Sauveur Bacho. Arberatzeko auzapeza, Batera-ko kidea

«Parisen gure mezua nola pasarazi, hori da gure problema handia»

Euskal lurralde elkargoari begira Ipar Euskal Herrian aitzinamendu anitz lortu bada ere, Sauveur Bachok dioenez, aldarri hori Parisen oraindik ez da «aski» entzuten.

BOB EDME.
Jenofa Berhokoirigoin.
Uztaritze
2013ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Deszentralizazioaren III. akta eztabaidatzerakoan, Ipar Euskal Herriko parlamentariek eginen dutena hurbiletik segituko du Sauveur Bachok (Donaixti, 1951): «Hemen errandakoak bihar Parlamentuan obratzea galdegiten diegu». Mezu hori eman du Ahoan bilorik gabe saioan.

Marylise Lebranchu Frantziako Deszentralizazio ministroak argiki erran du ez dela euskal lurralde elkargoaren aipamenik izanen deszentralizazioaren III. aktan. Zer diozu?

Azaroan Frantziako Estatuko auzapezen 95. kongresuan emandako erantzun berbera eman du Lebranchuk, ez duela egiturarik sortuko Euskal Herriarentzat, baina zabaltze tipi bat eginez laborantza munduari begira, Euskal Herriko Laborantza Ganbera (EHLG) aipatuz. Orduan politikari batzuk, handiek partikularki, kritikatu ninduten, Manuel Valls ondoan zuela postura argitzea galdetu niolako. Baina galderak pausatzen ahal ziren, eta burura jin zitzaidan galdatzeko mementoa zela. Erran behar da zenbait berriki jinik direla guregana, berriki konbertituak dira. Besoak zabalik hartzen ditut, baina ez dugu uste ukan behar konbertitze berriak izan direlako dena berehala ukanen dugula. Erroak biziki barna dira. Hollandek errana du Frantzia baturik gelditu behar dela, baina batasuna ez dela berdintasuna. Hori diote beti, baina mamitu behar denean izugarrizko tirabirak badira jakobinisten eta deszentralisten artean.

Baina Ipar Euskal Herrian gehienak lurralde elkargoaren alde dira.

Euskal Herrian aitzinatze inportantak izan dira, mundu politikoan kasik denak alde dira, populazioaren parte handi bat ere bai. Nola entzunaraziko dugu galde hori Parisen? Hori da funtsezko problema. Ez dakit nola gaindituko dugun hozka hori... Frantziaren osaketa desegiten ez duela utziko errana du Vallsek. François Mitterrandek guti gorabehera gauza bera erran zuen Baionan, 1984an. Hori dugu problema handia: nola pasarazi gure mezua, Parisen? Horretan ez gara oraino aski azkar, Parisen ez dugu aski indar. Korsikarrak edo bretoiak gu baino aise gehiago antolatuak dira. Lanean segitu behar dugu, eta gure ahotsa oraindik azkarrago entzunarazi behar dugu, konbertituak ez direnak konbertitzeko.

Gaia Senatuaren esku uzten duela erran du Lebranchuk. Zuzenketen bidez lortzea posible ikusten duzu?

Bakoitzak pentsatzen du pilota besteei igorriz hobeki irabazi lezakeela partida. Lege proiektuan gauzak argiki erranak izan balira hobe izanen zen, Ministroen Kontseilutik pasatako proiektu batek beste indar bat duelako parlamentura heltzean. Entzuten ditut senatariak eta diputatuak mintzo, ongi da, baina ageriko da bihar zer eginen duten Senatuan. Hemen errandakoak bihar Parlamentuan obratzea galdegiten diegu. Hor izanen delako azken hitza.

Hala ere, Deszentralizazioaren III. aktan Ipar Euskal Herriari buruzko atala sartzeko eskatu zenuten. Ez da egin. Izan hemen, izan Parisen, egiten ahal zen guztia egina izan da?

Indar politikoen onarpena lortzeko biziki gauza egin dela uste dut. Pentsatzen dut guhaurrek behar dugula gure ahotsa eraman Parisera. Beti izan da nire helburua, horrentzat nintzen Senatuan aurkeztu. Besteen gain konfiantza egiten dut, baina pentsatzen dut hobe litzatekeela guhaurrek eramatea gure ahotsa zuzenean Parisera. Bildu gara senatariekin, batez ere Europe Ecologie Berdeekin (EEB), baina gutxiengoan dira Parlamentuan. Menturaz, gehiago egiten ahalko zen, baina biziki egina izan da hala ere. Parisen behar dugu oraindik azkarrago izan.

Lebranchuk aipatu bezala, EHLG ofiziala lortzen bada, lorpen handia litzateke ala purruska bat?

Ez dakit, dena dela ez gara horretan. Urrats guztiak hartu beharko ditugu, baina galdu gabe hala gure helburua, hau dela Euskal Herriaren ezagupen politikoa. Azken 200 urte horietan eta, partikularki, azken 20-30 urteetan hori da galdatzen, eta geure helburua ez dugu ahantzi behar. Lebranchuk erran digu zerbait izanen dugula, ageriko da purruska ala zer izanen den. Baina, gaur-gaurkoz, ezin dugu erran baikortasun handian garela.

Dena dela, argi da Euskal Herritik luzatu aldarrikapen ezberdinei ezetza ematen dietela erantzun gisa. Nola eman daiteke buelta horri?

Gure lana segituz, esperantza atxiki behar dugu. Ikusi behar da bake prozesua nolanahi ere bururaino joanen dela, gauzak orain blokeatuak egonda ere. Baina, maleruski, biziki luze da horien lortzea, eta pentsatzen dut normala dela jendeen parte batek uste ukaitea sekula ez dugula lortuko. Baina behar dugu segitu. Gauza batzuk aitzinatzen dira, ETAk borroka armatua uzten zuela erranaz geroz, bide berriak ireki dira Euskal Herrian. Gauza horiek baikorrak dira, eta gure fedea eta esperantza atxiki behar dugula, aitzina joanen garela segur naiz.

Ikusiz Alderdi Sozialistaren joera, hauteskundeetan hala ere haiekin aliantzak egitekoaren aldekoa zara?

Nik ez dut alderdi politiko baten kartarik. Gure herrian talde ona gara, ideologia anitzetakoak eta elkarrekin ari gara lanean. Gero, Euskal Herrian, alderdi politikoek ikusiko dute, baina egia da memento batez beti badela eskuina eta ezkerra. Senatuan aurkeztu ginen, EEB eta RPS Herrien eta Eskualdeen Elkartasuna federazioaren artean batuz. Baina egia da, halaber, bigarren itzulia nahi baduzu irabazi norbaitekin batu behar zarela. Ez dut besteendako hauturik eginen, baina beti ezkerrekoa izan naiz, eta pentsatzen dut Euskal Herriko problemez gain jendarteko beste anitz ere badirela, bagenuke aitzinamenduen beharra.

Beraz. sozialistekin batzearen alde...

Bigarren itzulian badira hautuak egiteko. Eskuinarekin ez dut sekula egin, baina, bai, sozialistekin aliantza egitearen aldekoa naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.