Osasun egoera ondo bidean, Frantziako Gobernuak uztailaren 10erako nahi du larrialdi egoera bertan behera utzi. Edonola ere, ohartarazi du hainbat murrizketak indarrean jarraituko dutela.
Martxoaren 24ean ezarri zuen larrialdi egoera Parisek, eta askatasun zibilen aldeko erakundeek eskatu diote ez luzatzeko uztailaren 10etik aurrera.
Larrialdi egoera kenduta ere, gobernuak hainbat eskumen gordeko ditu, lau hilabetez, besteak beste pertsonei eta ibilgailuei zirkulatzea debekatzeko, eta horien erabileran arauak ezartzeko, maskarak eramateko betebeharra, esaterako. Horrez gain, gobernuak aretoak, dendak eta bestelakoak ixteko agindua eman ahalko du, eta baita kalean eginiko elkarretaratzeak eta bestelako bilkurak mugatu edo debekatu ere.
Edonola ere, ezingo du konfinamendu zorrotzik ezarri. Horretarako, larrialdi egoera berriz ezartzeko dekretua beharko da.