aske utzi zituen; Moreno, Esnal eta Serrari hamarna mila euroko bermea ezarri zien.

2009-10-17. Manifestazio erraldoia egin zen Donostian, atxiloketak salatzeko.

2009-10-20. Fase politikoaren eta estrategiaren argipena izenburuko txostena banatzeari ekin zion ezker abertzaleak.

2009-11-08. Prozesu demokratikoaren alde idatzitako gutunaren berri eman zuten bost zigortuek, kartzelatik.
 

2009-11-14. Ezker abertzaleak agerraldi jendetsua egin zuen Altsasun, prozesuaren oinarriak laburbildu eta borondateak biltzen zituen agiria aurkezteko. "Soilik bide politiko eta demokratikoak" erabiltzearen alde agertu zen Altsasuko Adierazpena deitu zen horretan.

2010

2010-01-25: Otegi, Diez, Moreno, Jacinto, Zabaleta, Rodriguez, Serra eta Esnal auzipetzeko autoa kaleratu zuen Garzonek.

2010-02-14. Zutik Euskal Herria adierazpena kaleratu zuen ezker abertzaleak, barne eztabaida amaituta. Altsasuko Adierazpenaren ildoak barneratu, eta indar bilketa independentistaren aldeko deia egin zuen.

2010-04-26. Auzitegi Nazionalak Rafa Diez aske utzi zuen behin-behinean, 30.000 euroko bermea ezarrita, "egoera pertsonal eta familiakoarengatik".

2010-06-20. Ezker abertzaleak eta EAk akordio estrategikoa izenpetu zuten.

2010-09-25. Gernikan Bake bidean, Aterabide demokratikoen akordioa izeneko agiria sinatu zuten politika, gizarte eta sindikatuetako 28 eragilek. Besteak beste, ezker abertzaleak, EAk, Aralarrek, Alternatibak, Abertzaleen Batasunak eta LABek. Gernikako adierazpena deitu zitzaion.

2011

2011-01-10. Su-eten orokor, iraunkor eta egiaztagarria aldarrikatu zuen ETAk.
 

2011-02-07. Sortu alderdia aurkeztu zuen ezker abertzaleak, indarkeria irmo errefusatuta bere estatutuetan.

2011-04-25. Angela Murillo Bateragune auzitik aparte uzteko eskaera atzera bota zuen Auzitegi Nazionalak.

2011-05-05. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak udal eta foru hauteskundeetan aurkezteko baimena eman zion Bildu koalizioari, kanpaina hasi eta minutu gutxi batzuetara, gauerdian.

2011-05-22. Bilduk Hego Euskal Herriko mapa politikoa irauli zuen udal eta foru hauteskundeetan.

2011-06-27. Bateragune auziaren epaiketa hasi zen. Euren apustua bide soilik politiko, baketsu eta demokratikoen aldekoa izan dela esan zuten akusatuek. Epaiketa uztailaren 7an amaitu zen.

2011-09-16. Epaia atera zen. Otegiri eta Diezi hamarna urteko espetxe zigorra ezarri zien Auzitegi Nazionalak —Diez hiru egunera espetxeratu zuten—, eta Jacintori, Rodriguezi eta Zabaletari zortzinakoa. Esnal, Moreno eta Serra absolbitu egin zituen. (Epaia)

2011-09-24. Epaia gaitzesteko manifestazio erraldoia egin zen Bilbon.

2011-09-27. Amaiur koalizioa osatzeko akordioa izenpetu zuten ezker abertzaleak, EAk, Alternatibak eta Aralarrek.

2011ko urria. Ezker abertzaleak Zutik Euskal Herria Zehazten adierazpena kaleratu zuen.

2011-10-17. Nazioarteko Bake Konferentzia egin zen Aieten (Donostia), eta hainbat neurri hartzea proposatu zuten Euskal Herriko eta nazioarteko hainbat pertsona eta eragile ezagunek. Aieteko Adierazpena  deitu zitzaion.

2011-10-18. Aieteko Bake Konferentziaren ebazpenari babes osoa eman zion ezker abertzaleak.

2011-10-20. ETAk amaitutzat eman zuen jardun armatua,

2011-11-20. Amaiur koalizioa Hego Euskal Herrian ordezkari gehien lortu zuen alderdia izan zen Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan. PPk Espainiako hauteskundeak irabazi zituen gehiengo osoz. Mariano Rajoy izendatu zuten presidente.

2012

2012-04-28. Ezkerreko alderdi subiranistek elkarlanerako konpromisoa sinatu zuten.

2012-05-09. ZIgorrak murriztu arren, zigor epaia berretsi zuen Espainiako Auzitegi Gorenak.

2012-06-22. Gorenaren erabakiaren aurka babes helegitea aurkeztu zuten Konstituzionalean zigortuek. Auzitegiak 11 hilabetera onartu zuen tramiterako.

2013

2013-6-04. Auziko mamiaz erabaki artean zigortuak aske ez uztea erabaki zuen Konstituzionalak.

2014

2014-5-05. Zigorraren hiru laurdenak beteta eduki arren, Konstituzionalak ez zituen aske utzi Zabaleta, Jacinto, Rodriguez eta Otegi. Ezta gero Diez ere.

2014-7-22. Babes helegitea atzera botata, Zabaleta, Jacinto, Rodriguez eta Otegi preso mantentzea erabaki zuen Konstituzionalak. Zigor osoa bete arazi zieten.

2014-10-26. Arnaldo Otegiren elkarrizketa BERRIAn: "Askapen prozesua estatuarekin adostu gabe egin beharko dugu".

2015

2015-04-26: Rafa Diezen elkarrizketa BERRIAn: "Ez da aldaketa sozialik izango burujabetza politiko eta ekonomikorik gabe"

2015-10-11. Miren Zabaleta, Sonia Jacinto eta Arkaitz Rodriguez aske gelditu ziren, sei urteko zigorra osorik beteta.

2015-10-17. Donostian manifestazio jendetsua egin zen Otegi eta Diez askatzeko eskatuz, prozesuaren alde.

2016

2016-01-28. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epaitegiak martxoaren 1ean ezarri zuen Otegi aske uzteko eguna, behin-behinean aske zela auzitegira sinatzera joandako egunak aintzat hartuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.