Atxiloketak

Parisera eramango dituzte gaur Borrero, Plaza eta Garitagoitia ustezko etakideak

Herenegun atxilotu zituzten hirurak Pauen. Armak zituzten, Frantziako Poliziaren arabera, material informatikoa ere bazuten.

2009ko uztailaren 6a
14:09
Entzun
Herenegun Asier Borrero, Itziar Plaza Fernandez eta Iurgi Garitagoitia Salegi atxilotu zituen Frantziako Poliziak Pauen, Baionako komisaldegian dauzkate eta gaur eramango dituzte Parisera. Osteguna baino lehen epailearen aurretik igaroko dira. Inkomunikatuta daude.

Atxiloketaren unean armak zituzten, Poliziaren arabera, material informatikoa ere bazuten, eta Macieres auzoan atzeman zituzten, saltoki handi batetik irtetean.

Espainiako Poliziarekin elkarlanan egin zuen operazioa. Poliziak dio etakide bilatuenen artean zituztela hirurak.

ETAren Bizkaia komandako kide ohitzat jo dute Borrero (Getxo, Bizkaia; 24 urte) eta, besteak beste, Calahorran (Espainia) Guardia Zibilaren kuartelaren aurka bonba-autoa lehertarazi izana, Zarauzko (Gipuzkoa) ertzain etxearen aurka bonba jarri izana eta Bizkaian Balmasedan eta Derion PSE-EEren egoitzen aurka lehergailuz atentatuak egin izana leporatzen diote. Duela gutxi Montpellierren (Frantzia) tiroz Frantziako polizia bat zauritu zuten ekintzarekin ere lotu dute.

Plaza (Bilbo, 26 urte) ere, polizia iturrien arabera, Bizkaia komandako kide izan zen.

Garitagoitiari (Bilbo, 25 urte), berriz, Isaias Carrasco PSE-EEko zinegotzi ohiaren eta Inazio Uria enpresaburuaren hilketak egin zituen komandoko kide izatea egozten diote. Carrasco 2008ko martxoan hil zuen ETAk, Arrasaten (Gipuzkoa), eta Uria 2008ko abenduan, Azpeitian (Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.